Punto de Vistak otsailean egingo du X Films proiektuaren laugarren deialdia. Heterodocsias atalean kokatzen da, eta proiektuaren helburua da hiru errealizadore gazteek egindako proposamenen artean adituen batzordeak hautatutako ikus-entzunezko lana ekoiztea. Kasu honetan Greta Alfaro, Lois Patiño eta Francina Verdés autoreak deitu dira, eta proiektuak defendatu beharko dituzte ikus-entzunezko arloko hiru profesional hauek osatutako batzordearen aurrean: María Zamora, Marina Díaz eta Carolina López.
Marina Díaz Lópezek Cervantes Institutuko (Madril) Kultur Jardueren Sailean egiten du lan, zinemako eta ikus-entzunezko teknikari gisa, eta Espainiako zinearen nazioarte-mailako eta kultur arloko hedapenarekin lotutako kudeaketa-lana garatu du. Madrilgo Unibertsitate Autonomoko Azterketa zinematografikoak eta ikus-entzunezko kultura ikerketa-taldean parte hartzen du. Bi liburu argitaratu ditu Latinoamerikako zinearen inguruan Alberto Elenarekin batera, eta Espainiako zinearen historiari buruzko bibliografia zabala du edizio-liburuetan eta aldizkari espezializatuetan.
Carolina López, gaur egun eta 2005. urteaz geroztik, Xcèntric-en zuzendaria da; hots, Bartzelonako CCCBko zine esperimentalaren programarena. Halaber, Animac-en egungo zuzendaria da, Kataluniako Animazio Zinearen Nazioarteko Erakusketarena; 2001 eta 2002 urteetan ere zuzendu zuen eta berriro kargu horretan da 2012az geroztik. MACBA eta Bilboko Guggenheim museoarentzat zine-zikloak komisariatu ditu, eta Artfutura Show-n parte hartzen du. 1993 eta 2004 urte artean, Sitgesko Zine Jaialdiko Anima´t atala zuzendu zuen. Errealizadorea ere bada, eta animazioko hainbat film eta laburmetrai eta dokumentalak zuzendu, beste batzuekin batera zuzendu eta ekoiztu ditu.
María Zamora lanean hasi zen Avalon D.A banaketa-etxean 2001eko urtarrilean. 2007. urtean, Stefan Schmitz-ekin batera, Avalon P.C. produkzio-etxea sortu zuen, eta, egun, Avalon D.A.ren ohiko lankidetza du, FILMIN zine independentearen eta sozialaren banatzailearena. Gaur egun arte hainbat film labur eta luze ekoiztu ditu, estatu-mailakoak nahiz nazioartekoak. Ekoizpen-lanen artean, Mapa aurkitzen da, Leon Siminianiren lehen film luzea. Era berean, Beatriz Sanchisen Todos están muertos film luzea prestatzen ari da; haren La clase (Goyarako izendatua 2009an) eta Mi otra mitad (Berlinale 2010) film laburrak ekoiztu zituen.
Iaz, adituen batzordeak Jorge Tur-en Dime quién ere Sanchicorrota proiektua hautatu zuen (ikus hemen aurrerakina). Proiektua Punto de Vistaren zortzigarren edizioan estreinatuko da.