Jorge Oteizak liburuen marjinan idatzitako ideiekin Punto de Vista bildumaren liburu berria osatu da

Jorge Oteizak liburuen marjinan idatzitako ideiekin Punto de Vista bildumaren liburu berria osatu da
2017/03/02
OTEIZA MARJINAN, zinemari eta arteari buruz eskuz idatzitako oharrak obraren bitartez, Punto de Vista Jaialdiak amaiera emango dio aurten Heterodoksiak zikloaren protagonista den euskal eskultore handiak zinemarekin izandako harremanari eskainitako zirkuluari.

Punto de Vistak argia eman nahi dio Oteizaren eta haren irudiaren inguruan jadanik ezagutzera emandako material ugarian esan edo argitaratu gabe geratu denari. Beraz, jaialdiak atsegin handiz aurkezten du egindako aurkikuntza bat; hots, Jorge Oteizak bere liburutegiko liburuen marjinan jasotako oharrak, presaka idatzitako ideia arinenak eta apunte freskoenak. Punto de Vistaren obra berri honetan, diseinua azken muturreraino zaindu da, eta liburuaren barnean beste liburu batzuk aurkitzen dira. Oteizak bere irakurketen marjinatan ezeztatzen eta osatzen dituen pasarteak irakurri ahal izango dira; esate baterako, Jorge Luis Borgesen liburu batean Denborari eskainitako kapitulua. Azken horretan, Orioko eskultoreak argentinarrarekin eztabaidatzen ditu espazioari buruzko ideiak eta denborarekin duen harremana. 

Oteiza marjinan lanak ikusleari edo irakurleari aukera eskaintzen dio Oteizaren ideiak nondik sortzen diren ikusteko; hau da, haren zuzeneko iturriaren lekuko izateko, baina, aldi berean, haren inspirazioak nola funtzionatzen duen ikertzeko ere bai, batzuetan argi baitago ideiaren eta irakurritako testuaren arteko konexioa, eta, beste batzuetan, apetatsuagoa edo misteriotsuagoa da. Irakurleak Oteiza garbiarengana hurbiltzeko pribilegioa izango du, lumarekin armatutako Oteizarena, haren irakurketak eta lehen mailako ideiak zuzenean ezagutzeko aukera; gainera, batzuetan analisi burutsuagoa eta gehiegi hausnartutakoa baino interesgarriagoak eta askeagoak izaten dira. 

Halaber, liburuan jaialdiaren zuzendari artistikoa den Oskar Alegriak Jorge Oteizaren oharren gainean egindako azterketa aurkitzen da; bertan, haren ohitura kaligrafikoei buruzko kapitulu interesgarriak azaltzen dira. Kontua da Oteizak zer, non eta zergatik idazten duen ikustea, misterio batzuk ezagutzera emateko; hala nola, zergatik interesatzen zaizkion leihoak eta hontzak, irakurtzen duen guztiak crómlech-era eramaten duen garaia, Einstein-i buruzko grina aztertzea, Hitchcok-i egindako kritikak, eskulturak filmatzeko moduari buruzko teoriak,… Orri-oinean idatzitako oharrez gain, liburuaren edizioa osatzeko, hark eskuz idatzitako zenbait dokumentu ezezagun ere sartzea pentsatu da; hots, publikoak ezagutzen ez dituen pelikulen gidoietarako apunte interesgarriak: Denborari buruzkoa, zuhaitzari buruzkoa, Borgesen Los Inmortales kontakizunari buruzkoa,… eta horrela gutxi edo batere ez aipatu gabeko 9 gidoira bitarte: Velázquezen inguruan, Joyce-ren Ulisesen inguruan, Mallarméren inguruan. 

Liburua Nafarroako Gobernuak finantzatu du Jorge Oteiza eta Golem Museo Fundazioarekin batera. 1.000 ale argitaratu dira, eta Jorge Oteiza Museoan eta Punto de Vistaren egoitzan eskuratu ahal izango da jaialdian zehar; baita ere, Nafarroako Gobernuaren Argitalpen Funtsaren web orrialdean eta liburu-denda espezializatuetan eta herrialde osoko arte-zentroetan. 

Punto de Vista Bildumaren liburu berria diseinatzeaz Santos Bregaña Etxeberria (atelier laia) diseinatzailea arduratu da; jaialdiak 2016an argitaratutako TIME tituluaren kargua ere izan zuen. 

Denborari buruzko liburu honekin, urtetik urtera Punto de Vistaren liburutegi partikularra osatzeko bolumenak argitaratzeko tradizioari jarraipena ematen zaio; tradizio hori aurreratua izan da jaialdiaren aurreko edizioetan. Aurreko edizioetako liburuetan jorratutako gaien artean ondorengoak aurki ditzakegu: aurkitutako metrajea, estetika japoniar zineman, Ermanno Olmiren zinemaren fintasuna, Jem Cohenen zinemaren iheskortasuna, Margaret Taiten poemak, denbora zineman,… Eta hori egin da jaialdia soilik pelikulak ematera ez mugatzeko asmoarekin. 2005eko hastapenetatik aurrera, jaialdia beti ahalegindu da pentsamendu eta eztabaida plusa eskaintzen, pertsonekin egindako topaketetan eta obra bat argitaratuta ideiak biltzean lantzeko, jaialdia, oro har, pelikula-multzoa ez ezik, hezur eta haragizko edo paperezko konpainia ere izan dadin.

Zerrendara itzuli

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.