Punto de Vistak zinemagile handien erretratu-zikloa antolatu du

Punto de Vistak zinemagile handien erretratu-zikloa antolatu du
2017/02/02
Ehiztari Ehizatua-n bost film emango dira, honako zinemagile hauen ingurukoak: Abbas Kiarostami, Manoel de Oliveira, Raúl Ruiz, Jean-Luc Godard eta Chris Marker.

Bost aurpegi edo bost profil, beharbada hobe da esatea proposamen interesgarri honetan bost begirada aurkezten direla metazinema alderdi pertsonaletik eztabaidatzeko; hau da, zinemagilea bera denean filmatua, berak filmatu ordez. Hunter hunted adierazpenak erakusten digu plano hori: filmaren egilea irudiaren barruan sartzen da nahi gabe, filmatzen ari direla egindako hutsegite batean. Fetitxista batzuek horiek biltzen dituzte. Hemen, funtsetik eta fetitxismotik haratago, bost irudi horien erretratugileek lehen planoan erakutsi nahi dituzte urrunean desagertuta geratzen diren xehetasunak. Zinemako bost handiren bost argazki polaroid ditugu aurrean, kameratik ateratzen doazen eran pixkanaka errebelatzen diren eta zeluloidezko bost aurpegi osatzen dituzten bost irudi.

Eta zergatik bost? Eta zergatik bost horiek? Programatzaile bezala, gure lana da joerak aurkitzea, eta hemen ditugun dokumental gehienak produzitu berriak dira, familia berri bat osatzen duten bost lan bezala, haien antzekotasun eta desberdintasunekin. Halaber, bat egiten dute urte horietako beste lan batzuekin; hala nola, David Lynch-en film erretratua, Jonas Mekas-en beste bat edo Chantal Akerman-en hilondoko bat,… Baina zoritxarrez dena ez zaigu sartzen zinemaren Rushmore arrokan, eta hemen daudenak nahikoa badira zinemari eta zinema egiteko moduei buruz eztabaidatzeko eta ikasteko.

Nola filmatu zinemagile bat? Egokia da zinema egiteko duen moduarekin erretratua egitea? Edo arriskutsua izango al da? Hurbilekoa izatea, hots, erretratugileak zinemagilea ezagutzea, edo urrunekoa izatea, abantaila da edo eragozpenak sor ditzake horrek? Pelikula guztiek beren zinemagileak definitzen dituzte? Nola egiten da normalean kameraren beste aldean egon ohi den izakiaren argazki-albuma?

Galdera horiek guztiak argitzen joango dira Ehiztari ehizatuaren bost proposamen hauetan. Agerian geratzen dena da bost maisu horiek irrika bera dutela historiak irudiekin kontatzeko. Bakar batek ere ezin du egon filmatu gabe, eta horretan paregabeak eta bakarrak dira, gure garaiko bost zinemagile, kontatutako bost zinemagile. 

76 minutos y 15 segundos con Abbas Kiarostami

Seifollah Samadian
Iran, 2016, 76’

76 minutos y 15 segundos con Abbas Kiarostami (2016) pelikula Veneziako Jaialdian estreinatu zen, El viento nos llevará (1999) filmaren zuzendaria hil eta bi hilabetera (seguruenik gure aroko zinemagilerik eraginkorrena eta errealitatearekin harremanetan jarritako forma zinematografikoen berritzailea). Kiarostamiren bizitzako eta hainbat urtetako lanaren zati batzuk agertzen zaizkigu, elkarrizketarik eta off ahotsik edo sostengatzen duten aitorpenik gabe, ordain prestu bati forma emanaz, eta Irango maisu handiaren zinema bezalako oinarri hain espiritual eta adierazgarriarekin. 

O cinema, Manoel de Oliveira e eu 

João Botelho
Portugal, 2016, 81’

Argazki bat da Manoel de Oliveirarekiko (1908-2015) mirespen sakonenetik egindako adierazpen honen abiapuntua; Portugalgo zinemaren historiako irudirik  garrantzitsuenetarikoa da Oliveira. Oporton jaio zen, eta 106 urte zituela hil zen ordura bitarte filmatzeko behar diren sormena eta buru-argitasuna galdu gabe eta atzean seguruenik errepikatuko ez den ondarea utziaz. Ezkutuko itun bat eginda, zinemak bizirik egoten lagundu izan balio bezala, haren filmografiak XX. mendea igaro zuen, eta XXI. mende honetan sartu zen, ohi ez bezalako modernitatearen adore atenporalak lagunduta, haren herrialdeko idazle handiak egokituaz nahiz Portugalgo Historian barrena ibiliaz. 

Raoul Ruiz, contra la ignorancia ficción

Alejandra Rojo
Frantzia, 2016, 63’

“Hainbeste gizon banaiz, bagara, eta ezin dut bakar bat ere aurkitu”. Nerudaren poema baten hasierako aipamen horrek iparrorratz bezala balio dezake Alejandra Rojorentzat Txileko Raoul Ruiz zinemagilearen obra zabal eta aldakorrean sartzeko. Zinemagilea Frantzian bizi izan zen, eta 2011n hil zen ehun bat pelikula zuzendu eta gero, horietako asko galduak eta beste asko aurkitzeko daudenak. Raoul Ruiz, contra la ignorancia ficción izenburuak narrazio-zinemaren loturetatik eta produkzio-eskema zorrotzetatik askatzeko zuen gogoa adierazten du, eta frantsesez haren izena azpimarratzen du haren pertsonaren bikoiztasuna erakusteko. Horrela, Misterios de Lisboa (2010) filmaren geruza bakoitza kentzeko gonbita luzatzen digu, nork daki, definituko duena aurkitu nahian edo. 

Morceaux de conversations avec Jean-Luc Godard

Alain Fleischer

Frantzia, 2007, 125’

Histoire(s) du cinema historien ondorengo erretratua, Goldard-ena, Georges Pompidou Zentrorako Voyage(s) en utopie (2006) erakusketa prestatzen duen bitartean. Modu horretan elkarren segidako asmaketak burutuko dira: kritikari bezala hasiko du etapa Cahiers du cinéma-rentzat berrogeita hamarreko hamarkadan; jarraian fikzio iraultzaileak etorriko dira hirurogeiko hamarkadan; saiakerak hirurogeita hamarrekoan; entsegu-fikziora itzuliko da laurogeiko hamarkadan; eta lan osoaren gailurrera iritsiko da Histoire(s) du cinéma proiektuarekin (1988-98). Dokumentala ikus-entzunezko proiektu handiago baten sintesia da, bederatzi ordutik gorakoarena; bertan, luze eta zabal jasotzen dira Godard-ek mendearen hasierako garai hartan honako hauek bezalako zinemagile eta teorikoekin izandako elkarrizketak: Jean Doucet, Jean-Michel Frodon, Dominique Païni, Anne-Marie Miéville, Straub eta Huillet bikotea, Jean Narboni, André Labarthe edo Nicole Brenez

Chris Marker: Never Explain, Never Complain

Jean-Marie Barbe, Arnaud Lambert

Frantzia, 2015, 146’

Chris Marker-en (1921-2012) hilondoko erretratua, Frantziako zinemagile eta saiakera-idazle itzurkorra, argazkilari bidaiaria, idazlea eta katuak maite zituena. Bi zinemagilek, Jean-Marie Barbe-k eta Arnaud Lambert-ek, haren pentsamenduan eta obra zinematografikoan barrena bidaia egitea proposatzen dute, kronologikoki ordenatua: berrogeita hamarreko hamarkadako utopia politiko berrien kartografiatik hasi, Siberiatik Habanara, eta haren porrot gogorrera, Txiletik hasita; cinéma-verité-ren (ciné / ma verité, itzulpenean) berrikuspenetik, telebistako L'Héritage de la chouette-ren esperimentu handira, Grezia klasikoan zeharreko ibilbidea, hamabi hitzetan antolatua. 

Zerrendara itzuli

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.