Punto de Vista jaialdian X Films proiektuaren hirugarren edizioa egingo da otsailean, 2012ko Punto de Vista nazioarteko mintegiaren barruan. Proiektu horren bidez, aurretik hautatutako artistek aurkezten dituzten film proposamenen artean bat hautatzen da. Iaz, hautatutako proiektua Vicente Vázquez eta Usue Arrietak osatutako weareQQ kolektiboaren Goitik behera, Behetik gora izan zen (ikusi trailerra).
Jaialdiak, X Films proiektuaren bidez, hautatutako errealizadoreari Nafarroan grabatutako ikus-entzunezko entsegua egiteko eskatuko dio. Horretarako, filmaren egileak Nafarroan egonaldia egingo du 2012ko martxotik 2013ko urtarrilera. Oraingoan Oskar Alegría, Diana Toucedo eta Jorge Tur deitu dituzte. Egileon proiektuak ikus-entzunezkoen arloko talentu berrien lanetan interesa duten hiru profesionalek aztertuko dituzte: Gervasio Iglesias, Eli Lloveras eta Félix Piñuela.
Gervasio Iglesias La Zanfoña Produccioneseko zuzendaria eta ekoizle eragilea da, eta aurretik errealizadore aritu zen TVEn eta Tele-Expon (Expo 92). Filosofia eta Zinematografia ikasketak egin ditu. Espainiako Zinema Akademiako kidea da. Besteak beste, film hauek ekoitzi ditu: 7 vírgenes (Alberto Rodríguez, 2005), Astronautas (Santi Amodeo, 2003), eta Embarcadero (Dani Cuberta eta Óscar Clemente, 1999). Era berean, telebistako programa eta telebistako fikziozko serie ugari ekoitzi eta/edo zuzendu ditu. Irakaskuntzan eta argitalpenetan esperientzia du eta berak egindako ekoizpenak munduko jaialdi nagusietan egon dira: Donostia, Berlin, Cannes, Venezia, Toronto, Karlovy-Vary, Tokio, Tesalonika, etab. Berak egindako filmek Espainiatik kanpo sariak jaso dituzte 40 alditan baino gehiagotan, eta 80 herrialdetan baino gehiagotan saldu dira.
Eli Lloverasek HAMACA bideo-zabalkunderako eta –banaketarako plataforma zuzentzen du. Arte Ederretan lizentziatuta dago. YProductions kulturaren esparruan ekoizpen-, kudeaketa-, ikerketa- eta trebakuntza-eginkizunak egiten dituen ekoizpen-etxearen sortzailea eta kidea izan zen. Urteotan jorratutako lan-ildoak hurrengo hauek dira: arte-ekoizpena, kulturaren ekonomia, kultura arloko lana, kultura-kritika, kultura-politikak eta kultura arloko berrikuntza. Gai horien guztien emaitza izan dira eztabaida-jardunaldiak, hala nola Estrategas izenekoa Bartzelonan, argitalpen-proiektuak, hala nola Producta50 eta Innovación en Cultura (2009, ed. Traficantes de Sueños), ikus-entzunezko proiektuak, besteak beste Bastante Tengo Conmigo Mismo, eta lan-egiturak, esaterako HAMACA.
Felix Piñuelak TVEko Versión española programa zuzentzen du. Kultura Ministerioak emandako Arte Ederretako Merituaren domina lortu duen telebistako lehenengo programa izan da. Informazioaren Zientzietan lizentziatuta dago Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta errealizadore eta gidoilari titulua lortu zuen Irrati eta Telebista Institutu Ofizialean eta San Antonio de los Bañosgo Nazioarteko Zinema eta Telebista Eskolan, Kuban. Ibilbide profesionalaren hasieran argazkilaria izan zen bidaia-agentzia baterako, eta gero film laburrak eta dokumentalak zuzendu zituen Espainia eta Latinoamerika artean. Paco Mateorekin Así se hizo Sansón idatzi zuen eta film luzearen gidoiari emandako Julio Alejandro saria lortu zuen Autor Fundazioaren eskutik.