Hilaren 29an, larunbatean, haurrentzako saioa egingo da Planetarioan eta hilaren 6an, ostiralean, egingo den Elefanteen hilerria tailerrean izena emateko epea irekita dago
Hilaren 29an, larunbatean, 12:00etan, 2020ko Punto de Vista jaialdiko haurrentzako saioa egingo da Iruñeko Planetarioan. Viaje hacia la luz izenburupean, haur eta gazteentzako film labur animatuen aukeraketa bat eskainiko da. Planetarioan, zineman murgiltzeko esperientziaz gozatzeko gonbidapena da, animalien erreinuaren eta su artifizialen bidez. Sarrerek 5 euro balio dute eta Planetarioaren webgunean izango dira salgai. Haurrentzako programaren barruan, saio bat egingo da Baluarten, hilaren 7an (larunbata), 11:00etan.
Elefanteen hilerria tailerrean izena emateko epea irekita dago. Carlos Casas artistak eskainiko du Civivox Condestablen martxoaren 6an (ostirala) 17:30etik 18:10era, 6-12 urte arteko haurrentzat. Tailerra soinu esperientzia murgiltzaile bat da. Bertan, haurrek, ilunpetan, soinu bat entzungo dute, eta soinu horrek nora daramatzan marraztuko dute, irudizko leku bat. Tailer horri esker, parte hartzaileak beste modu batera hurbilduko dira elefanteen mundura eta mundu naturalera, eta entzumena garatzeaz gain, irudimena landuko dute. Helbide honetara idatziz eman daiteke izena: info@puntodevistafestival.com
Otsailaren 8an eta 15ean, Civivox Mendillorrin Gutun Filmatuak tailerra egin zen, Marina Lameiro zinemagile nafarraren eskutik. Tailerrean egindako bideoa Punto de Vistaren YouTubeko kanalean ikus daiteke: bit.ly/2PpGtd5. Parte hartzaileek gutun bat idatzi zuten taldean, botila batean sartzeko mezu bat izango balitz bezala, eta beren material propioa sortu zuten, tailerrean aukeratutako gaiaren arabera.