Datorren urtean Orson Welles jaio zela ehun urte beteko dira. Horregatik, Punto de Vista Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren 9. edizioan (otsailaren 10ean hasi eta 15ean amaituko da), gonbidatu berezi bat izango dugu: zuzendari estatubatuarrak Iparraldean egindako dokumentaletan gidari izan zuen haurra, hain zuzen ere; dokumental horiek 1955ean egin zituen, BBC kateko Around the world sailerako. Chris Wertenbakerrek, 11 urteko mutiko ilehori eta begi argidunak, 11 urte zeuzkan garai hartan, eta Ziburun bizi zen, Donibane Lohitzune parean dagoen kostako herri txiki batean; hark egin zion lagun Kane hiritarra filmaren zuzendariari Atlantikoaren eta Pirinioen arteko mugan egin zuen bidaldian. Chris Wertenbaker New Yorken bizi da orain, eta handik etorriko zaigu, espresuki, Iruñean pelikulari buruzko hitzaldi bat ematera, Bernardo Atxaga idazle euskaldunarekin batera.
Orson Wellesek Iparraldeari buruz egindako dokumentalek Pays Basque I (The Basque Countries) eta Pays Basque II (La Pelote Basque) dute izena. Wellesek euskaldunen idiosinkrasia irudikatu zuen, Ziburuko arrantzale-herrixkako ohiturak eta tradizioak oinarri hartuta; izan ere, hilabete batzuk lehenago hildako Charles Wertenbaker lagunaren familiari bisita egiteko asmoarekin joan zen Ziburura. Charles Wertenbaker Time aldizkariko nazioarteko editore garrantzitsu bat izan zen; 1942an hasi zen lan horretan, eta Bidegain dorrean jarri zuen estudioa, Sokoa eta Ziburuko portu gaineko mendiaren tontorrean, euskal itsasgizonek badian baleak sartzen ote ziren ikusteko baliatzen zuten talaian. Charlesek asko maite zuen Iparraldea, eta semeak, Chrisek, oinordetzan hartu zuen sentimendu hori. Hala, Chrisek gidari-lanak egin zituen pelikulan: pilota-jokoaren, euskal dantzen eta mugako bizimoduaren sekretuak kontatu zizkion Orson Wellesi. Wellesek Dantxarinea eta Etxalarko usategiak aukeratu zituen, besteak beste, filmak grabatzeko. Halaber, Chris Wertenbakerren amari (hura ere kazetaria eta idazlea zen) elkarrizketa luze bat egin zion familiaren etxeko lorategian; Ainara etxea urtetan izan zuen familiak errentan hartuta, kostaldean zegoen, Maurice Ravelen jaiotetxetik oso gertu.
Wellesi inguruko altxorrak erakutsi zizkion haurra loratutako gereziondoetan gora igota ageri da filmean, txikitako lagunekin, baita Haurrak ikas zazue abesten ere, eszena batean. Chrisek, handitan, neuroftalmologo gisa lan egin du New Yorken, eta musikazaletasunari eutsi dio: gaur egun Port O'Monkeys taldean gitarra jotzen du eta flamenkoa izugarri gustatzen zaio; gainera, ekialdeko hari-instrumentuetan aditua da.
Programa bikoitz honetan, beraz, aipatu bi dokumentalak jarriko ditugu, eta Orson Wellesek garai hartako Iparraldearen gainean zer iritzi zuen jakingo dugu; haren hitzetan, “eremu hartan elezahar ugari daude eta hizkuntza misteriotsu batez hitz egiten dute”.