Punto de Vistak publiko berriekin konektatu du 2018ko edizioan

Punto de Vistak publiko berriekin konektatu du 2018ko edizioan
2018/03/15
Jaialdiak oso balorazio positiboa egin du ikusleen harrera onak, feminismoarekiko konpromisoak eta bertako zinemagileei emandako babesak markatutako edizioaz.

Punto de Vista - Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiak balantze “oso positiboa” egin du joan zen igandean, martxoak 10, amaitu zen bere hamabigarren edizioaz. Garbiñe Ortega zuzendari artistikoak nabarmendu du “lan-ildo berriek oso erantzun ona izan dutela, esaterako, hezkuntza-programak edo “Dokbizia”-k, eta jaialdia beste leku batzuetara zabaltzearen helburuek gure itxaropenak gainditu dituztela: funtzioak beteta egon ziren Planetarioan, Bolborategian, Gayarre antzokian, Civicanen, Nafarroako Filmotekan eta Katakraken, eta baita Uharteko Arte Garaikidearen Zentroan egindako laborategian ere”. Leku eta proposamenen barietate horrek aniztasun handiagoa ekarri du, eta 2018ko edizioan, zinemazaleak ez diren ikusleak, familiakoak eta beste jarduera artistiko batzuetatik etorritakoak ere erakarri ditu jaialdiak”. Ortegak ikusleen jatorria ere nabarmendu du: “Europako alde guztietatik etorritako jendea bildu da ‘Correspondencias’ ("Eskutitzak") zikloko zinema analogikoaren funtzioak egiteko. Zazpi saiotan, gure herrialdean hein batean ezezaguna zen zinema eskaini du zikloak”.

Punto de Vistak Nafarroako eta Euskadiko zinemagileen ordezkaritza handia izan du. Atal ofizialak Maddi Barber eta Marina Lameiro zinemagile nafarren filmak programatu ditu. Gainera, hasierako saioan Ainara Vera iruindarraren filma eskaini zen. Hiru zinemagile horiek Punto de Vistako ikusle izaten hasi ziren eta jaialdian euren lanak aurkeztea lortu dute, aurretik Okar Alegría eta David Arratibelekin gertatu zen bezala.

Halaber, “Paisaia” atal berriak Arantza Santesteban, Irati Gorostidi, Koldo Almandoz, Jaione Camborda (edizio honen goiburuaren egilea ere bada), Jesús María Palacios, Íñigo Jiménez eta Inés Garcíaren lanak hartu ditu. 

Genero-berdintasunarekin eta feminismoarekin konprometitutako edizioa izan da hau. Atal Ofizialean lehen aldiz egon dira zuzendari gizonezkoak baino zuzendari emakume gehiago. Punto de Vista, gainera, nahasi egin da martxoaren 8ko Emakumearen Nazioarteko Egunaren ospakizunetan. Jaialdiko laugarren eguna zen eta egun horretan programazio espezifikoa prestatu zen nazioartean ospea duten artisten eskutik, besteak beste, Trinh Minh-ha vietnamdarra, Marta Selva, Idoia Zabaleta, Arantza Santesteban, Lizzie Olesker edo Lynne Sachs.

Jaialdiaren XII. edizioak 7.846 pertsona bildu ditu, eta hiriko eta inguruneko leku desberdinetan antolatutako jardueretan hartu dute parte. 2018an, Baluarten egindako saioek 5.302 ikusle bildu dituzte Atal Ofizialeko zinema-emanaldietan eta paraleloetan, konferentzia, aurkezpen eta performanceetan edo edizio honetako karteleko irudiaren egilea den Dani Sanchisen collageak biltzen dituen “Reunión de ajenos o casi” erakusketan. 

Aurtengo programazioak izan duen harrera ona ere nabarmendu du jaialdiak. Izan ere, saio ugaritan bete dira aretoak: "Correspondencias: Películas como cartas" (“Eskutitz-trukeak: Filmak eskutitzen gisara”) eta “68 osteko Erresistentzia Berriak" ("Nuevas Resistencias Post 68”) zikloetako gehienetan; “Young & Beautiful” (Ikusleen Saria) arratsaldeko saioan; María Cañasen (2017ko X Films Proiektua) “La cosa vuestra”-ren estreinaldian (Proyecto X Films 2017); P. Adams Sitney-ren mintegiko saioetan etaTrinh T. Minh-ha-ren zikloan, eta hasierako saioan (“Hasta mañana si dios quiere”) eta amaierakoan (“The Sound We See: A Pamplona CitySymphony” Maite Arroitajauregiren (Mursego) eta Harkaitz Canoren musikarekin.

Gayarre antzokiak 254 ikusle izan ditu, hain zuzen ere, “Tijuana” funtzioan eta “La naturaleza y su temblor” lanaren emanaldietan, Tomás Aragay eta Idoia Zabaletarenak hurrenez hurren. Uharteko Arte Garaikidearen Zentroak hogei bat parte-hartzaile izan ditu Los Angeleseko Echo Park Film Centerreko kide diren Lisa Marr eta Paolo Davanzok emandako “The Sound We See” laborategian. P. Adams Sitneyk Nafarroako Filmotekan emandako “Eyes Upside Down” konferentzian 65 lagun izan ziren. Planetario leku berria da Punto de Vista jaialdian, eta 180 lagun bildu ditu han antolatutako bi saioetan. 84 lagunek hartu dute parte Drac Magic kolektiboak Civicanen egindako lantegian. Gainera, 400 lagun baino gehiagok hartu dute parte Katakrak liburu-dendan antolatutako jardueretan: P. Adams Sitney eta Trinh T. Minh-ha-ren liburuen aurkezpenean, eta Radio 3eko Javier Tolentinok zuzendutako El Séptimo Vicio programaren grabaketan, Doctor Deseoren, Niño de Elcheren (bi saioetan aretoa beteta) eta Las Kasettes-en emanaldiekin.

Casa Manolo jatetxean lan-bazkariak egin dira, eta 200 lagun bertaratu dira. Medialuna tabernako amaiera-koktelean 250 lagun izan dira, eta Nébula eta Nicoletten egindako saioetan, DJen emanaldiekin, 700 lagun baino gehiago osatu dira.

KOMUNIKABIDEETAN IZANDAKO OIHARTZUNA

Jaialdiaren antolatzaileek hamabigarren edizio honek komunikabideetan izan duen estaldura zabala nabarmentzen dute. Hedapen horrek modu erabakigarrian laguntzen du Iruñearen eta Nafarroaren irudia atzerrian proiektatzen eta Punto de Vista Jaialdia herrialdeko kultura-gertaeren artean erreferentziazko hitzordu gisa sendotzen.

Jaialdia egiten zen bitartean eta aurreko asteetan 1.000 agerralditik gora izan ditu prentsan, irratian, telebistan eta Interneten. 2018an 60 kazetari baino gehiago eta 159 profesional akreditatu dira.

Hala, Punto de Vista estatuko hainbat komunikabidetan azaldu da, esaterako, Mondosonoron; HoyEmpieza Todo edo El Séptimo Vicio programetan, biak Radio 3en; Javier Gallegoren Carne crudan; El mundoren El Culturalean;  Viejo Topon; La Vanguardian; ABCn edo Jotdown eta El Asombrario aldizkari digitaletan. Aldizkari espezializatuen estaldura ere izan du: Caimán, Dirigido Por, Transit, Cinemanía, VOS, A Cuarta Parede, Otros Cines Europa, Cine Divergente… 

Gainera, Punto de Vista eskualdeko eta autonomia-erkidegoko hainbat egunkari, irrati eta telebistaren xede izan da, besteak beste, Diario de Navarra, Diario de Noticias, Gara, Berria, Diario Vasco, La Faktoria edo El Mono aldizkariak, eta Cope, Cadena SER, Onda Cero, EITB (irrati eta telebista: Iflandia, El Bulevar, Transit, Teleberri…), TVE Navarra, Navarra TV, Euskalerria Irratia… 

Punto de Vista Cultura Film aldizkari filmatuarekin lankidetzan aritu da berriz ere. Aldizkariak elkarrizketa ugari egin dizkie jaialdiko protagonista nagusiei eta P. Adams Sitneyren edo El Séptimo Vicio saioen grabaketak egin ditu.

Radio 3 (RNE) jaialdiaren irrati ofiziala izan da berriz ere, Punto de Vistari eskainitako El Séptimo Vicioren lau programa berezi eginda Iruñetik. Programa horiek Katakrak jaialdiaren establezimendu laguntzailean grabatu dira, kontzertu akustikoz lagunduta. Jendetza ugari bildu dute eta edizio honetan jarraitzaile kopuru handienetakoa eta arrakasta handienetakoa izan duten jarduera izan da.  

BOLUNTARIOAK, EPAIMAHAI GAZTEA, IKASLEAK

Edizio honetan, Punto de Vistak 26 boluntarioren partaidetza izan du. Horietako askok esperientzia errepikatu dute aurreko edizioetan ere parte hartu ondoren. 
Jaialdian laugarren aldiz egon den Epaimahai Gaztearen partaidetza ere finkatu egin da, eta aurtengoan 18 kide izan ditu.

Horrez gain, Punto de Vistak zinema dokumentaleko eta sorkuntzako masterren 72 ikasleren bisita izan du, hain zuzen ere, MasterLaven, UPV-EHUn, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, Pompeu Fabran,  ECAMen, Nafarroako Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ikasten ari diren ikasleena.

Zerrendara itzuli

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.