Punto de Vista Jaialdiak bere IX. Edizioan Margaret Tait eskoziarraren obrari eskainiko dion zikloa zinemagile horrek egindako 32 film laburretatik 19 filmek osaturik egongo da; horrela, bere filmografiaren zatirik handiena hartuko du. Hiru programatan banatuta (Erretratuak, Paisaiak eta Olerkiak), atzera begirakoa Tait-en bizitzako garai desberdinetan oinarrituko da: kamerarekin eta zeluloidearekin lehenengo saioak; Erroman, zinema esperimentalean trebatzeko, egindako egonaldia; Edinburgon igaro zituen urteak –hiri horretan finkatu zuen bere artisau ekoizpen-etxea: Ancona Films – eta bere jaioterrira, Kirkwall-era, Orkadak uharteko hiriburua, Ozeaniko Atlantikoan, behin betiko itzulera.
ERRETRATUAK programak honako izenburu hauek biltzen ditu: Calypso (1955), zeluloidean zuzenean eskuz margotutako bere lehenengo filma; Hugh MacDiarmid (1964), olerkari eskoziar horren azterketa iruditan; Three portrait sketches (1951); Land makar (1981); John MacFadyen (1970); Colour poems (1974) eta A portrait of Ga (1952) film labur ospetsua; bertan, zinemagileak bere ama erretratatzen du modu libre eta musikalean edota, Tait beraren hitzetan, “zinematik kanpoko gramatika batekin, planoak, batzuetan, gaika lotuz, beste batzuetan, koloreka eta, noizbait, mugimenduaren arabera”.
PAISAIAK azpi-zikloan, lekuak –eta bertan egotearen sentsazio beteak– hartzen du protagonismoa. Tait-en haurtzaroko paradisu galdua Happy bees (1955) filmean birsortzen da eta The Orquil burn (1955) filmean, gehien kontatutako filma, Orquil errekari buruzkoa, urak markatzen du muntaiaren erritmoa, kamera, ur gaineko azalera baten gainetik lekualdatuko balitz bezala, ibaiaren ibilbidea erregistratzen entretenitzen den bitartean. On the mountain (1974) filmak uharteko paisaia hori abandonatzea irudikatzen du Edinburgoko hiriko asfaltoa zapaltzeko. Eta The look of the place (1981) filmak zinemagilearen jaioterrira, Kirkwall-era, behin betiko itzulera irudikatzen du, aurrerapenak aurpegia garbitu diola dirudien herrira. Amaitzeko, A place of work (1976) filmak Margaret Tait-en bizitzako lehenengo eta azkeneko lekura itzultzen gaitu: haurtzaroan bizi izan zeneko etxera eta, urte batzuk beranduago, bere laneko estudio bihurtuko zenera. Eraitsi baiezean egon zen etxea. Zuzendari honen beste etxe-aldaketa film bat da, egonlekuak kamera eskuan duela agurtzera ohitua, zeluloidean oroimenerako irudiak metatuz.
Atzera begirakoa bere OLERKIEKIN amaitzen da, izenburuen bilduma bat, Tait-en kasuan poesia argitaratutako bere hiru liburutako bertsoetan nahiz bere zineman, guztiz librea eta autofinantzatua, aurki daitekeela agerian uzte dutenak. Azken programa honetan, Where I am is here (1964) osatzen duten zazpi olerki filmatuak ikusi ahal izango dira: Eclipse (1973) filmeko hiru minutu laburrak; All these new relations (1955) heldutasunaren filma; Aerial (1974), beste behin ere musika-pultsua egiturari gailentzen zaio bertan; Garden pieces (1988), lorategia gaitzat harturik filmatutako olerkien triptikoa; eta My room Via Ancona (1951) eta These walls (1974), gela utzi aurreko minutuetan bere azken arnasketak ahitzen dituzten bi film.