Gizakiaren eta paisaiaren arteko harremanari buruzko meditazio intimoa, non historiaren eta memoriaren geruzak naturaren erritmoekin uztartzen dira. Herbehereen eta Kantabriaren arteko diptiko bat, non zuzendariek haien semeari ongietorria ematen dioten eta mendietako etxea berritzen duten, zinema eta bizitza igarotzen diren bitartean.
«Zer desagertu den ulertzeko, paisaian falta diren elementu guztiak izendatu beharko zenituzke». Film honetan bada munduarekiko halako lilura bat bere sorreratik. Lehen aldia balitz bezala ikusteko gonbita, baita bi aldiz ikusteko ere. Lau esku eta bi ahotsetara zuzendua (Gizonak, pantailan testuarekin gaztelaniaz; Emakumeak, bere ahots propioarekin nederlanderaz), badirudi haien bikote-harremanarekin (eta aita-amatasunarekin) paraleloan doala sortze-prozesua, gorabehera handiekin Herbehereetako lautada hostotsuen eta Kantabriako haranen artean.
Begirada arretatsu eta jakintsuarekin, lurra lantzean bezala, keinuak arakatzen dituzte, eta keinu horiekin gogora ekartzen dituzte paisaiaren memoria, haren pertzepzio-geruza desberdinak eta mendi bati, zuhaitz bati, lotzen dizkiogun oroitzapenak. Distantzia horri forma emateko, Anna nostalgiaz itzuli da bere haurtzaroko bideo analogikoko irudi batzuetara, aitak grabatuak. Proban jartzeko, Karlosek bizitzaren miraria erregistratu du kameraren hurbiltasunetik: Leo.
Haien metaforen eta ikusizko metonimien jolasa gorpuztu egiten da pantaila zatitua erabiltzeari esker, bi denbora ez ezik, bi paisaia kontrajarri, bi bizitza ere lotzeko. Desordenan harmonia bilatuz, entropiari bide emanez.
Antonio Miguel Arenas