Zinema dokumentaleko zuzendari libre, aztoratzaile eta iradokitzaileenetako batek, Trinh T. Minh-hak, Punto de Vista bisitatuko du

Zinema dokumentaleko zuzendari libre, aztoratzaile eta iradokitzaileenetako batek, Trinh T. Minh-hak, Punto de Vista bisitatuko du
2018/02/20
Zinemagileak bere azken liburua aurkeztuko du, hitzaldia eskainiko du eta bere ibilbideko hiru film garrantzitsuenetakoak proiektatuko ditu.

Trinh T. Minh-ha zinemagilea, musika-konpositorea, idazlea, poeta, literatura-kritikaria eta irakaslea da, baina gauza guztien gainetik, diskurtso tradizionala irauli eta zinema dokumentala egiteko modua eraldatu duen artista puskatzailea da.  Antonio Ziriónek –antropologiako irakaslea, argazkilaria eta dokumentalista–  ezin hobeki definitzen du errealizadore bikain horren figura: “erabat hausten ditu zinema-hizkerako arauak eta zinema dokumentalaren konbentzio guztiak eraldatzen ditu, beste kultura batzuen begirada antropologikoaren eta ikus-errepresentazioaren forma klasikoen zentzuari buruzko zalantza sakona eraginez aldi berean”. 

Gauzak egiteko moduan mugarik gabe berritzeaz gain, Vietnamen jaiotako zinemagile horrek hondoa ere birformulatu egin du, hau da, kameraren bidez kontatzen diren istorioak birformulatu ditu. Ziriónen arabera, haren filmak gai hauen ingurukoak dira: “feminismoa, diferentzia eta desberdintasun soziokulturalari buruzko begirada hegemonikoa, egiaren arazoa antropologia-zientzietan eta zinema dokumentalean, identitatearen kontua, kulturen arteko nahasketak eta desadostasunak, eta zinemaren inguruko esperimentazio artistiko librea”.

Horrenbeste liluratzen duen begirada iradokitzaile, polemiko eta aldarrikatzaile hori oso presente dago errealizadore horren ibilbideari gorazarre egiteko Punto de Vistak programatu dituen hiru filmetan.  

FORGETTING VIETNAM
Hego Korea, Ameriketako Estatu Batuak, Vietnam, 2015, 90’, Digitala 
Irudiak espazioan garatzen dira “herrialdea” (đất nứớc) terminoaren eraketaren azpian dauden bi elementuren -lurra eta ura- arteko elkarrizketa baten moduan. Ikusmen-teknologiaren arloko eta Vietnamgo errealitate politikoaren arloko istorioen bidez, irudi horiek, lur sendoarekin lotutako antzinakoaren eta aldaketa likidoekin lotutako berriaren arteko elkarketa ere deskribatu nahi dute, globalizazio lasterreko une batean. FORGETTING VIETNAM gerraren amaieraren 40. urteurrena gogoratzeko eta bizirik atera zirenak omentzeko egin da.

NAKED SPACES - LIVING IS ROUND
Ameriketako Estatu Batuak. 1985. 135’. 16 mm
NAKED SPACES-LIVING IS ROUND dokumental subjektibo eta poetikoa da. Meditazio poetikoa eta antropologiaren aurkako hausnarketa da, film etnografiko gehienen ahots inpertsonala bertan behera uzten duena. Kulturak eta agintaritzak egindako kontaketa hiru emakumeren ahotsek ordezten dute. Ahots horietako bakoitzak dokumentatzeko modu bat ordezkatzen du.

REASSEMBLAGE
Ameriketako Estatu Batuak. 1982. 40’. 16 mm
Landan lan egiten duten eta dantzan egiten duten emakumeen irudi dinamikoak, hauts-zurrunbiloen eta bata bestearen ondoren igaro, azaldu, desagertu, eta berriro azaltzen diren egunsentien irudi lasterrak, plano lasterretan. Hori da Reassemblageren funtsa.

FOCO horrek Trinh T. Minh-ha nabarmenduko du, Punto de Vistaren edizio honetako izarretako bat izango dena. Horrez gain, errealizadoreak bere azken liburua aurkeztuko du Iruñeko Kale Nagusiko Katakrak liburu-dendan: Lovecidal. Walking with The Disappeared. Argitalpen berri honetan, egileak gogoeta egiten du amaierarik gabeko gerrari buruz (esaterako, AEBek Iraken edo Afganistanen egindako esku-hartze militarra edo Txinak Tibet okupatu izana), gobernuen etengabeko menderatzeari buruz, herstura ekonomikoari buruz eta erabat teknologizatutako gatazkari buruz. Hitzordua: hilaren 7an, asteazkena, arratsaldeko 17:00etan.

Azkenik, errealizadore vietnamdarrak hitzaldia eskainiko du hilaren 8an, osteguna, goizeko 10:00etan Baluarteko Bulevar aretoan: Erresistentziaren eguneroko tartea. Zinemagilea Ameriketako Estatu Batuetako, Argentinako, Mexikoko eta Txinako emakumeen egunerokotasunean eta nazioz haraindiko borroketan dagoen asaldurari buruz arituko da hitzaldi honetan:  “Zerk eragiten du elkarrizketak eta isiltasunak lotsaz estaltzea? Batzuetan, gogoa izoztu egiten da eta bihotzak ziztu bizian jarraitzen du: izena, nazioa, nortasuna, nazionalitatea desagertu egiten dira. Urrats bakoitzarekin, mundua ibiltariarengana iristen da eta, alde guztietan, bizitzako pantaila erraldoian, gertaera guztiek hitz egiten dute”.

Informazio xehatua hemen.

Zerrendara itzuli

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.