Bederatzi programetan banatutako berrogei filmek osatzen dute, aditzera emandako inaugurazio-saioarekin –Il Castello (Massimo D´Anolfi, Martina Parenti, 2011)– eta itxiera-saioarekin batera –Nuestro siglo, Artavazd Pelechian, 1982–, Punto de Vista jaialdiko aurtengo atzera begirako tematikoa, HEGAN EGIN izenburupean. Gizon-emakumeek hegan egiteko duten grinari eskaini zaio programa, baina baita hegaztien hegaldiak ezkutatzen duenari, aireportu baten egunerokotasunari, astronauta baten sentipenei, jauzi-oholeko jauzilarien akrobaziei, hodeien botere hipnotikoari, xeke arabiarrek belatzekiko duten pasioari, hegaldun izakia bilakatzeko saiakerei, zinemagileen begirada bertikalari eta baita aireko beste oinezko batzuen abenturei ere bai.
Programa hauetako hiru hegaztien hegaldiak ezkutatzen duen edertasun eta misterioan ardazten dira; tximeleten hedatzearen iragankortasuna zinemagilearen ofizioaren galkortasunaren metafora gisa; eta kameraren beraren hegaldia, zinemagileak airean abandonatzen duenetan.
Hegaldun izakiak aurkezten dizkiguten bost film, aireko errege-erregina gisa, lurreko izakien eta gizakien beraien inbidia sortuz. Zinemaren erritmoan urruma ari diren usoak, gizakiaz gaindiko diskurtsoa duten beleak eta airean mila galdera marrazten dituzten hartxoriak. Azkenik, petrolioaren herrialdeetako belatzak, beren hegalak txikitu dituzten animaliak eta orain, patuaren ironiak ironia, jet pribatuetan hegan egiten dutenak. Hegaldia bera bere handitasun, misterio eta edertasun osoan.
Tximeletaren hegaldiaren inguruko esperimentazio filmikoak, eraldatzen ari den eta aldi berean gu geu eraldatzen gaituen zinemaren metafora gisa. Etengabeko metamorfosian dauden filmak, beren baitan iragankortasunaren kantua daramatenak. Animalia baten testigantza, zinemagilearena, bere hegoak erretzeko gai dena argira bidean abiatutako hegaldi nekaezinean.
Kamera airean hegaka artearen, edertasunaren gorespenaren edota espioitzaren aintzarako. Perspektibaren amaiera, Jainkoaren begiradarekin eta zeruan abandonatutako zinemarekin. Droneak, hegazkin espioiak eta beste tresna artistiko batzuk, eskua iristen ez den tokira iristeko.