Geratzen den hori
Aitor Gametxo Zabala, Espainia, 2025, 18 min, DCP, euskara, JBAG/I.
Aurkezpena Aitor Gametxo Zabala (zuzendaria) eta Margot Meccarekin (programatzailea).
Ama hil eta urte batzuetara, Aitor Gametxo esekitako oroitzapen batera itzuliko da, absentzia forma hartzen hasten den leku batera. Dolua, zainketak eta transmisioa jorratzen ditu filmak, eta memoria aktiboko eremu gisa ulertzen du zinema.
“Ni ate ondoan gelditu nintzan, geldirik, begira. Ez neban hurreratu nahi izan, ez neban irudi hura nigaz gorde nahi izan.”
Aitor Gametxo, orainetik eta ama hil eta urte batzuetara, oroimenean esekitako une horretara itzultzen da, oroitzapenaren eta ahotsaren irudiak lausotzen hasten direnean, amarekiko lotura eraldatzen hasten denean eta galera iritsi baino lehen ere existitzen hasten denean. Pelikulak absentziaren ondoren geratzen diren horiek deitzen ditu: objektuak, irudiak, oroitzapenak, gutxieneko keinuak, begiradak, etxeko espazioan bizitzen jarraitzen duten presentziak, eraztunak leunki jartzen dituzten eskuak, ama batek idatzitako ohar zaharrak: “Maite zaitut, ene haurra. Musutxo asko”.
Material eta narrazio-geruza desberdinen bidez, baina batez ere begirada arretatsu baten eta akonpainamendu sentikor baten medioz, Gametxok memoria lantzen du gauza hauskor eta aldakor gisa, inoiz finkatu gabea, sekula itxi gabea. Filma dramatismorik gabe eraikitzen da, keinu txikiei, gutxieneko ekintzei eta zaintzen eta laguntzen duen begiratzeko moduari erreparatuta, oroitzapenari irauteko lekua utziz.
Ekhiñe Etxeberria
Abortion Party
Julia Mellen, Espainia, 2025, 13 min, digitala, ingelesa, JBAG.
Aurkezpena Julia Mellen (zuzendaria) eta Margot Meccarekin (programatzailea).
Iragazkirik gabeko bakarrizketa izugarri dibertigarri batean, Julia Mellenek hogei urterekin bere abortua ospatzeko festa bat egin duela kontatzen digu, sinestizina dirudien bizilagun eta lagun talde bat bilduta Chicagon.
Hitz-jario zoro bat ateratzen da zuzendariaren lehen planotik, bere ordenagailuko kamerarekin filmatuta; koadroa mugitzen joaten da pantailatik, istorioaren dekoratua ezagutzen dugun bitartean: low-fi 3D modelo narras propio bat, bere etxea, patioa eta auzoa irudikatzen dituena. Paisaia digital horretan hitzorduak, txantxak eta detaile surrealistak pilatzen dira; egilearen mikrokosmosa zabaltzen da, kritikoa, ironikoa, gainezka egiten duena. Narrazioak eragindako plazerarekin, filmak aurre egiten die kanon estetikoei nahiz abortatzen duen emakume batekin lotu ohi dugun iruditeriari. Gaztaroaren ezinbesteko axolagabetasuna eta arinkeriarako eskubidea aldarrikatuz, Julia Mellenek film politikoa eraiki du barnetik, Ameriketako Estatu Batuetako gaurkotasunarekin, emakumeen ugalketa-eskubideen inboluzioarekin eta bertako gizarte desberdinkeriekin durundatzen duena: Mijaíl Bakunin pentsalari anarkistak esan zuen moduan, agian, «irri batek lurperatuko zaituzte».
Margot Mecca