Punto de Vista jaialdiaren 12. edizioan saio bereziak izango dira gobidatutako zinemagileen eskutik. Saio berezien atala lau bloketan banatzen da: Rebecca Baronek proposatutako hiru film (bi bereak, eta bestea Robert Frankena); The Sound We See mugimenduaren barruan kokatzen diren bi film, Los Angeleseko Echo Park Film Center-en egindakoak; Jesús María Palaciosek, Iñigo Jiménezek, Koldo Almandozek, Inés Garcíak, Arantza Santestebanek, Irati Gorostidik edo Jaione Cambordak Euskal Herrian eta Nafarroan egindako zinema-saio bat; eta inaugurazio- eta amaiera-saioak, Ainara Veraren eta The Sound We See mugimenduaren eskutik.
REBECCA BARON
Jaialdiaren Nazioarteko Epaimahaiko kide Rebecca Baron zinema-zuzendaria, komisarioa eta irakaslea da. Los Angelesen bizi da. Bere entsegu zinematografikoengatik da ezaguna. Gaur egun, komisario gisa dihardu Los Angeleseko Poetic Research Bureau erakundearen diziplina anitzeko @SEA programan. Haren lanek sari ugari jaso dituzte, eta Whitney bienalean eta documenta erakusketan aurkeztu dira, baita hainbat tokitako jaialdietan ere, hala nola Rotterdamgoan, Londresekoan, Torontokoan, Oberhausenekoan, Ann Arborrekoan eta New Yorkekoan. Rebeccak Guggenheim Foundation fundazioaren eta Radcliffe Institute for Advanced Study institutuaren bekak jaso ditu. 2000tik, CalArts institutuaren Ikus-entzunezko Programako irakasleetako bat da.
THE IDEA OF NORTH.
Rebecca Baron (Estatu Batuak, 1995, 14’)
Duela mende bat ur gaineko izotz puska batean utzitako hiru esploratzaileen azken uneak kontatzeko aitzakian, Baronen filmak irudien eta gainerako erregistro moduen mugak aztertzen ditu, horrela, iragana ezagutzeko, baita denbora zinematografikoaren, denbora historikoaren, denbora errealaren eta argazkietako une zehatzen arteko interakzio paradoxikoa ere. Baronen hitzetan, kontaketa praktikoa, soinu zati, proba eta ilustrazioekin batera, «jitoan dago».—New Yorkeko Zinemaldia, 1997, «Views from the Avant-Garde» programako oharrak.
DETOUR DE FORCE.
Rebecca Baron (Estatu Batuak, Austria, 1995, 14’)
Detour de Force filmak Ted Serios psikoargazkilariaren mundua aurkezten du. Serios Chicagoko mandatari karismatiko bat izan zen, eta, 60ko hamarkadaren erdialdera, ehunka Polaroid irudi sortu zituen zuzenean bere burutik. Filma Seriosen saioen 16 mm-ko erregistroetatik abiatzen da, baita Seriosek haren gaitasunak defendatu zituen Denverreko psikiatra Jule Eisenbudekin izan zituen elkarrizketen audio-grabaketetatik ere. Hala, filma etnografikoa da, biografikoa baino, eta Serios sortu zen ingurune sozial eta zientifikoak irudikatzen ditu. Filmak Seriosen argazkilaritza psikikoa sortzeko hain garrantzitsua izan zen aldiko irudiak eta soinua erregistratzeko teknologien lehenengo planoak biltzen ditu. Filmografoaren bilerei eta artxiboko materialei eurei buruzko dokumentua ere bada. Filmak Ernst Karelen, Kyle Bruckmannen eta Giuseppe Ielasiren soinu-ingurune aberatsa du.
THE PRESENT.
Robert Frank (Estatu Batuak, 1996, 27’)
Objektuek, argazkiek eta jarduera soilek autohausnarketara daramate Frank. New Yorkeko eta Eskozia Berriko bere etxetik, eta lagun batzuen etxera egindako bisitan, artistak bere harremanak, alabaren heriotzaren urteurrena, semearen buruko gaixotasuna eta bere lana behatzen ditu.
THE SOUND WE SEE
Lisa Marr eta Paolo Davanzo dira The Sound We See proiektuaren arduradunak. Proiektu horrek hiriaren sinfonia bat egingo du, modu kolektiboan, jaialdiak iraun bitartean. Lisa eta Paolo zuzendariak, irakasleak eta ekintzaile komunitarioak dira, eta haien lana lankidetza kreatiborako eta aldaketa sozial positiborako katalizatzailea da. Lisa kanadarra da, eta Paolo, berriz, italiarra, baina, gaur egun, Los Angelesen bizi dira. Bertan egiten dute lan, eta Echo Park Film Center kudeatzen dute, baliabide zinematografikoetara eta zinema analogikoko baliabideetara zuzendutako arte lokaleko zentroa. 2008an, EPFC Filmmobile proiektua jarri zuten martxan, zinema ekologiko eta zinema mugikorreko eskola bihurtu zuten eskola-autobus zahar bat. The Here & Now izenarekin, Marr eta Davanzo munduan barrena dabiltza artisau-filmak eta musika partekatzen.
ECHO PARK FILM CENTER PROGRAMA
The Sound We See: A Los Angeles City Symphony
(2010, 26’)
Egin 24 orduko bidaia magiko bat Los Angelesen barrena, lan honen sortzaileekin batera. Lau hilabetez, 11 eta 19 urte bitarteko 37 nerabek hiriaren mapa egin zuten eta ikuspegi pertsonal, kultural edo historikotik garrantzitsuak diren tokietan filmatu zuten. Lehenengo aldiz, 16 mm-ko filmak erabili zituzten toki haietan, egun eta gau osoan, eta pantailan zehazki minutu bat irauteko moduan editatu zuten segmentu bakoitza. Gero, 24 segmentuak elkartu zituzten, eta «The Sound We See» City Symphony seriearen lehenengo zatia sortu zuten. Zuzeneko musika bereziki filmerako konposatu zuen Ezra Buchla & Friends taldeak.
The Sound We See: A CDMX City Symphony
(2017, 28’)
The Sound We See: A Mexico City City Symphony 24 ordutan filmatu zen Mexiko DFn, eta bi egunetan prozesatu, eskuz, Zinemako Laborategi Esperimentalean (LEC). 2017ko urtarrilaren 20an estreinatu zen, Tamayo museoan, zuzeneko musika eta guzti. Gaur gauean proiektatuko den bertsioa zinema-aretoetarako bertsio luzea da, Colectivo de Cinema Expandido La Trincherak espektro elektromagnetikoan interpretatua, Ezequiel Guidoren, Carlos Alegreren, Fernando Viguerasen eta beste batzuen zuzeneko musikaz lagunduta.
Proiekzioaren ondoren, galde-erantzunen saio bat izango da, eta bertan izango dira proiektuaren sortzaileak; hots, Lisa Marr eta Paolo Davanzo.
EUSKAL HERRIAREN ETA NAFARROAREN IKUSPEGIA
Etxeko zinemagileek (guretzat «familia» direnek) oso toki garrantzitsua izango dute edizio honetan. Jaialdiari hasiera emateko, Ainara Vera zinemagile nafarraren azken filma estreinatuko da, estatu-mailan, eta hiriko zenbait zinemagilek mundu-mailan estreinatuko dituzte beren filmak, atal ofizialean. Horretaz gain, dagoeneko hizpidea ematen ari diren zinemagileen azken lanak erakutsiko ditugu.
RAPA DAS BESTAS.
Jaione Camborda.(Espainia, 2017, 10’)
Tradizioak eta ikuskizunak borroka-testuinguru batean gizakiaren eta animaliaren arteko gorputzez gorputzeko harremanaren lekuko izatera garamatzate.
EURITAN.
Arantza Santesteban, Irati Gorostidi
(Espainia, 2017, 21’)
Euritan filmean, Itxaro Bordak 1985ean idatzi zuen Klara eta biok kontakizuna berrikustea proposatzen da. Egilea bere iraganeko hitzen aurrean jarriz, eguneratu egiten da euskal izaeraren inguruko harreman periferikoari buruzko ikuspegia.
WINTERREISE.
Inés García (Espainia, 2017, 7’)
Neguko paisaia baten erdian, noraezean dabilen ibiltari batek bere buruari galdetzen dio existentzia baldintzei eta bizitza zentzuari buruz.
PLÁGAN.
Koldo Almandoz (Espainia, 2017, 10’)
Plaga: latinez, plaga («kolpea», «zauria». Esanahia: animalia- edo landare-populazioei kalte larriak eragiten dizkieten espezie bereko izaki bizidunak masiboki eta bat-batean agertzea. Txarra den zerbait asko egotea.
UR ARTEAN.
Jesús María Palacios, Iñigo Jiménez (Espainia, 2015, 25’)
Hogei urtean baino gehiagoan, José Manuel Andoin farozaina eta haren ama María Torralbo Donostiako Santa Klara uhartean bizi izan ziren, Donostiatik 500 metro eskasera, baina gizartetik isolatuta. Ur artean izaera handiko ama baten eta haren seme adeitsuaren arteko harreman misteriotsuaren istorioa da; semeak bizitza paralelo bat izan zuen, baina, haren ondorioz, ahaztutako kirolari olinpiko bihurtu zen.
INAUGURAZIO-SAIOA
HASTA MAÑANA SI DIOS QUIERE.
Ainara Vera (Espainia, 2017, 62’)
Espainiako estreinaldia.
IDFAn mundu-mailan estreinatu ondoren, dokumental nafar hau bere hirian estreinatuko da inaugurazio-saioan. Ahizpa frantziskotarren komunitate baten eguneroko bizitzari buruzko film alai bat da. Laurogei urtetik gorako hamazazpi emakume Nafarroako komentu batean bizi dira. Eguneroko zeregin txikien segida ederra da haien bizitza: zorua erratzez garbitu, lisatu, otoitz egin, leihotik begiratu, solasean aritu… Haien elkarrizketetan, naturaltasun osoz konbinatzen dira alderdi espirituala eta lurrekoa, alderdi transzendentala eta hutsala. Haiek bezain pazientea eta lasaia da kamera. Jarraituko al du bizimodu horrek haiek gurekin egoteari uzten diotenean ere?
Ainara Verak (Nafarroa, 1985) Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen UNAVen, eta Dokumental Kreatiboko masterra Bartzelonako Pompeu Fabran. Haren lehenengo film labur dokumentala, Sertres, Locarnoko Jaialdian estreinatu zen (2014). 2013an, Demonstration filma zuzendu zuen beste batzuekin batera. Haren garapen-proiektua, Mira, mi rey, 2016ko Punto de Vista jaialdian aurkeztu zen. Victor Kossakovskyren lehenengo zuzendari laguntzailea da.