Jaialdiaren urteroko maiztasuna eta egoitza berria sendotuta, Jean-Daniel Polleten ziklo bat programatuko du eta La Région Centrale filma proiektatuko du, Michael Snow bertan dela
Nafarroako Punto de Vista Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren X. edizioa eginen da 2016ko otsailaren 8tik 14ra. Horrenbestez, urteroko maiztasuna izaera finkatu du, eta jardueren egoitza bakarra Baluarte izanen da aurten ere, Nafarroako Biltzar Jauregia eta Auditorioa. Hamargarren urteurrena ospatzeko, Punto de Vista jaialdian denboraren kontzeptua izanen da atzera begirako tematikoa; Jean-Daniel Pollet zinegile frantsesaren ziklo bat programatuko du eta pelikula mitiko bat proiektatuko du, La Région Centrale, zeinaren zuzendaria, Michael Snow kanadarra Iruñera etorriko baita.
Krisia dela eta, zenbait urte zalantzaz beteta eman ondoren, jaialdia urterokoa izatera itzuli zen 2015ean, eta maiztasun hori sendotu eginen da 2016an. Izan ere, jaialdiaren historia osoan 2015ekoa izan da nazioarteko bisitari gehien erakarri dituen edizioa, ikusle gehien izan dituena eta hedabideetan presentzia handiena izan duena.
MICHAEL SNOW (LA RÉGION CENTRALE)
Michael Snow zinegile kanadar handia Punto de Vista Jaialdiaren urteurreneko gonbidatu nagusietako bat izanen da. Jaialdiak hasieratik hartu zuen haren pelikula mitikoenetako baten izena jaialdiko atal esperimental eta berritzaileena izendatzeko, zuzendari honen zinema motari omenaldia egiteko. La Région Centrale aterpe bat izan da jaialdian Snow-ren beraren zinematik gertuen dauden proposamenak hartzeko; zinema honek bere buruaz ere galdetzen du, bere funtsetik bertatik, eta ardatza da Punto de Vista jaialdiaren espirituan eta filosofian.
Izen hori hartu genuen azken edizioan Sekzio Ofiziala izendatzeko, La Region Central izenaz ezaguna gaur egun, forma eta eduki berrien ausardia eta esperimentazioa lehia nagusian aurkezten diren pelikulekin uztartzeko asmoarekin. Horregatik, Michael Snow-ren filma Punto de Vista Jaialdiaren 10. ediziorako oparirik onena da; jatorrian omenaldi gisa jarritako titulua izan zen, eta urtebetetze honetan ospakizunetarako pelikula bat izanen da, edizio berrian toki benetan berezia izanen duena. Are gehiago, egilea, Michael Snow, Iruñera etorriko baita filma aurkeztera eta masterclass bat ematera pelikula ikusi eta biharamunean.
Michael Snow (Toronto, 1928) arlo askotako proiektuak egin ditu: eskultura, pintura, argazkigintza, holografia, instalazioak, liburuen argitalpena, bideoa, zinema edo musika, eta zinea egiteko bere modu berezian diziplina horiek guztiak laburbiltzen ditu. Etiketa bakar batean definitzea ezinezkoa izanik, begirada eta proposamen muturrekoa eta independentea du, bizirik dagoela kultuko zinegile bihurtu dutenak, merezimendu handiz. Sari ugari jasoa da, besteak beste Frantziako Arte eta Letren Ordenako Zalduna (1995) da, eta haren lana New Yorkeko MoMAko edo Parisko Georges Pompidou zentroko bildumetan dago.
La Région Centrale (1971) monumento zinematografiko apartekoa da, eta, beraz, 2016ko Jaialdiaren emanaldi berezietako batean ikusiko dugu, Punto de Vista zinemaldiko aretorik onenean: Baluarteko Ganbera Aretoan, proiekziorako baldintzarik onenekin eta 444 ikuslerentzako tokiarekin. Gure herrialdean oso gutxitan ikusi den eta dagoeneko mitiko bilakatu den film honetan ez dago ekintza fisikorik ezta gizakiaren presentziarik ere, naturaren eta makinaren arteko jolas sekulakoa besterik ez gure begien aurrean. Filmerako propio asmatu eta eraikitako kamera batekin egin zen, norabide guztietan mugi daitekeen tramankulu bat: horizontalean, bertikalean, aldeetara edo espiralean, pelikula etengabeko mugimendua da, espazioan barna, basamortu batean, Québec-eko probintzian, Sept-Iles-etik 150 kilometro iparraldera: ordoki moduko bat da, zuhaitzik gabekoa, inguruetako mendien ikuspegi zirkular zabal batera irekia. Hori ikustea esperientzia historikoa da, oroimenean zinemaren mugarri bat ezartzen duena, ahantzezina eta liluragarria.
TEN YEARS OLDER ATZERA BEGIRAKOA
Jaialdiaren hamargarren urteurrena dela eta, aurtengo atzera begirakoak denbora izanen du gai nagusi, hain zuzen ere zinema dokumentalak bere lehengai eta kontzeptu nagusietako ezartzen duen harremana eta jolasa: Denbora. Argi dago pelikula guztiak denboraz eginik daudela, eskulturak brontzez edo buztinaz eginik daudela diogun bezala, baina pelikula batzuek beste batzuek baino denbora gehiago dute, eta horietaz arduratuko da ziklo hau, bertan eginen zaie toki. Pelikula batzuetan tik-tak hori ozenagoa da, unean unekoaz eta betierekoaz hausnarketa zuzenagoa eskaintzen diguten proposamenak, betiere jakinik Denbora atzemanezina dela hitzen mundutik, San Agustinek zioen moduan. Irudien mundutik ere, beharbada.
Zinema eta denbora elkarrizketan aritzen dira, dantzan, eta, batzuetan, borrokan. Aipatutako hurbilketa guztiak aztertuko dira Ten years older izena daraman zikloan, Punto de Vista jaialdiaren urtebetetzeari aipamena eginez eta omenaldia, berriz, Herz Franken film handiari; zuzendaria Iruñeko jaialdira etorri zen 2007an, harribitxi bat aurkeztera, txotxongilo ikuskizun baten aurrean hamar minutu zahartzen den ume baten aurpegiaz egindakoa.
Ten years older zikloko pelikuletan aurrenekoz filmatu eta hainbat urtetara berriz bisitatzen diren tokiak edo gaiak agertzen dira; gizakiaren adinen igarotzea erakusten duten filmak, eta zinemaren adinaz beraz hausnartzen duten beste batzuk; bizitza toki zehatz batean lau urtaroetan erakusten duten dokumentuak, edo planoaren iraupenarekin, flashback-arekin, errepikapenarekin, elipsiarekin eta zinemak denbora harrapatu eta menperatzeko erabiltzen dituen beste arma batzuekin esperimentatzen duten filmak.
POLLET. ETXEA ETA MUNDUA
Jean-Daniel Pollet (1936-2004) Frantziako XX. mendeko bigarren erdialdeko zinemako sekretu gordeenetako bat da. Bere lehen film laburra, Pourvu qu’on ait l’ivresse, Veneziako Jaialdian saritu zuten 1958an, eta Jean-Luc Godard-en iritziz egiazko zinegile baten sorrera ekarri zuen. Hogeita bat urte zituen. Esploratzaile nekaezina, estreinako esperimentu harrezkeroztik -begiradekin kontatutako historia bat, bere aktore kuttuna Claude Melki protagonista zuena- egindako proiektu berri bakoitza forma zinematografikoari buruzko hausnarketa berezi bat izan zen, gai sorta mugatu baten berrikuspen etengabearen barruan; gai horien artean Greziak ardatz lana egiten du.
Frantziatik kanpo, zinemazaleek pelikula batengatik diote miresmena Polleti: Méditerranée (1963), luzera ertaineko pelikula bat, harrigarria, obsesiboa, irudia hitza eta sekuentzia esaldia duen bilaketa formal batean oinarrituta. Mediterraneoari eta haren kulturei buruzko film bat, biziaren eta heriotzaren inguruko irudi erritualak erabiliz eraikia, irudi errepikatuak eta konbinaketa berrietan berrantolatuak, alfabeto filmiko berri baten bila. Cahiers du cinema aldizkarian txosten berezi baten gaia izan ondoren, pelikula handitzen joan zen zinegileen belaunalditik belaunaldira, kultuko pelikula bat bihurtu arte, zinemaren historiaren mugarri bat.
Baina Polleten zinema ez da hasten ez amaitzen Méditerranée pelikularekin. L'Ordre (1974) pelikularekin ere ez, Greziako Spinalonga irlan bakartuta zeuden legendun batzuei buruzko pelikula funtsezkoa. Polleten zinea bi bide paralelotik doa 1958an errodatu zuen lehen film labur hartatik: bi bide, aurkakoak baina elkarren osagarriak, hein batean, egileak errealismoaren eta abstrakzioaren artean ezartzen zuen oposizioaren barrenean.
Neurri handi batean Polleten zinema sekretua da Frantziatik kanpo bere pelikulen edizio azpititulaturik ez dagoelako eta oso gutxitan egiten direlako emanaldiak bere herrialdetik kanpo. Horregatik, harro gaude, Punto de Vista Jaialdiaren hamargarren urteurrenean aurkeztu behar dugulako zinegile honi buruz 2004an hil zenetik munduan egiten den lehen atzera begirakoa; Pollet esperimentatzaileena ikusiko dugu, garapen sortzaile esplizitua erakusten duen programa bat barnean: saioz saio irudiak eta ideiak agertzen eta berriz agertzen joanen dira, etengabeko berridazketa eta berrirakurketa kritikoa egiten, aurreko guztia bere baitan bildu nahi duen lan benetan erakargarri bat. Bidaia eta bakartzea nahasten dituen dialektika bat da testuingurua, trantzea eta gelditasuna, inflexio puntua 1989ko tren istripu batean duena: ordutik aurrera, Mediterraneoaren memoria filmatzeko 35.000 kilometroko ibilbidea egindako zinegilea bere etxeko lurralde mugatuan geldituko da; bertan eta bertatik atera gabe asmatuko du bere zinemarako aukeraz betetako etapa berri bat.