Garbiñe Ortega Postigo, Punto de Vista Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren zuzendari artistiko berria

Garbiñe Ortega Postigo, Punto de Vista Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren zuzendari artistiko berria
2017/04/10
Zuzendari berria aurkeztutako bederatzi hautagairen artean hautatu da.

Zuzendari berria aurkeztutako bederatzi hautagairen artean hautatu da

Epaimahaiak Garbiñe Ortega Postigo izendatzea erabaki du Punto de Vista Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren zuzendari artistiko berria bezala, aurkeztutako bederatzi proposamenen artean. Kulturako Zuzendaritza Nagusiak sustatutako laugarren jaialdia da, eta zuzendaritza artistikoa izendatzeko lehiaketa publikoaren deialdia egin da. 

Hautaketa egiterakoan, prestakuntza irmoa eta nazioartean duen ibilbide zabala ez ezik, Jaialdirako egindako programazio-proposamena ere kontuan hartu dira. Zuzendari berriak hiru ezaugarri aldarrikatzen ditu: bizia, hibridoa eta komuna. 

Garbiñe Ortegaren (Vitoria-Gasteiz, 1981) proiektuan ondorengoa proposatzen da: “praktika artistikoen artean hedapena sustatzea, bereziki, zinemaren, literaturaren eta ez-fikzioaren arloko arte bizien artean”. Halaber, “publiko berrien hazkundean eta herritarren parte-hartzean eta sormenean oinarritzen da Jaialdiaren inguruan komunitate-zentzua sortzeko”. Punto de Vista Jaialdiaren zuzendari artistiko berriaren hitzetan, “zinema dokumentalak mundua ezin dezake leku hobe bihurtu, baina bai aldatzeko erremintak eman, eta hori lan zoragarria da”.

Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta zinema esperimentalean eta ez-fikziokoan espezializatua da. Komisariotzan, hezkuntzan, publikoen eraikuntzan eta esperientzia kolektibo zinematografikoa handitzeko esparru espezifikoen sorreran aritzen da. Azken urteetan, Kalifornian eta Mexikon bizi izan da, eta haren zaindari-lana nazioartean erakutsi da, Estatu Batuetako eta Europako jaialdi ezberdinetan. 

Gaur egun, espazioen programatzailea da, adibidez, Montehermoso Zentro Kulturalarena Gasteizen, eta Bilboko Azkuna Zentroaren programazioko aholkularia. 

Zehazki genero dokumentalean trebatu da José Luis Guerín, Antonio Weinrichter edo Antoni Muntadasekin. Luiso Berdejo euskal zuzendariaren azken film luzea ekoiztu zuen, Violet (2013), eta, gaur egun, Txileko Camila J. Donoso zinemagilearen transfikzioko pelikula, Casa Roshell (2016), 2017ko Belinale-n estreinatua. 

Egun, Bruce Baillie-ri buruzko proiektuaren zuzendaria da (abangoardia zinematografikoaren aita AEBetan). Epaimahaikidea izan da honako hauek bezalako jaialdi hain ospetsuetan: Ann Arbor Film Festival AEBetan edo FICUNAM Mexikon. 

Garbiñe Ortegak erraz hitz egiten eta idazten du euskaraz eta ingelesez. 

Epaimahaiak aurkeztutako hautagai guztien maila ona nabarmendu du. Honako hauek osatu dute epaimahaia: Kulturako zuzendari nagusia, Fernando Pérez; NICDOren zuzendari kudeatzailea, Javier Lacunza; Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria, Dori López; Nafarroako Kultura Kontseiluko kideak, Marta Artica eta Puy Oria; eta ikus-entzunezko sektorean ospe handiko bi pertsona, Euskadiko Filmategiko zuzendaria, Joxean Fernández, eta Espainiako Filmotekako programazioaren zuzendaria, Carlos Reviriego.

Zuzendaritza artistikoaren funtzioak 

Punto de Vista Jaialdiaren zuzendaritza artistikoaz arduratzen den pertsonak proiektu bat aurkeztu behar du edukien definizioarekin, atal ezberdinen inguruko edukia eta gauzatzeari buruzko informazioa xehetasunez azalduta. Era berean, jaialdia antolatuko du ezarritako denbora-esparruan eta iraunkortasun-irizpideen arabera esleitutako aurrekontuarekin; horrez gain, proiektuak eta artistak proposatuko ditu, eta artistekin eta gonbidatutako beste profesionalekin harremanetan jarri eta koordinazio-lanak egingo ditu. 

Orobat, jaialdia nahiz atal bakoitza aurkezteko testua idatziko du, katalogoan eta jaialdiaren web orrialdean argitaratze aldera, eta Amaierako Galaren gidoia egingo du, jaialdiaren koordinatzaileekin batera. Era berean, Jaialdiaren Hautapen Batzordea osatuko duten pertsonak hautatuko ditu (bera ere Batzorde horretan izango da), eta Jaialdiaren Epaimahai Ofiziala osatuko duten pertsonak ere bai. 

Halaber, X Films Proiektuan lehiatuko diren zinemagileak eta proiektu horren Hautapen Batzordea osatuko duten pertsonak hautatuko ditu. Komunikazio-plana diseinatuko du koordinatzaileekin batera, eta ordezkaritza-lanak burutuko ditu, Kulturako Zuzendaritza Nagusiak Jaialdia sustatzeko eta hedatzeko erabakitako ekitaldietan parte hartuaz. Azkenik, Zinemako Jaialdietara joango da, koordinatzaileekin adostutako ibilbide-orriaren arabera, jaialdiaren programan parte har dezaketen tituluak bilatzeko helburuarekin. 

Punto de Vistaren zuzendaritza artistikoak 15.000 euroko zerbitzu-saria du. Kontratua gauzatzeko epea sinatzen den egunaren biharamunetik hasi eta 2018ko maiatzaren 31ra bitartekoa da. 

Beste baldintzen artean, hautagaiek unibertsitate-mailako goi-titulazioa izan behar zuten eta zinema-jaialdiaren helburuak betetzea bermatzen duen ibilbidea eta esperientzia egiaztatu. Halaber, gutxienez hiru urteko esperientzia ziurtatu behar zuten kultur erakunde publiko edo pribatuetan, bereziki zinema-eremuan. 

Zerrendara itzuli

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.