Nicolas Philibert eta Patricio Guzmán, berriz ere Iruñean

Nicolas Philibert eta Patricio Guzmán, berriz ere Iruñean
Pic of Patricio Guzman''s Nostalgia de la luz.
2011/02/10
Zinema dokumentaleko bi zinemagilerik ospetsuenetakoak Punto de Vista zinema dokumentaleko jaialdian arituko dira: Nicolas Philibert frantsesa eta Patricio Guzmán txiletarra, hain zuzen.
Zinema dokumentaleko bi zinemagilerik ospetsuenetakoak Punto de Vista zinema dokumentaleko jaialdian arituko dira: Nicolas Philibert frantsesa eta Patricio Guzmán txiletarra, hain zuzen. Philibertek, zehazki, bere azken film luzea, Nénette, aurkeztuko du jaialdiari hasiera emanen dion saioan; hau da, hilaren 22an, Carlos III zinema-tokietan. Biharamunean, berriz, hilaren 23an, asteazkenean, Nostalgia de la luz filma emanen da; Guzmánen azken lana, alegia. Bi filmak 20:00etatik aurrera emanen dira.
 
Duela bi urte, Nicolas Philibert lehen aldiz etorri zen Punto de Vistara, ordura arte egina zuen lan bakarra Espainian aurkezteko (Retour en Normandie, 2006koa), bai eta saio magistral bat emateko ere. Lehen aldi hartan, frantses zuzendariak eta jaialdiak erabat jokatu zuten elkar hartuta; hori dela-eta, plazer hutsa da huraxe berriz ere gure artean izatea, Punto de Vistaren zazpigarren edizioa abian jartzeko. Horrela, film-emanaldian parte hartuko du, ikusleekin hitz egiteko.
 
Nénette orangutan-eme baten erretratua da; animalia Parisko Jardin des Plantes lorategiko zoologikoan bizi da, 1972az geroztik. Urteen eta bisitarien joan-etorrien ondorioz, Nénette gure proiekzioen pantaila gisako bat izatera iritsi da, eta gizon-emakumeok gure sentimenduak eta asmoak egokitzen dizkiogu, bai eta gure pentsamenduak ere. Nicolas Philibertek orain arte egindako film bakarrak modu paregabean bildu du zinema dokumentala ulertzeko filosofia bat, eta filosofia hori bat dator erabat Punto de Vistak daukanarekin. Nénette, aldi berean da erretratu intimoa eta historiaren nahiz gizartearen kronika, tradizio dokumentala eta berrikuntza linguistikoa, arrisku formala eta klasizismoa. Filmak aukera paregabea eskaintzen dio ikusleari Parisko zoologikoan izen bereko orangutanarekin bizitzeko eta harekin denbora partekatzeko; bitartean, inoiz ikusiko ez ditugun bisitarien, zaintzaileen eta beste gizaki batzuen ahotsek halako narrazio sotil bat marrazten dute.  
 
Iruñeko ikusleek, era berean, Patricio Guzmán izanen dute gogoan, 2002an Nafarroako ikus-entzunezkoen sorkuntza jaialdira etorri baitzen. Jaialdi hura egungo Punto de Vista jaialdiaren aurrekaria izan zen. Urte hartan, zehazki, zinema dokumentalari buruzko mintegi bat eman zuen. Oraingo honetan, berriz, Iruñera itzuliko zaigu Nostalgia de la luz filma kolkoan dakarrela, Cannesko iragan Jaialdian aurkeztutakoa; filmak, gainera,Europako Zinemaren 2010eko Sarietako bat irabazi du; dokumentalik onenari dagokion saria, hain zuzen ere. Guzmánen lana hilaren 23an, asteazkenean emanen da, 20:00etatik aurrera, Carlos III zinema-tokietan. Filma egiteko, Patricio Guzmán Txile iparraldera joan zen, Atacamako basamortuko lur idorretara, bi puntu bateratzeko: bi puntuok elkarrengandik oso urrun daude espazioan, baina oso hurbil zinemagileak oroimena lantzeko egiten ari den ahaleginaren ikuspegitik: batetik, astronomia, eta bestetik, Pinocheten diktadurak eraildako gorpuen bilaketa. Izan ere, teleskopio erraldoiez baliatuta, astronomoek zeruaren iraganari behatzen diote, eta behatu ere, beharbada egun existitzen ere ez diren izar batzuek igorritako argiari, eta aldamenean, hara, desagertutakoen amek eta emazteek lurrean aztarrika dihardute, hurbilenekoari begiratzen diote, herrialdearen eta bertako familien memoriaren bila. Bere sorterriko memoria eta historia aurretik ere landuak ditu, eta, horrekin bat, Guzmánek memoriaren bide setati eta nostalgikoan barrena gidatzen gaitu, betiere ez mendeku baten bila, adiskidetzearen bila baizik; Atacamako basamortuko zerua bezain argitsua den adiskidetzearen bila;  
 
Bi saioetan, hurrenez hurren, Philibert eta Guzmán arituko dira, nork bere lana aurkezteko eta ikusleekin hitz egiteko. Sarrerak Carlos III zinema-tokietan bertan daude salgai, 3 eurotan.

Zerrendara itzuli

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.