Punto de Vista jaialdiaren zortzigarren edizioa Iruñean hasiko da datorren otsailaren 19an, asteartean. Inaugurazio ofiziala As Canções lanarekin egingo da, Eduardo Coutinho gonbidatutako izarretako baten azken filmarekin. Jaialdia ixteko, Dime quién era Sanchicorrota estreinatuko da, Jorge Tur-en lehen film luzea, 2012ko X Film Proiektuaren emaitza.
Abestiak inauguratzeko
Punto de Vista jaialdiaren 8. edizioa inauguratzeko ekitaldia datorren otsailaren 19an, asteartean, egingo da, 20:00etan, Saide Carlos III zinema-aretoetan, Eduardo Coutinho bertan dela. Berak egindako azken filma proiektatuko dute, As Canções, Espainian estreinatzen dena.
As Canções itxura sinplea duen filma da. Hamazortzi pertsonek, kameraren aurrean eserita, haien bizitzako abestiak abesten dituzte eta abesti horiei lotutako istorioak kontatzen dituzte. Bihotzeko istorioak dira, hausturei, berriz elkartzeei, traizioei, heriotzari, amaiera zoriontsuei buruzkoak. “Zertarako balio du musikak?”, galdetzen dio Coutinhok Queimadori, As Canções laneko pertsonaia gogoangarri bati: “Usainak daude, baina beti ez zaude usaintzen. Baina musika entzun egiten duzu, abestu egiten duzu, eta ziurrenik, horrela zerbait oroitzen duzu”. Zuzendariaren esanetan: “Musika metxa baten modukoa da, oroimena txeratsuago bihurtzen duena, eta hau sentimenduari buruzko filma da”.
Brasilen azken hiru hamarkadetako dokumentalista moduan aitortzen dute, eta jaialdiak omenaldia egiten dio. Coutinho, lan labur baina adierazgarriaren bidez, brasildarren ahotsaren bitartekari bihurtu da; etengabe aldatzen ari den herrialdearen lekuko sentimentala da, eta bere filmak espazio irekiak eta protagonistekin elkarbanatuak dira.
Bardeak amaitzeko
Jaialdia brasildarren oroimen sentimentalarekin inauguratzen da, eta leku bateko historiara beste hurbilketa oso partikular bat eginda amaituko da. Kasu honetan, Nafarroako Bardeetara. 2012ko X Film Proiektutik sortutako filmaren protagonista Bardeak dira: Dime quién era Sanchicorrota, Jorge Tur Alacanteko zuzendariarena. Filma XV. mendeko bidelapur ospetsu baten aztarnen bilaketa da. Bidelapurrak aberatsei lapurtzen zien txiroei emateko. Dime quién era Sanchicorrota, egiatan, iragana berreraikitzeko ezintasunari eta historiak gure inguruan agertzeko dituen askotariko moduei buruzko umorezko bilaketa da. Dime quién era Sanchicorrota otsailaren 24an, igandean, 22:00etan, proiektatuko da Saide Carlos III zinema-aretoen 3. aretoan.
X Films Proiektuaren bidez, Punto de Vista jaialdiak dokumentalista hasiberriei ikus-entzunezko sormen lana egiteko aukera ematen die Nafarroan entsegu formarekin. 2012ko X Films Proiektuko hautaketa batzordea hauek osatu zuten: Gervasio Iglesias (ekoizlea, La Zanfoña Producciones-eko zuzendaria), Félix Piñuela (TVEko Versión Españolako zuzendaria) eta Eli Lloveras (Hamaca bideo-banatzailearen zuzendaria). Batzordeak Jorge Turrek aurkeztutako proiektua hautatu zuen “apustu berezia egin zuelako kondaira eta orainaldia lotzeko sorpresaren eta umorearen bidez, inguruarekin eta pertsonaiekin enpatizatzeko gaitasuna duelako, eta zinemagileak bakardade isolatuenean ere altxorrak aurkitzeko konfiantza handia duelako".
Dime quién era Sanchicorrota lanaren aurrerakina hemen ikus daiteke.