Josetxo Cerdanen etapa amaitu da eta, datozen lau urteetan, Oskar Alegria arduratuko da Punto de Vista Jaialdiko zuzendaritza artistikoaz. Jaialdiak, beraz, zuzendaritza bikoitzaren politikari eutsiko dio: zuzendaritza artistikoa (aldian-aldian aldatuko da) eta zuzendaritza betearazlea izango ditu. Aldi berri honetan Ana Herrera izango da zuzendari betearazlea; lehen ere lan horretan aritua da, 2005etik 2010era. Jaialdia Nafarroako Gobernuak antolatzen eta finantzatzen du, INAAC Fundazioaren bitartez.
Punto de Vista Jaialdiaren barruan, 2014ko otsailean nazioarteko mintegi bat egingo da (laster emango dugu aditzera zein egunetan).
Oskar Alegria (Iruña, 1973)
Kazetaritza ikasi zuen eta Madrilen hasi zen lanean erreportari gisa, Canal+ eta CNN+ kateetako albistegietan. Programa kulturaletako erredaktore eta literaturari buruzko saioen koordinatzaile ere izan da, Telemadriden (Los cinco sentidos) eta Euskal Telebistan (Sautrela). 2010ean bost dokumentaleko sail bat egin zuen ETBrako, “Sukalde maisuak”, Arzak, Subijana, Aduriz, Berasategi eta Arbelaitz sukaldariekin.
El Pais egunkariak hamar urte baino gehiago daramatza haren bidaia-erreportajeak El Viajero gehigarrian argitaratzen. Alegria, gainera, “Las ciudades invisibles” argazkilaritza-proiektu artistikoaren egilea da; Enrique Vila-Matas idazleak bermatu du proiektu hori, eta esan du Alegriak “Marco Polo garaikide baten ikuspegia” duela. Arlo akademikoari dagokionez, dagoeneko bost urte egin ditu Nafarroako Unibertsitateko Ikus-entzunezko Gidoien masterreko dokumentalen modulua koordinatzen eta modulu horretako eskolak ematen. Gainera, Chillida-Leku Museoko haurrentzako Argazkigintza Abstraktuko Tailerra zuzendu du.
Alegriaren lehen film luzea, “Emak Bakia etxea” (Man Rayk oporraldia igarotzen zuen eta Emak Bakia zinepoema filmatu zuen Biarritzeko etxeari buruzkoa) Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi atalean estreinatu zuten 2012an eta urte betean 25 jaialditan eman dute, Morelia, Telluride, BAFICI, FICCI Cartagena de Indias, DOC Lisboa, San Francisco International Film Festival, DOXA Vancouver, Shangai International Film Festival eta Sydney International Film Festival jaialdietan, besteak beste. Gainera, filmak lau usari jaso ditu: film onenaren saria Limako FIACIDen, ohorezko aipamena Montrealgo RIDMen, aipamen berezia Patagoniako PAFIDen eta dokumental onenaren saria (ex aequo) Nanteseko CINESPAGNOL jaialdian. Iruñan azken Punto de Vista Jaialdiko saio berezi batean aurkeztu zuten eta, aldi berean, “Emak Bakia, aurkitutako objektuak” erakusketa antolatu zuten Kondestable Jauregian.
Duela gutxi, Variety aldizkariak, Cannesko jaialdiari buruzko ale berezian, Oskar Alegria Espainiako etorkizun oparoko 10 zinemagileen zerrendan sartu du. Hona hemen Alegriaren lehen film luzeari ongietorria egin dioten pertsona ospetsu batzuk esandakoak:
John Banville: “Zer da, poema edo filma? Nik uste bi gauzak direla”.
Frederic Beigdeber: “Hunkigarria eta zoragarria da, magia saio handi baten modukoa”.
Victor Erice: “Film honek Man Ray liluratu egingo zuen”.