Punto de Vistak bere programazio osoa eta "Ez diren gutunak ere badira" ekimena aurkeztu ditu

Punto de Vistak bere programazio osoa eta "Ez diren gutunak ere badira" ekimena aurkeztu ditu
2021/03/09

Ikus-entzunezko proiektu kolektiboa, zortzi zinemagile garaikideri beste zuzendari bati gutun filmatu bat idaztea proposatu diena, jaialdiaren amaiera ekitaldiaren parte izango da.

Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuaren Kultura eta Kirol kontseilariak, Garbiñe Ortega Punto de Vistaren zuzendari artistikoak eta Teresa Morales de Álava Punto de Vistaren zuzendari exekutiboak martxoaren 15tik 20ra Iruñean eginen den jaialdiaren egitarau osoa aurkeztu dute gaur goizean, prentsaurrekoan. Topaketan aurtengo Pelikulen gisako gutunak argitalpena eman da ezagutzera, La Fábrica-rekin batera argitaratutakoa, zeinak jarraipena ematen dion 2018an egindakoari eta sortzaileen arteko gutun liluragarriak biltzen jarraitzen duen, oraingoan zinemagile garaikideenak. Halaber, Ez diren gutunak ere badira ikus-entzunezko proiektu kolektiboa aurkeztu da. Bertan, hainbat zinemagile garaikidek gutun filmatu bana idatzi diote zinemaren historiako beste zinemagile bati, pertsonan ezagutu ez duten bati, eta jaialdiaren amaiera ekitaldian lehen aldiz proiektatuko dira.

Aurreko edizioen ildoari jarraituz, Punto de Vistak zazpi sail nagusi izango ditu. Sail ofizialean 32 film aurkeztuko dira, mundu osotik etorritako proposamenen artean aukeratuak; Atzera begirakoak Amos Vogel kuradore eragingarriari eta Nancy Holt artistari eskainiko zaizkie; DOKBIZIAk diziplina desberdinetako artistak bilduko ditu, besteak beste Lois Patiño, C.W. Winter, María Salgado, Vera Mantero, Xabier Erkizia, Fermín Jiménez Landa, Oier Etxeberria edo Sam Green, eta errealitatearekin erlazionatzeko duten beren modua azalduko dute; Punto de Vista Labs espazioan, jakintzak eta sorkuntza kolektiboa partekatuko dira; eta Foku garaikideetan, Robert Fenz-en 16 mm-ko lanen proiekzioak, Pedro G. Romeroren Nueve Sevillas azken filmaren proiekzioa, Forensic Architecture-ko Nicholas Zembashi ikertzailearekin Point of View saioa edo Lawrence Abu Hamdan soinu artistarekin topaketa bat izanen ditugu. Gainera, Saio bereziak eginen dira, besteak beste X Films edo Euskadiko eta Nafarroako zinemagileen Paisaia topaketa; eta, azkenik, Hezkuntza programa, jaialdia ikusle berriei zabaltzen jarraitzen duena.

Presentziala, online eta aire zabaleko espazio berri batekin: Plaza
Punto de Vistaren 15. edizioa modu presentzialean eginen da, segurtasun neurri guztiak betez. Gainera, jaialdiaren programazioaren zati bat online eginen da, Festival Scope plataformaren bidez. Saio presentzialetako sarrerak eta online abonuak salgai daude dagoeneko jaialdiaren webgunean: www.puntodevistafestival.com.

Bestalde, Punto de Vistak topagune berri bat izango du aurten, Plaza, Iruñeko Udalarekin elkarlanean antolatua. Izan ere, aire zabaleko karpa bat jarriko da Baluarteko plazan, jaialdiaren egoitza nagusian, jendea bertan biltzeko eta hainbat jardueratan parte hartzeko. Bertan jaialdiaren prentsaurrekoak eginen dira, 2020an Udalak sortutako Los No San Fermines piezaren bi emanaldi programatuko dira egunero, sarrera librearekin edukiera bete arte, Dardara-ri buruzko hitzaldia antolatuko da Marina Lameiro, Gorka Urbizu eta Garbiñe Ortegarekin, Punto de Vistaren aurreko urteetako edukiak proiektatuko dira eta Napardocs antolatuko da, Napar-en ekimena Clavna-rekin elkarlanean, zeina jada hainbat urtez egin den eta jaialdian parte hartzen duten zinemagileak eta elkartea biltzen dituen.


Ez diren gutunak ere badira
Garbiñe Ortega Punto de Vistaren zuzendari artistikoari ikus-entzunezko proiektu kolektibo bat bururatu zitzaion Matías Piñeiro zinemagilearen laguntzarekin. Proiektu horretan, hainbat zinemagilek gutun filmatu bana idatzi diote zinemaren historiako beste zinemagile bati, pertsonan ezagutu ez duten eta beren zinematik ahalik eta urrunen dagoen zinemagile bati. Horrela sortu zen Ez diren gutunak ere badira.

Beatrice Gibson, Nicolás Pereda, Deborah Stratman, Lynne Sachs, Raya Martin, Jessica Sarah Rinland, Alejo Moguillansky eta Diana Toucedo-k egin dute jaialdiaren amaiera ekitaldian aurkeztuko den zortzi film laburreko bilduma hau, dimentsio berri bat aurkitzen duena film horiek batera jartzean. Artista horien gutun filmatuen hartzaileak askotarikoak dira, Jean Vigo, Wes Craven, Chantal Akerman, Chick Strand, Michelangelo Antonioni, Danièle Huillet, Barbara Loden, Nina Menkes, Bette Gordon edo Nancy Holt. Eta emaitza bidaia zoragarri bat da, haien kidetasun, miresmen eta sorkuntza prozesuetan barrena.

Pelikulen gisako gutunak

Liburu hau 2018an sortu zen proiektu baten emaitza da —orduan, Korrespondentziak: pelikulen gisako gutunak argitaratu zen—, eta orduz geroztik zinemagileen arteko gutun liluragarriak biltzen jarraitu da, lotura eta harreman pentsaezinak azaltzeko, genealogia eta familia zinematografiko berriak marrazteko. Aurten, gutunen bigarren bilduma argitaratu du Punto de Vistak La Fábrica-rekin, oraingo honetan duela gutxira arte jardunean egon diren zinemagile garaikideei begira jarrita.

Liburua hainbat eratan irakur daiteke, izan ere, proposatzen ditu eskutitzen eta irudien arteko erlazioak, denboran jauziak, esplizituak ez diren gaikako azpikapituluak, omenaldi sekuentziatu txikiak (Harun Farocki-ri edo Amerikako abangoardiako zinemaren belaunaldi bati eskainitakoa, adibidez), eta gaur egungo zinemagileek proiektu honetarako idatzitako gutun asmatuak, pertsonan ezagutu ez dituzten eta bizirik ala hilik dauden zinemaren historiako zinemagileei zuzenduak.

Sail ofiziala
2021eko Punto de Vistaren Sail ofiziala 10 programatan antolatuko da, askotariko gaiak aztertzen dituzten filmekin: etxekoa eta egunerokoa denaren behaketa, paisaiarena eta psiko-geografiena, edo historia, genero indarkeria edo musika esperimentaleko konpositoreei buruzko hausnarketak.
Sail honetan 30 film baino gehiago egonen dira, horien artean Courtney Stephens-ek eta Pacho Vélez-ek zuzendutako The American Sector film luzea, errepidez egindako bidaia zatikatu bat, zeinean Estatu Batuetan monumentu publiko gisa jarri diren Berlingo harresiaren zatiak ezagutuko ditugun. Bestalde, jaialdian izanen ditugu hurbileko zenbait zuzendari, hala nola Jorge Moneo Quintana (In Ictu Oculi begiak hesteko artean), Patricia Esquivias (Cardón Cardinal), Pablo Marín (Trampa de Luz) edo Santiago Bonilla (Paralelo 28).

Aipatzekoa da, gainera, The Works and Days (of Tayoko Shiojiri in the Shiotani Basin) filma, C.W. Winter eta Anders Edström zuzendariena, 2020ko Berlinaleko obra handietako bat. 8 orduko film luze hau Nafarroako Unibertsitatea Museoan (MUN) proiektatuko da, jaialdiaren egoitza kolaboratzaile berrian.

MUN, Civivox Kondestablea, Planetarioa, Gayarre Antzokia, Nafarroako Filmategia eta Oteiza Museoa
Baluarten eta Nafarroako Unibertsitatea Museoan eginen diren jarduerez gain, Punto de Vistak edukiak programatuko ditu hainbat egoitzatan. Civivox Kondestablean bi topaketa interesgarri eginen dira martxoaren 16an, asteartean, Xabier Erkizia soinu artistarekin eta Ramón Andrés saiakeragile eta pentsalariarekin. Iruñeko Planetarioan, berriz, programa bikoitz bat eskainiko da: Lois Patiñoren eta Erkiziaren beraren Luces recorren mi garganta, eta C.W. Winter-en The Works and Days: The Black Sessions. Gayarre Antzokiak ateak zabalduko dizkio berriz jaialdiari, eta saio oso berezi bat eginen da bertan Vera Mantero dantzari eta koreografoarekin. Nafarroako Filmategian Amos Vogeli eskainitako atzera begirako osoa eginen da. Eta azkenik, martxoaren 20an, larunbata, Oteiza Museoak Punto de Vistarekin bat eginen du lehen aldiz, eta saio bikoitz bat eginen da bertan, Nancy Holten atzera begirakoaren programa bat eta Maria Salgado poetaren Salitre proposamena bilduko dituena.

Nafarroa Punto de Vista 2021en
Nafarroako lurraldea oso presente egonen da aurten ere Punto de Vistan. Dardara, Marina Lameiro nafar zinemagilearen film luzea, Berri Txarrak rock talde nafarraren agur biran grabatua, jaialdiaren inaugurazioan estreinatuko da; horixe izanen da filmaren mundu mailako estreinaldia. Filmak Nafarroako Gobernuaren babesa izan du, Generazinema laguntzen bidez.

Nabarmendu beharreko beste sail bat Paisaia da, eta bertan aurkeztuko dituzte euskal eta nafar dokumentalen ekoizpeneko film berri eta arriskutsuenak. Aurten aukeratutako filmetan off-eko ahotsean berreraikitako biografiak arakatzen dira hainbat teknikaren bidez (argazki eta gutun artxiboak, telefono bidezko elkarrizketak), eta oroitzapenei, bizitzako bidaiei eta euskal ondare historikoari buruzko meditazio bat proposatzen da. Programa honen barruan film hauek proiektatuko dira: Lur Olaizolaren Zerua blu (2020), Peio Aguirreren Un retrato de N.B. (2020), Koldo Almandozen eta Maria Elorzaren Quebrantos (2020), eta María Sánchezen Agiña (2019).

Gainera, Punto de Vistan mundu mailako estreinaldi bat eginen da: Alberto Graciaren Tengan cuidado ahí fuera filma, 2020ko X Films irabazi zuena. X Filmsen helburua bikoitza da: alde batetik, errealizadore berriei obra berri bat sortzeko aukera eman nahi die eta, aldi berean, urtero dokumentalen panoramako ahots berriak Nafarroara hurbildu nahi ditu.

Azkenik, aurten ere Napardocs eginen da, Nafarroan zinema dokumentala egiten dutenentzako hausnarketa gunea, eztabaidatzeko gune irekia hiru lan mahairekin: zuzendaritza, ekoizpena eta banaketa. Jarduera hau NAPAR Nafarroako Ikus-entzunezkoen Ekoizle eta Profesionalen Elkarteak antolatzen du.



Kolaboratzaileak
Jaialdiko kolaboratzaileei dagokienez, Punto de Vistak bere ohiko hainbat bazkiderekin harremana mantenduko du 15. edizio honetan eta akordio berriei ekinen die. Hala, jaialdiak lankidetza are estuagoa izanen du Civivox Sarea, Iruñeko Planetarioa, Nafarroako Filmategia, Gayarre Antzokia edo Goethe-Institut erakundearekin, eta harremana abiatuko du La Fábrica, Nafarroako Unibertsitatea Museoa edo Oteiza Museoarekin. Bestalde, Espainiako Filmategia, Cineteca eta Kataluniako Filmategiarekin lortutako lankidetzari esker, Amos Vogelen atzera begirakoa ibiltaria izanen da.

Azpimarratu behar da pandemian, kulturaren beste sektore batzuek bezala, zinema jaialdiek ere denbora izan dutela loturak eta sareak sortzeko, eta horrela sortu direla jaialdi elkarte batzuk, hala nola Pantalla federazioa, eskualdeko koordinatzaileak biltzen dituena, edo La Mesta, hainbat probintziatako jaialdiak biltzen dituena; bada, Punto de Vistak bat egin du biekin. Lankidetza horren ildotik, Pantallarekin batera lan mahai instituzional bat antolatuko da, eta jaialdien lana babesten duten hainbat erakundek parte hartuko dute bertan.

Zerrendara itzuli

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.