Punto de Vista jaialdiak, bere Hezkuntza Programa zabalaren barnean, gazteak gonbidatzen ditu proiektu zinematografiko berezi bat ezagutzera, Jonás Trueba madrildar zinemagilearen eskutik. ‘Quién lo impide’ izeneko egitasmoak atzean uzten ditu film tradizionalen formatuak eta ohiko hedapen kanalak, esparru berrietara zabaldu eta horietan artikulatzeko asmoz.
Martxoaren 11n (astelehena) eta 12an (asteartea), jaialdiaren programazioaren barnean, Baluarten eta Nafarroako Filmotekan hurrenez hurren, Jonás Truebak proiektuaren nondik norakoak azalduko dizkie bertaratutakoei, izenburutik beretik asmoen deklaraziotzat har daitekeena: nerabezaroari eta gaztaroari buruz dugun pertzepzioa aldatzeko dei bat da, baina baita sorkuntza zinematografikoa ulertzeko modu bat ere, sorkuntza libreagoa eta irekiagoa, baliabide urriekin eta talde txiki batek eginikoa, denboraren, pertseberantziaren eta borondatearen bitartez.
Asteleheneko saioa, publikoarentzat zabalik, Baluarteko Ganberan egingo da eta Sólo somos filma proiektatuko da. Truebak, pelikuletako nerabe protagonistetako bik lagunduta, filmari buruzko azalpenak eman eta saiora etorritakoekin eztabaidatuko du. Pelikula film luze bat da, 90 minutukoa, non nerabe talde txiki batek gogoeta egiten duen bere errepresentazioari buruz. Nerabeok fikziozko pertsonaia posible gisa ikusten hasiko gara; aldiz, beste gazte askok beren zalantzak adierazi eta gogoeta eta aukera berriak planteatuko dituzte, elkarrekin eraikiz etorkizuneko pelikula posiblea.
Asteartekoa, Filmotekan, saio bikoitz itxia izango da, Iruñeko ikastetxeetako ikasleentzat, eta Tú también lo has vivido eta Si vamos 28 volvemos 28 filmak proiektatuko dira. Bezperako saioan bezala, Truebak eta pelikuletako nerabe protagonistetako bik filmari buruzko azalpenak eman eta eztabaidan arituko dira saiora etorritakoekin.
Tú también lo has vivido film luze bat da, 55 minutukoa, non nerabeen 50 lekukotasunek etorkizunean konfiantza berreskuratzen laguntzen baitigute, nahiz eta desioak, beldurrak eta tristeziak ere transmititzen dizkiguten. Gazte horiek guztiak zintzo mintzo dira kamera aurrean, eskuzabaltasunez eta emozioz, umorez eta adimenez.
Si vamos 28 volvemos 28 ere film luze bat da, 80 minutukoa, batxilergoko talde baten ikasturte amaierako bidaiari buruzkoa; erretratu kolektibo eta antropologiko bihurtzen den bidaia, une zinez bereziz zipriztindua: heldutasun eta desinhibizio uneak, bakardade eta integraziokoak, maitasun eta krudelkeriakoak.