Nafarroako Punto de Vista Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdian atzera begirako hiru programa izango ditugu ikusgai, eta horietako bat Margaret Caroline Tait (Kirkwall, Eskozia, 1918-1999) zinemagileari buruzkoa izango da. Dagoeneko 9. edizioa du jaialdiak, eta 2015eko otsailaren 10etik 15era ospatuko da Iruñeko Baluarte entzunaretoan. Punto de Vista jaialdiko atzera begirako beste zikloetako bat uharteen ingurukoa izango da.
Margaret Tait olerkari eta zinemagilea Eskozia iparraldean, Orkadetako uharte txiki batean jaio eta hazi zen, eta bere ibilbide zinematografikoa bat dator bere bizitzaren paisaiarekin. Edinburgoko Unibertsitatean matrikulatu zen eta han eskuratu zuen Medikuntzako lizentzia (1941). Gero Erromara joan zen eta, han, zinema-ikasketak egin zituen Centro Sperimentale di Cinematografia ikastetxean. Italian ikasketak amaitu ondoren, Tait Eskoziara bueltatu zen eta produkzio-etxe bat sortu zuen: Ancona Films. 60ko hamarkadan, Taitek Orkadetako uharteetako paisaia eta kultura inspiraziotzat hartuta filmak egiten jarraitu zuen. Guztira 32 film labur eta film luze bat, Blue Black Permanent (1992), egin zituen. Horrez gain, Taitek prosa eta olerkiak idatzi zituen, baita hiru olerki-liburu argitaratu ere: Origins and elements, The Hen and the Bees: Legends and Lyric etaSubjects and Sequences: A Margaret Tait Reader.
Proiektuak autofinantzatu egiten zituen eta zinema erabat libre eta arau ofizialik gabea egiten zuen, Punto de Vista jaialdian urtero biltzen saiatzen garen zinema-mota, alegia. Gauzak horrela, Punto de Vista jaialdiaren 2015eko edizioan antolatu dugun atzera begirako erakusketan denetarik izango dugu ikusgai: animazio-pelikula abstraktuak, batzuk eskuz margotuak; olerkarien eta bidaia-lagunen erretratu labur eta zehatzak; eta, batez ere, paisaien taupadak eta bizi-eremuen arnasa harrapatzen duten pelikula gehienak.
Bere pelikulek zirriborro-itxura gehiago dute, amaitutako filmena baino, eta hasiera bitxiak dauzkate: Happy bees filma haurtzaro zoriontsu baten abestiarekin hasten da, eta Land Makar urtaroaren joanarekin, uharte bateko landetxe batean. Etapa horren ondoren, Edinburgon igaro zituen urteetan, hiri-erretratuak filmatu zituen; zinema burumakurragoa egin zuen, gehiago erakutsi zuen zorua, zerua baino. Horren adibide dira, besteak beste, Rose Street eta Where I am is here. 60ko hamarkadan uharteetara bueltatzea erabaki zuen eta, azken etapa horretan, hirugarrenean, geografia hura sentitu eta filmatu zuen, baita hainbeste interesatzen zitzaizkion hiritik landa-eremurako jauziak ere. Horren erakusgarri dira, adibidez, The drift back filma eta Aspects of Kirkwall saila.
Margaret Taitek bere filmak azaltzeko gehien errepikatzen zuen esaldia biziki gustatzen zitzaion Lorcaren ideia bat zen; Lorcak esaten zuen, hain zuzen ere, olerkariak “irudiaren zelatan” egon behar zuela beti. Zinemagile eskoziarrak ondo baino hobeto gauzatu zuen bertso hori, bazekielako ehiza bisual hori ez zela begiekin egin behar, beste leku zehaztugabe eta barru-barrukoago batetik baizik, biriketatik gertu dagoen toki batetik, han sentitzen baita arnasten den bezala filmatzen dela.
Atzera begirako programa horien asmoa da jendeari zinemaren gainean hausnartzeko eta ezaupideak gehitzeko gonbit egitea; hori, zinemaren memoriaren zeharkako eta gaurkotasunaz haragoko ikuspegiarekin. Horregatik, hasiera-hasieratik, jaialdiak lasai aztertzeko izen, korronte, herrialde eta joerei ireki dizkie ateak: Raymond Depardon, Jem Cohen, James Benning, Japoniako mila urteetako zinema, saiakera-zinema eta dokumental faltsuak.