Stories we tell Sarah Polleyren azken pelikula da, aktore eta zuzendari kanadarraren proiekturik pertsonalena, familiaren historian murgiltzen baita. Gertuko jendea elkarrizketatuz, aitak idatzitako lekuko baten bitartez eta Super 8 formatuan berregindako benetako home movie batzuekin, Sarah Polleyk familiaren enigma handi baten erantzuna bilatu nahi du, eta familia-kontakizuna mosaiko xume batean irudikatzen du, maisutasunez. Elkarrizketetan oinarritutako dokumental honetako azaleko gaia amaren desleialtasuna da. Gai sakonago bat jorratzen du, ordea: nor da gure oroimenaren eta oroimen horren alderik ilunenen jabea?
Sarah Polley haur zela hasi zen aktore-lanak egiten eta, beraz, aktore-ibilbide luzea dauka. Atom Egoyan zuzendariarekin egindako pelikulak dira garrantzitsuenak. Exótica (1994) pelikulan bigarren-mailako aktore izan zen, eta El dulce porvenir (1997) filmean kritikarien eta ikusleen arreta deitu zuen. Sarah esanahi politiko eta sozialeko pelikulak egiten saiatu da beti eta, beraz, gehiago ibili da sektore independentean, komertzialean baino. Film hauetan ikusi dugu: Viviendo sin límites (Doug Liman, 1999), Amanecer de los muertos (Zack Snyder, 2004) eta Isabel Coixeten bi lanetan, aktore protagonista gisa, Mi vida sin mí (2003) eta La vida secreta de las palabras (2005) pelikuletan, hain zuzen ere.
Aktore kanadarrak zuzendari gisa egindako lehen film luzea Lejos de ella (2007) izan zen; drama hori Atom Egoyanek ekoiztu zuen eta Julie Christie izan zen aktore nagusi. Cannesko jaialdiko epaile izan zen eta jaioterriko zinema-industriaren defendatzaile sutsua da.
Saioa izango da hurrengo 24an, 20.etan. Argibideak eta sarreren salmenta: www.filmotecanavarra.com