Postal zahar bat da, 1910ekoa, eta bertan adaburu oparoko zuhaitz bat, errota bat eta bi pertsonaren soslaia ikusten dira, azken horiek irudi osoaren eskala adierazten dutenak. Eta lasaitasun horren erdian, bat-batean zuhaitzaren adaburua bizirik dago, eta haizeak kulunkatzen du, argazkiaren gainerakoa iraganean izozturik jarraitzen duen bitartean. Ikusizko jolas horrekin sortu dugu Punto de Vista Jaialdiaren hurrengo edizioaren sarrera. Bideo hipnotiko bat, X. edizioko gai zentrala ezin hobeki islatzen duena: denbora. David Claerboutek egin du, diziplina arteko artista belgikar batek, denboraz etengabe hausnartzen duena museo handietan eta arte zentroetan instalazio gisa erakusten diren pelikuletan. Punto de Vista Jaialdiak proiekzioen abiapuntu gisa emanen duen pieza Claerbouten iraupen luzeko bideo-instalazio baten pasarte bat da: Ruurlo, Borculoscheweg, 1910, 1997.