Kukuaren kanta
Lergako biztanleak, Espainia, 2025, 30 min, DCP, gaztelania, JBAI.
Ziarraize
Auzperriko biztanleak, Espainia, 2025, 30 min, DCP, euskara, gaztelania, JBAI/G.
Aurkezpena Lergako biztanleak, Auzperriko biztanleak eta Ekhiñe Etxeberriarekin (programatzailea).
Aspaldi, zinema-estreinaldiak fenomeno sozial jendetsu bat zirenean, ikusleek zinema-aretoetara joan aurretik egiten zuten galdera nagusia aktore protagonistak zeintzuk ote ziren zen. Geroago, egileen politikak eragindako aldaketaren ondoren, galdera haren ordez beste galdera bat egiten hasi ziren, gaur egun ere egiten dena: nork zuzendu du filma? Bi premisa horiek albo batera utzita, zuzendaritza kolektiboa dago. Zuzentzeko modu horrek kanon tradizionalak indargabetu egiten ditu eta sorkuntza zinematografikorako eta erakusten den horretarako beste bide batzuk irekitzen ditu.
Kukuaren Kanta eta Ziarraize film laburrak Marina Lameirok, Garazi Erburuk eta Ione Ateneak sortutako Hiruki Filmak ekoiztetxearen ekimena dira. Bi film horiek bukatzen direnean, kredituetan egiazta dezakegu normalean ezarrita dagoena desegituratu egiten dela. Film horien zuzendari, gidoilari edo film horiek egiten parte hartu duten pertsona gisa dozenaka pertsonak sinatu dute. Horrek filmak nola hasi ziren pentsatzera garamatza: erabakiak partekatuta, adostuta, batzar bidez eta autogestionatuta hartu zirela. Zinemaren eta politikaren egitura horizontala da, zinemaren industriak duen egitura piramidal hertsiarekin bat ez datorrena. Filmaren protagonisten ahalduntze horrek askoz ere garrantzi handiagoa hartzen du filmatutako lekuengatik: Nafarroako herri txikiak, biztanle gutxi dituztenak (Lerga eta Aurizberri), normalean ikusezinak eta partekatzera eta elkarlanean aritzera ohituta dagoen komunitatea dutenak (hirietan hain ohikoa izaten ez den joera).
Kukuaren Kanta urtaroen erritmoaren eta munduaren amaiera iristearen inguruan harilkatzen da. Ziarraize filmean sorginen oroitzapena eta herriko emakumeen portaera misteriotsua azaltzen dira. Bi filmek zeluloidean jarri dute haien bizimoduen oroitzapena, haien kultura- eta gizarte-ondareak dokumentatuz; tokiko nortasunari buruzko hausnarketa kolektiboa egin nahian.