Naomi Uman zinema zuzendaria, artista bisuala, baserritarra eta abenturazalea da. Bakarrik egiten du lan, maiz zakur bat lagun duela, bere munduak eta besteenak esploratzeko. Espedizio horietan aurkitzen dituen altxorrak islatzen ditu film txikietan, margoetan, eskuz egindako arropetan, berak bildutako produktuekin etxean egindako jakietan eta, orain, bere lehen bideo proiektuan. Umanen pelikulak nazioarteko hainbat jaialditan eman dituzte: Sundance, Rotterdam, New York, San Francisco, e.a. Baita museoetan ere: Guggenheim, Smithsonian, Whitney, New Yorkeko Arte Modernoaren Museoa eta Mexikoko El Chopo eta Laboratorio Arte Alameda, adibidez. Gainera, bekak jaso ditu Creative Capital erakundearen, Rockefeller eta Guggenheim fundazioen eta Arterako Funts Nazionalaren eskutik. Azken bost urteetan, Naomi Uman Ukrainia erdialdeko landa herri txiki batean bizitu da, Uman hiritik gertu.
Josep M. Català Ikus-entzunezko Komunikazioan katedraduna da. Komunikazio Zientzietan doktorea Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan (UAB). Historia Moderno eta Garaikidean lizentziatua Bartzelonako Unibertsitatean. Master of Arts in Film Theory, Kaliforniako San Francisco State University unibertsitatean. Fundescoren saiakera saria “La violación de la mirada” obragatik, eta Irungo 27. Literatura Lehiaketako saiakera saria “Elogio de la paranoia” lanagatik. Zinema Historialarien Espainiako Elkartearen saria. "Imagen, memoria y fascinación: notas sobre el documental en España" obraren koeditorea eta honako hauen egilea da: “La puesta en imágenes: conceptos de dirección cinematográfica”, “La imagen compleja”, “La forma de lo real”, “Pasión y conocimiento” eta “La imagen-interfaz”. Irudiaren Estetikako eta Ikus-entzunezko Narratibako irakasle UABn. UABko Sortze Dokumentalen Masterreko zuzendaria eta Saiakera Zinema Sariaren zuzendari artistikoa. Gaur egun UABko Komunikazio Zientzien Fakultateko dekanoa da.
Joshua Siegel New Yorkeko Arte Modernoaren Museoko (MoMA) Zinema Saileko zaindari atxikia da. Hala, 90 erakusketa baino gehiagotan aritu da antolatzaile edo laguntzaile lanetan, besteak beste, hauetan: The New India (2009), Jazz Score (2008), Josiah McElhenyren Projects 84 (2007) (hiru horiek MoMAn) eta The Lodz Film School of Poland: 50 Years (1999); azken lan horrengatik, Poloniako Gobernuak Amicus Poloniae aintzatespena eman zion. Halaber, pertsonaia hauen inguruko erakusketa monografikoak egin ditu: Dziga Vertov (2011), Frederick Wiseman (2010), Spike Jonze (2009), Julien Duvivier (2009), Peter Hutton (2008), Michael Haneke (2007), Gregory La Cava (2005), Jem Cohen (2003), Olivier Assayas (2003), Jean Painlevé (2000), Errol Morris (1999) eta Marguerite Duras (1996). 2002. urtetik, Joshua Siegelek urtero egiten den To Save and Project: The MoMA International Festival of Film Preservation erakusketa antolatzen parte hartu du. Siegel Frederick Wiseman liburuaren (MoMA/Gallimard) koeditore da; liburu horretan Errol Morris, David Denby eta William T. Vollmannen eta beste hainbaten saiakerak bildu dituzte, baita Wiseman beraren saiakera batzuk ere.