Punto de Vistak Dokbizia berreskuratuko du, errealitatearen inguruan lan egiten duten artistak eta hizkuntzak gurutzarazi nahi dituen diziplinarteko topaketa bat. Programa honek pantailan nahiz pantailatik kanpo lantzen du dokumentala, eta ibilbide bat proposatuko digu hainbat formatutan: proiekzioak, hitzaldi performatiboak, pieza eszenikoak eta site-specific, performance. Bertan bilduko dira zinemagileak, artista bisualak, idazleak eta performer-ak.
“Ahotsak ez du gezurrik esaten inoiz” adierazten du Meredith Monk New Yorkeko artista eklektikoak, eta adierazpen horixe da Iruñean martxoaren 11tik 16ra bitarte egingo den 2019ko Punto de Vistako egitaraua azaltzen duen abiapuntua. Ahotsa kanal unibertsal bat da, baina baita norberaren tresna bat ere, ñabardura mugagabeak, ehundurak eta tonuak dituena. Batzuetan esanahia duena, eta beste batzuetan hitzetatik urruntzen diren komunikazio modu berriak proposatzen dituena.
Ziklo honetan diziplinarteko topaketa bat proposatzen da, zinemagileak, teorikoak, soinuarekin lan egiten duten artistak, idazleak eta performer-ak bilduz Monken adierazpen iradokitzaile bezain probokatzailearen pean.
Niño de Elche-ren Los aires llevan mentiras saio esperimentala, Lawrence Abu Hamdan libanoar artistaren zinema eta ikerketa entzute forentsearen inguruan, Ixiar Rozas idazlearen zinema xuxurlatua Mapa ez da paisaia lanarekin, Idoia Zabaleta dantzariak Tengo Tiempo pieza eszenikoan gaur egungo gaitzen eta haiei aurre egiteko zainketen inguruan proposatzen dituen mantrak, soinuekin lan egiten duen Xabier Erkizia artista eta komisarioaren La voz como interferencia saioan proposatutako “entzuteko zinema”, Érik Bullot frantziar zinemagile eta teorikoaren En voz alta hitzaldi performatiboa, eta Erika Balsom idazle eta akademikoaren Amor Mundi hitzaldia; horiexek guztiek osatuko dute egitarau luzatuko ziklo hau.
Gaur egungo jardunbideak gero eta ezpuruagoak dira errealitatearekin lan egiteko hurbilketa formala egiten dutenean. DOKBIZIAk beste eremu batzuetako jardunbideak eta diskurtsoak bildu nahi ditu, bestela ikusiko ez liratekeenak, hainbat angelutatik errealitatearen esperientzia bizi, hausnartu eta partekatzeko.
DOKBIZIA
Dokbiziaren egitarau osoa Baluarten eskainiko da.
MARTXOAK 12, ASTEARTEA
20:00 Xabier Erkizia. Ahotsa Interferentzia gisa.
Itsua, haur kutsukoa, fantasiatsua, kosmikoa, urtua, biderkatua, diluitua, xuxurlatua, anplifikatua, faltsua, menderatua, beroa, atsegina… Komunikazioari buruzko teorien oinarri nagusiek ahotsa dute ardatz eta hitzaren bidez eraikitzen dira. Ahots hitz egina, ahoskatua eta arrazoitua; horixe da ulermenaren ideia ororen ardatza, zentzua pausatzen den lekua. Alex Mendizábal, Paul Sharits, Alessandro Bossetti edo Lionel Marchetti-ren lanak, besteak beste.
MARTXOAK 13, ASTEAZKENA
17:00 Erika Balsom. Amor mundi: Dokumentala, arte garaikidea eta lenteak atzemandakoaren ahalmen deskribatzailea.
Gutxienez Okwui Enwezor-en 2002ko Documenta 11 erakusketaz geroztik, dokumentalek garrantzi handiko rola betetzen dute arte garaikidean. Aurkezpen honetan dokumentalaren oraintsuko teorizazioetan funtsezkoak diren joeren diagnostiko bat identifikatu eta ezarriko da, agertoki honetan: azaleko itxuraren ospe txarra.
20:00 Ixiar Rozas. Mapa ez da paisaia.
Entzumenaren mugan xuxurlatzeko ekintza. Xuxurla ahotsaren modalitate bat da. Ahotsa estuki lotuta dago guk subjektu bihurtzeko ditugun moduekin. Ahotsa eta ahoa, ahotsaren organoa, zeinaren gainazaletan eta mugimenduetan hainbat ahoskapen gertatzen diren.
MARTXOAK 14, OSTEGUNA
17:00 Idoia Zabaleta. Tengo tiempo (Top Mantras serietik). Performance.
Oraingo honetan denbora hitza erabiliko dugu, baina gizona hitza zapaldu ostean, eta ikusiko dugu zapalketa horrek zer forma hartzen duen… Anginak sendatzeko eztarrian berbena enplastua jarri izan bagenu bezala.
17:00 Lawrence Abu Hamdan. Film programa.
Entzute forentsearen inguruan lan egiten duen Lawrence Abu Hamdan libanoar artistaren ikus-entzunezko lanei eskainitako programa. Film hauek barne:
20:30 Niño de Elche. Aireek gezurrik daramate.
Cante handia, cante luzea, cantea norbaitena da, ahots urratua, ahots zorrotza, ahotsa horrela, oilar marrantatua, ahotsa kantatzea, argumentuaren ahotsa, ahots ideala, cantea ortografia akatsekin idazten da, cante pertsonala?, tximuak buruz abesten du, cantea eskubide, ahoko ahotsa, ahots propioa?, irudimenezko ahotsa, ahotsa pintatzea, ahotsa hostogabetzea, ahots sutua, ahots fidatua, ahots espirituala, ahots aitzakiatsua, sasikumeen cantea, cante arautua, cante oparitua, ahots lapurtua, mamuen cantea, ahots espektrala, zabortegi cantea edo egiazko cantea, cantea eman, ahots komuna?, suzko cantea, ahots fisikoa, ahots espaziala, ahots pentsatua, ahots hausnartua, cante chico… edo cante chica, hitz egin gabeko ahotsa, ahots singularra?, ahorik gabe kantatzea, ahots benetan gezurtia.
Edo koplak dioen moduan: "Los aires llevan mentiras y el que diga que no miente que diga que no respira".
MARTXOAK 15, OSTIRALA
17:00 Érik Bullot. Ozenki. Hitzaldi performatiboa.
Èrik Bullotek hausnarketa filosofiko eta dibertigarri bat proposatuko du itzultzaileak zineman duen zereginaren inguruan. Haren ahotsa, presentzia fisikoa edo birtuala. Proiektatutako irudiekin jolastuz, hainbat hizkuntza erabiliz (gaztelania, frantsesa eta ingelesa) eta aldibereko itzulpenarekin.