Punto de Vistak programazio osoa eman du ezagutzera

Punto de Vistak programazio osoa eman du ezagutzera
Notes on Bob and Nancy, Marcia Hafif
2019/03/07
Hainbat proposamenen artean, Marcia Hafif-i buruzko atzera begirakoa, euskal eta nafar zinemagileen eta programatzaileen Paisaia topaketa, edo Robert Beavers, John Price eta Luke Fowler zinemagileen proiekzioak dakarzkigu Jaialdiak.

Iruñean martxoaren 11tik 16ra bitarte eginen den Punto de Vista Jaialdiko hamahirugarren edizioko programazioa itxita dago jada. Zazpi atal handitan banatuko da programazioa: Sail Ofiziala, mundu osoko herrialdeetako 1.160 film baino gehiagoren artean hautatuak izan diren filmak bilduko dituena; Atzera Begirakoak, Marcia Hafif eta Jonathan Schwartz abangoardiako egileak analizatuko dituztenak; DOKBIZIA, hainbat arlotako artistak bilduko dituen diziplinarteko topaketa, errealitatearekin nola erlazionatzen diren partekatzeko; Punto de Vista Labs, jakintzak partekatzeko eta sorkuntza kolektiborako espazioa; Foku Garaikideak, Punto de Vistako saio monografikoak, begirada nazioarteko zinemagile garrantzitsuenetako batzuengan jarriko dutenak; Saio Bereziak, X Films, euskal eta nafar zinemagileen arteko Paisaia topaketa edo Planetarioan antolatuko den film zikloaren moduko programekin, eta, azkenik, Hezkuntza Programa, hazten jarraituko duena Jaialdia ikusle berriei zabaltzeko. Gainera, Jaialdian eginen diren proiekzioetarako eta ekitaldietarako sarrerak salgai daude dagoeneko, online nahiz Punto de Vistaren egoitza nagusia izanen den Baluarteko leihatilan.

Bigarren atzera begirakoa: Marcia Hafif

Pomona-n (Kalifornia) jaiotako Marcia Hafif-en (1929-2018) atzera begirakoak aztergai izanen du nazioartean aintzatespena lortu zuen artista plastiko honen lana, bere garaiko pintura monokromatikoaren ordezkari nagusietako bat izan zenaren lana. Hafifen lanetan, dimentsio bisualen eta linguistikoen arteko erlazioa dibergentea da. Batzuetan, ahotsak trama du hizpide zuzenean, eta mugitzen den irudia azaltzen du. Baina beste batzuetan, narrazioa ekintzatik aldentzen da edo pantailan gertatzen ari denarekin zerikusirik ez duten pasarteak ehuntzen ditu gidoian. Hafifen filmetan muntaketa teknika definitzailea da; bere lehen filmetan, artista behatzaile isila izan zen, eta egunerokotasuneko koreografiak grabatzen zituen, baina 1970eko hamarkadaren hasieratik aurrera, aldiz, ohiko narrazio modua aldatu eta bitarteko artikulatzaile eta egituratzaile bihurtu ziren haren filmak. Mugitzen den irudia eta testua uztartuta, munduaren ikusmolde subjektibo bat testuinguruan kokatzen du Hafifek, besteak beste feminismoari (Notes on Bob and Nancy) edo espiritualtasunari (India Time) buruz duen ikuspegian islatuta. Clouds eta Letters to J-C lanaren bi bertsio ere proiektatuko dira.

Lekua bertako artistentzat

Martxoaren 12a, asteartea, bertako artisten lanei eskainitako eguna izanen da. Bilera bat eginen da, ateak itxita, euskal eta nafar zinemagileekin eta programatzaileekin, eta, horrez gain, ikusleek azkenaldiko lanez gozatu ahalko dute PAISAIA saioan. Aurtengo edizioan, filmak lotzen dituen gaia denboraren joanari eta haren eraginari buruzko hausnarketa da, ikuspegi eta lanketa formal oso desberdinetatik gainera: iraganeko gertaeretara itzuliz; paisaiaren eraldaketak ekartzen dituen aldaketak aztertuz; gaur egungo gure noraezean argi metaforikoa jarriz; edo belaunaldi bakoitzak hainbat garaitako afektibitate harremanen inguruan duen iritzia aztertuz. Jesús María Palaciosen Ikusleak; Maddi Barberren 592 metroz goiti; Maria Elorzaren Ancora Lucciole; eta Maider Fernández Iriarteren Amor Siempre.

Saio bereziak: John Priceren eta Robert Beaversen azken filmak

John Pricek bere azken filmak dakarzkigu, gehienak ikusi gabeak oraindik. Punto de Vistan gurekin izanen den kanadar zinemagile independente hau dokumental esperimentalak, dantzari buruko filmak eta diary films delakoak egiten hasi zen 1986an. Maite du argazkigintza analogikoa eta horrek berez eraman zuen alkimista bat bailitzan esperimentatzera hainbat motatako pelikulak eta kamerak erabiliz. Babesa jaso du hainbat erakundetatik: National Film Board, Kanadako Arteen Kontseilua, Ontarioko Arteen Kontseilua eta Torontoko The Liaison of Independent Filmmakers. Bere lanak nazioarteko jaialdietan eta galerietan egon dira ikusgai. Detroit 2010-2016, Dispersal area, Rob, Seven eta Naissance des étoiles #2 lanak proiektatuko ditu.

Robert Beaversen (Massachusetts, 1949) programan estatubatuar zinemagile esperimental honen azken lanak bildu dira. Deerfield Academy izenekoan egin zituen ikasketak, baina graduatu aurretik, 1965ean, New Yorkera joan zen zinema egiteko asmoz. New Yorken bizi izan zen 1967ra arte eta, orduan, bere lagun Gregory Markopoulos-ekin batera Europara joan zen. Azkeneko urteetan, haren atzera begirakoak egin dituzte hainbat erakundek: beste askoren artean, Londresko Tate Modern, New Yorkeko Whitney Museum, Berkeleyko Art Museum and Pacific Film Archive eta Vienako Filmmuseum-ek. Pitcher of colored light, Among de Eucaplyptuses, Listening to the space in my room, The Suppliant, eta Der Klang, die welt… lanak proiektatuko dira Punto de Vistan.

Punto de Vista Labs: Luke Fowler eta Museum of Clouds

Punto de Vista Labs jakintzak partekatzeko eta sorkuntza kolektiborako espazioan, Glasgowen bizi den Luke Fowler artista, zinemagile eta musikariak masterclass bat emanen du, eta bertan landuko ditu bere zinemagintza lanaren ardatz izan diren bi arloak: soinua eta fitxategiak. Gainera, Enceindre proiektatuko du Amaierako Saioan. Enceindre zinema eta soinu estudio bat da, XVI. mendeko bi hiri gotortutan kokatuta dagoena: Berwick-en, Inglaterra ipar-ekialdean, eta Iruñean, Nafarroan. Film hau nolabaiteko erresonantzia psikologiko bat da, defentsarako harresiek eta bastioiek osatutako konplexu historiko bat duten hirietan bizitzearen esanahia azaltzen duena.

Punto de Vista Labs-ek Museum of Clouds proiektua jasoko du, Londresko Tate Modern museoan hasi zena 2018ko urrian. Prozesuan dagoen proiektu gisa planteatu zen Museum of Clouds. Proiektu porotsu eta malgu bat. Irudimenezko espazio ibiltari bat, zinema mota jakin batean azkeneko urteetan marrazten joan den paisaia pentsatzen lagunduko diguna. Oraingo honetan, Museum of Clouds Punto de Vistara dator, programaziotik zinema eginez paisaia horri forma ematen dioten pertsonen lanari eta kontserbazio jarduerari erreparatzeko. Proiektuaren bertsio honetan, kontserbatzaileen arteko bilerak egingo dira, eta baita aurkezpen publikoak ere, arte eta zinema erakundeek eta jaialdiek elkarrekin lan egiteko modu desberdinen inguruan hausnartzeko eta era horiek partekatzeko. Aztertuko da nola eraikitzen ditugun gure audientziak, eta nola gidatzen ditugun gure programazioan barrena. Nola indartzen den komunitate bat programazio baten inguruan. Eta hausnartuko da ziklo batera gerturatzeko garaian sorkuntzarekin, kontzeptuekin eta semantikarekin zerikusia duten gaien ingurua. Oraingo honetan, lanbide honetako hiru profesional handi bilduko dira gurera: Dennis Lim, New Yorkeko Lincoln Center-eko Film Society-ko programazio zuzendaria; Eva Sangiorgi, Viennale-ko zuzendaria (Vienna International Film Festival); Edwin Carels, Rotterdameko Nazioarteko Zinema Jaialdiko programatzailea; eta Mark Peranson. Ohore handia izango da haiek gurekin egotea. Museum of Cloudseko komisarioak dira Garbiñe Ortega eta Andrea Lissoni (Senior Curator, Tate Modern Film).

Punto de Vista 2019ko goiburua


2019ko Punto de Vistakoa irudirik gabeko zinema jaialdi baten goiburua izanen da. Eta aldi berean, inoiz ez dira horrenbeste irudi jaso pantaila batean. Aurten, Punto de Vistako goiburuan zenbait artistaren lana batu da: Chris Watson soinu artista ingelesaren, Ánde Somby yoiker-aren eta Zazpi T’erdi kolektiboko errealizadoreen lana. Aurtengo edizioaren motiboetako bat ahotsa izanik, Europa iparraldeko Sámi indigena komunitatearen unibertsora gerturatuko gara, eta ikusiko dugu ahotsaren eta antzinako kantu honen bidez pertsonak, animaliak, naturako elementuak (ibai bat edo harri bat, adibidez) edo lurpeko energiak kanalizatzen dituztela xamanen moduan.

Errekorra akreditazioa lortu duten profesionalen eta ikasleen kopuruan

Akreditazioak lortzeko epea amaitu den honetan, esan daiteke aurten inoizko parte hartzerik handiena izango dugula zinemaren munduko nazioarteko profesionalei dagokienez. Zinemagileak, irakasleak eta programatzaileak kontuan hartuta, 200 profesionaletik gora etorriko dira gurera, eta horien artean izango ditugu munduko jaialdi entzutetsuenetako programatzaileak, hala nola Bernilalekoak, Locarnoko Zinema Jaialdikoak edo Washingtoneko National Gallery of Art-ekoak. Eta akreditazioa lortu duten ikasleei dagokienez ere, errekorra: hainbat zinema eskolatako (ESCAC, Bartzelona; EQZE, Donostia; ECAM, Madril; Master LAV, Madril; edo Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa) 140 ikasle izango dira gurean irakasleekin batera aste honetan, eskolak etengo baitituzte Punto de Vistara etorri ahal izateko.

Punto de Vista 2019ko kolaboratzaileak


Programako proposamenei babesa emanez, kolaboratzaileak eta bazkideak bilatzearren aurreko urteetan abiatutako lanak jarraipena izan du 13. edizio honetan. Punto de Vistak sendotu eta garatu egingo du aurreko urteetan hainbat erakunderekin (Iruñeko Udala, Nafarroako Kutxa Fundazioa, Planetarioa, Nafarroako Filmoteka, Huarteko Arte Garaikideko Zentro, Donostiako Elías Querejeta Zinema Eskola edo Radio 3) ezarritako harremana, baina bidelagun berriak ere eginen ditugu, hala nola Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultatea, Reina Sofia Muesoa, Kanadako Enbaxada Espainian edo estatuko zinema eskolekin lantzen ari diren proposamenak.

Gainera, Dennis Lim eta Andrea Lissoni Punto de Vistan izango ditugu Acción Cultural Española (AC/E) erakundearen babesari esker, Espainiako Kultura Nazioartekotzeko Programaren (PICE) bidez (Bisitarien modalitatean).

Zerrendara itzuli

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.