1980ko hamarkadatik, Alia Syed errealitate pertsonal eta historikoetan oinarritutako filmak egiten aritu da, generoarekiko, kokapenarekiko, diasporarekiko eta kolonialismoarekiko harreman subjektiboa lantzen. Bere lanak filmaren eta egitura narratibo tradizionalen linealtasunari aurre egiten dio, geruzak eta errepikapenak erabilita, hau da, errealitatea eta fikzioa, oraina eta iragana uztartuz.
16 mm-ko bere lehen film laburrak 1980ko hamarkadako London Film-Makers’ Co-operative kooperatiban filmatu zituen, britainiar estrukturalismo eta materialismoaren eraginpean, eta 1978an Lis Rhodes-en Light Reading lanarekin hasitako obra feminista, abangoardista eta saiakeristikoen olatu suspertzaile baten erdian. Syedek bere obran bi ildo horiek uztartu bazituen ere (berarentzat ez ziren kontraesankorrak, ezta baztertzaileak ere), kooperatibaren inprimagailu optikoa identitateari eta irudikapenari buruzko gai kritikoak aztertzeko bitartekotzat erabili zuen. Jatorri galestar eta indiarrak izaki, arraza mistoko britainiar emakumea da Syed, Eskozian hazia. Arlo pertsonala irmoki politikoa zuen belaunaldi bateko kide izanik, bere filmak narratiba pertsonaletik aldentzen dira sarritan, memoria indibidualaren eta kulturalaren artean nahasmena sortzeko. Soinuaren eta irudiaren arteko erlazioek espazio filmikoa nola ireki dezaketen interesatzen zaio Syedi, eta bere alienazio-sentimenduekin lotzen diren justaposizioak nola sor ditzaketen.
Alia Syed 1964an jaio zen Swansea-n, Glasgow-en hazi zen, eta orain Londresen bizi da. Bere filmak nazioarteko erakundeetan proiektatu dira, hala nola LACMA, Moskuko Biurtekoa, Reina Sofía Arte Zentroa, Museo Nazionala, Hayward Gallery, Tate Modern, Tate Britain, INIVA, WKV Stuttgart eta Yale Centre for British Art. Atzera begirako hau da bere lan guztiak Espainian ikusteko lehen aukera. Mugimenduko irudiekin bost hamarkadako praktikaren ikuspegi orokorra eskaintzen du: ikasle garaiko lehen filmak, Unfolding (1986) eta Fatima’s Letter (1992), eta berriki ikusgai jarri dituen lanak, Snow (2019) eta The Dhabba (2025). Bi zatitan egituratuta dago: lehen proiekzioan, Alia Syeden 16 mm-ko lan aberatsaren aukeraketa bat aurkeztuko da eta, bigarren saioan, zinemagilearen asiar-eskoziar heziketaren adierazgarri diren eta azken hamarkadan egin dituen obrak izango dira ardatz. Syed bera egongo da proiekzioetan, baita Syeden filmei buruz idatzi duen Rebecca Jane Arthur zinemagile eskoziarra ere, lehenaren obrari buruz hitz egiteko. María Palacios Cruz aritu da komisario-lanetan, lehendik ere antolatu baititu Alia Syeden filmen atzera begirakoak Courtisane Festival (2019) eta Open City Documentary Festival (2021) zinema-jaialdietan, Alia Syed: Imprints, Documents, Fictions (2022) argitalpena editatzeaz gain.
María Palacios Cruz