Inoiz baino jende gehiago bildu da aurtengo Punto de Vista Jaialdira

Inoiz baino jende gehiago bildu da aurtengo Punto de Vista Jaialdira
2020/03/12

9.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Jaialdiko jardueretan.

Punto de Vistaren 15. edizioa 2021eko martxoaren 15etik 20ra izango da.

Astebetez, Estatuko eta nazioarteko ez-fikziozko filmik onenak ikusgai egon dira eta zinemagile, profesional eta ikasleek bilgune bat izan dute Iruñean, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuak sustatuta eta NICDOk antolatuta. Eta orain, balantzea egiteko ordua da.

Guztira 9.000 pertsonatik gora bildu dira Punto de Vista Jaialdian antolatutako jardueretara; inoiz baino jende gehiago. Horien artetik, 7.179 Baluarten bildu dira, Jaialdiaren egoitza nagusian, eta gainerakoak, 1.900 inguru, beste egoitza hauetan: Nafarroako Filmoteka, Iruñeko Planetarioa, Civivox Sarea, Civican, Uharteko Arte Garaikideko Zentroa, Gayarre Antzokia edo Katakrak-en. Jendearen erantzun on horrek frogatzen du programazioak eta antolatutako jarduerek harrera ona izan dutela eta, era berean, Jaialdia finkatuta dagoela eta heldutasunera iritsi dela. Aurtengo edizioan, 24 jardueratan edukiera bete dute bertako eta kanpoko ikusleek eta profesional eta ikasle akreditatuek. Edukiera bete den saioen artean bereziki azpimarratzekoak dira aurtengo edizioko atzera begirakoak, hezkuntza programako tailerrak edo Radio 3-eko irratsaioak (Katakrak-en), beste batzuen artean.

Pertsona akreditatuen kopurua ere inoizko handiena izan da. Hain zuzen, 400dik gora akreditatu egon dira guztira: 200 baino gehiago ikus-entzunezkoen hainbat arlotako profesionalak (zinemagileak, Jaialdian film bat edo jarduera bat izan duten artistak edo akademikoak, zuzendariak, ekoizleak, banatzaileak, irakasleak, programatzaileak eta jaialdietako zuzendariak), 179 ikasleak, eta 70etik gora kazetariak. Punto de Vista 2020ra jaialdi, museo eta kultura erakunde nazional eta nazioarteko hauek bildu dira, beste batzuen artean: Donostiako Zinemaldia, ICAA, Pompidou Zentroa, Reina Sofia Museoa, DocLisboa, Harvard Film Archive eta Haus der Kulturen der Welt. Azpimarratzekoa da Espainiako zenbait unibertsitatek eta zinema eskolak garrantzi handia ematen diotela Punto de Vistari eta, horren isla, joan den astean haien ohiko jarduera alde batera utzi eta Jaialdira bildu ziren. Honako hauek, hain zuzen: ESCAC (Bartzelona), ECAM (Madril), EQZE (Donostia), Universitat Pompeu Fabra (Bartzelona), EFTI (Nazioarteko Fotografia eta Zinema Zentroa), Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Dokumental Sortzailearen Masterra, Rey Juan Carlos Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitatea eta Máster LAV (Madril).

Nafarroako filmek arrakasta handia izan dute ikusle kopuruari dagokionez, eta Baluarteko Ganbera Aretoa eta Civivox Condestable betetzea lortu dute Maddi Barberren “Gorria” (X Films 2019 irabazi zuen) filmaren mundu mailako estreinaldiak, Oskar Alegriaren “Zumiriki” filmaren bi proiekzioek, Ione Atenearen “Enero” filmak (azken biak estreinakoz ikusi dira Nafarroan) eta Zazpi T’erdi-ren “La vía flotante” filmak.

Guztira 69 saio egin dira, filmen proiekzioak eta bestelako jarduerak batuta. Saio eta jarduera gehienak Baluarten egin dira, Ganbera, Corona, Gola eta Luneta aretoetan. Baina hiriko beste zazpi espazio ere Jaialdiaren egoitza izan dira: Nafarroako Filmoteka, Iruñeko Planetarioa, Civivox Sarea, Civican, Uharteko Arte Garaikideko Zentroa, Gayarre Antzokia eta Katakrak. Gainera, beste jarduera batzuk ere egin dira Nicolette klubean, Nébula tabernan, Geltoki-n, 3 Reyes hotelean edo Medialuna tabernan.

ERAKUNDEEN ARTEKO SINERGIAK
Punto de Vista, gaur egungo dimentsioekin eta ezaugarriekin, ezinezkoa litzateke tokiko, Estatuko eta nazioarteko erakunde askorekin egindako itunengatik ez balitz.
Hala, Acción Cultural Española (AC/E), Goethe-Institut eta Institut Français-ek zinemagileak eta epaimahaietako kideak lortzen lagundu dute, eta Cervantes Institutuak X FILMS X programa garatu du Jaialdiarekin batera (haren proiekzioak eginen ditu bere egoitzetan 2020an zehar). Bestalde, Ute Aurand, Helga Fanderl, Renate Sami eta Jeannette Muñoz-en atzera begirakoa ikusgai egonen da Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan, Bartzelonako CCCB - Centre de Cultura Contemporània-n eta CGAI - Centro Galego de Artes da Imaxe-n.
Tokiko mailan, Jaialdiak honako hauen laguntza izan du: Iruñeko Udala, Nafarroako Kutxa Fundazioa, Nafarroako Filmoteka, Iruñeko Planetarioa, Nafarroako Unibertsitateko Komunikazio Fakultatea, Gayarre Antzokia, Uharteko Arte Garaikideko Zentroa, Reyno Gourmet eta Bodegas Artazu.

BERTAKO LANAK
Punto de Vistak leku nabarmen eta berezia betetzen du nazioarteko zinema jaialdien ekosisteman, baina betiere bertako ekoizpenak bultzatzen ditu. Aurten, gorago aipatu diren proiekzio arrakastatsuez gain, Paisaia ere egin da, euskal eta nafar errealizadoreen lan berrienen bi proiekziorekin, eta errealizadore horien eta programatzaileen arteko topaketa bat ere antolatu da. Hezkuntza programaren baitan, denei zabaldutako jarduerak egin dira: hiru tailer Civivox Mendillorri eta Civivox Condestable guneetan, haietako bat Marina Lameiro nafar zinemagileak emandakoa, eta haurrentzako bi proiekzio Planetarioan eta Baluarten. Gainera, tailerretako bati amaiera emateko erakusketa txiki bat egin da Baluarten, parte hartzaileen lanekin. Bestalde, Drac Màgic kolektiboak tailer bat eta bi proiekzio iruzkindun egin ditu DBHko bigarren zikloko, Batxilergoko eta heziketa zikloetako ikasleentzat. Amaitzeko, NAPARDocs-en bigarren edizioa egin da, Napar ikus-entzunezkoen ekoizpen etxeen eta profesionalen elkarteak nafar dokumentalistei begira antolatutako topaketa, zeinean Jaialdiko hiru gonbidatu aritu ziren mahai inguruen moderatzaile lanetan.

OIHARTZUNA HEDABIDEETAN
Jaialdiak oihartzun handia izan du hedabideetan eta, hortaz, Iruñea eta, hedaduraz, baita Nafarroa ere, kulturaren bultzatzaile gisa agertu dira Estatuan nahiz nazioartean. Era horretan, Punto de Vista Estatuko hedabide jeneralistetan nahiz espezializatuetan agertu da, bai eta gure mugetatik kanpoko argitalpenetan ere. Gainera, Jaialdiak estaldura mediatiko oso zabala izan du aurten Jaialdiaren berri ematea erabaki duten tokiko eta eskualdeko hedabideetan.

Bestalde, Radio 3ek lau irratsaio oso eskaini dizkio Punto de Vistari. Hala, zinemari buruzko “El séptimo vicio” irratsaioaren hiru programa eta “Tres en la carretera” asteburuko magazinaren programa bat egin dira Iruñeko Katakrak-en. Denetan edukiera ia guztiz bete da eta, gainera, La Furia, Iseo & Dodosound eta Melenas taldeek emankizuna eskaini dute.

BOLUNTARIOAK ETA GAZTEEN EPAIMAHAIA
Aurten ia 40 izen emate egon dira gazteen epaimahaiko kide izateko, eta 60 boluntario talderako, eta horrek frogatzen du Jaialdia nabarmen ari dela zabaltzen bereziki gazteen artean, Nafarroan nahiz beste probintzia batzuetan.
Azkenean 24 pertsona aukeratu dituzte gazteen epaimahairako, eta haren saria Kathryn Elkin-en “Queen” lanarentzat izan da; bestalde, 29 boluntario aukeratu dituzte komunikazioan, bideografian, fotografian eta aretoetan laguntzen aritzeko.

PUNTO DE VISTA 2020: ZIFRA NABARMENENAK
9.000 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Punto de Vista 2020ko jardueretan.
24 saiotan edukiera bete da.
Jaialdian 139 film proiektatu dira eta 69 saio egin dira, proiekzioak eta beste jarduera batzuk batuta.
400 akreditatutik gora egon dira, profesionalak, kazetariak eta ikasleak batuta.
Punto de Vista 2020n munduko 25 herrialde baino gehiagotako ordezkariak bildu dira: Egipto, Japonia, Siria, Kolonbia, Erresuma Batua edo Dominikar Errepublikako filmak proiektatu dira, besteak beste.
Punto de Vista 2020n emakumeek zuzendutako filmak izan dira nagusi, eta horrek islatzen du gero eta emakume gehiagok jarduten dutela zineman, eta bilakaera hori modu guztiz organikoan gertatzen ari da. Sail Ofizialeko 23 filmetatik 12 emakumeek zuzendutakoak izan dira. Gainera, Punto de Vistako hiru atzera begirakoak emakumeei eskaini zaizkie edo emakumeek jardun dute komisario gisa haietan: Anne Charlotte Robertson, Erika Balsom, Ute Aurand, Renate Sami, Helga Fanderl eta Jeannette Muñoz.
Jaialdia 8 egoitzatan gauzatu da: Baluarte, Nafarroako Filmoteka, Iruñeko Planetarioa, Civivox Sarea, Civican, Uharteko Arte Garaikideko Zentroa, Gayarre Antzokia eta Katakrak-en.

Zerrendara itzuli

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.