Atzerako kontaketa Punto de Vista 2022 jaialdia hasteko

Atzerako kontaketa Punto de Vista 2022 jaialdia hasteko
2022/03/09

Martxoaren 14etik 19ra bitarte, 20 herrialdetako 100 filmetik gora proiektatuko dira.

Gaur aurkeztu da, prentsaurrekoan, Nafarroako Gobernuak sustatu eta NICDO sozietate publikoak antolatzen duen Punto de Vista jaialdia; Iruñean izanen da, martxoaren 14tik 19ra bitarte. Rebeca Esnaola Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol kontseilariak, Manuel Asín Punto de Vista jaialdiaren zuzendari artistikoak eta Teresa Morales de Álava Jaialdiaren zuzendari exekutiboak hamaseigarren edizio honetako edukiak eta programazioa aurkeztu dituzte.

Sarrerak salgai daude jada

Salgai daude jada jaialdiko saio guztietarako sarrerak, jaialdiaren webgunearen bitartez: www.puntodevistafestival.com. Sarreren prezioa, oro har, 3 euro izanen da saio bakoitzeko, salbuespen batekin: martxoaren 19an, larunbatean, Oteiza Museoan izanen den programa bikoitzak 8 euroko kostua izanen du, Baluartetik autobus zerbitzua ere sartzen baita prezioan.

Publiko guztientzako proposamenak

Edizio honetako bi atzerabegirakoei dagokienez, Marokoko zinema dokumentalaren hastapenari buruzkoa izanen da bata, eta bestea ibaiei buruzkoa, zinemaren historian agertu izan diren elementu sozial eta natural gisa. Proiekzio, aurkezpen eta solasaldiez gain, gai horiekin lotutako gonbidatu ugari jasoko ditugu, eta eztabaidarako jarduerak antolatuko ditugu, hala nola mahai-inguruak, hitzaldiak eta elkarrizketak. Azken alderdi hori, hausnarketarena, zinema dokumentalaren bereizgarri den aldetik, funtsezkoa da aurten aurkeztuko ditugun bi sail berrietan: Lan, sorkuntzako eta ekoizpeneko prozesuak ardatz izanik; eta Kontaktuak, jaialdiaren azken lau edizioetan zabaldutako bideari jarraikiz, zinema sorkuntzaren eta ezagutzaren beste diziplina batzuetara irekitzen jarraitzeko.

Horretaz guztiaz gain, bi zinemagile garaikide garrantzitsu izanen ditugu gure artean, beren filmak jaialdian aurkezteko: Sofia Bohdanowicz, Artxiboko Fikzioak fokuaren protagonista Payal Kapadia-rekin batera; Lucía Salas gure kideak programatu du. Eta Manuela Serra, Portugalgo O Movimento das Coisas (1985) film mitikoaren egilea; Portugalgo Zinematekak berriki zaharberritu duen kopia proiektatuko dugu.

Nafarrak Punto de Vista 2022 jaialdian

Nafarroak ordezkaritza oso garrantzitsua izanen du aurten Jaialdiko programazioaren barruan, geure ikus-entzunezkoen industriak bizi duen sasoi onaren adierazgarri. Punto de Vistaren inaugurazioan Ione Atenea zinemagile nafarraren film luze berriaren munduko estreinaldia izanen dugu: Los caballos mueren al amanecer. Bestalde, Arantza Santestebanek 918 GAU aurkeztuko du Sail Ofizialean; kritikak oso harrera ona egin dio lanari, eta Lisboako eta Turingo jaialdietan Film Onenaren Sariak irabazi ditu. Gainera, San Simón 62 filmaren munduko estreinaldia ere izanen dugu; X Films proiektuaren azken edizioko garailea izan zen, eta urte osoan Nafarroan barrena ibili dira Irati Gorostidi eta Mirari Etxabarri filma grabatzen. Foru Erkidegoko ibaiak ere presente egonen dira Encuentro en el río (Topaketa ibaian) atzerabegirakoan, Miriam Martín zinemagile eta programatzaileak proposatuta. Martxoaren 18an, ostiralarekin, 11:00etan, bi ordu inguru iraunen duen paseo bat antolatuko dugu ibaian barrena: El Arga encantado (Arga, sorgindua); Santa Engrazia zubitik abiatuko da, eta edonor joan daiteke, aurrez izena eman behar izan gabe eta jaialdira joan behar izan gabe. Azkenik, Nafarroako ordezkaritza izanen dugu sail berri batean ere: Lan, izan ere, Paisaiaren bi saioak eta Zinema Zubiak topaketa bilduko baititu, azken hori Napardocs proiektuan bat egin duten ekoizle nafarren eskutik.

Kontziliazioaren alde

Aurten, gainera, kontziliazioaren alde egin dugu jaialdian, eta Punto de Vista ludoteka sortu dugu: Puxika Gorria. Hortaz, bularra emateko txoko bat izateaz gain, sei hilabetetik hamabi urtera bitarteko haurrentzat gune bat ere izanen dugu, eta akreditatutako pertsonek ez ezik, publiko orokorrak ere baliatu ahal izanen du zerbitzua, martxoaren 17an, 18an eta 19an. Plaza erreserbatzeko aukera dago jada, gure webgunearen bitartez.

Goiburua

Estampa kolektibo artistikoa da, eta errealizatzaileak, programatzaileak eta ikertzailek biltzen dira bertan; ikus-entzunezko esperimentalaren eta ingurune digitalen esparruak lantzen dituzte, eta edizio honetako proiekzio guztien hasieran proiektatuko dugun goiburua egin dute.

Jaialdiaren goiburuetan Nafarroako Fototekako funtsaren estereoskopiak berreskuratu ditugu. Hiru dimentsioko gailuaren bitartez, pare bakoitzeko bi irudien fotogramaz fotogramako segida ikusten da, flicker batean bezala. Horrela, argazkiak bere zentzua eta forma berreskuratzen ditu. Goiburu bakar baten ordez, hainbat bertsio egiteko aukera ematen duen formatuaren alde egitea erabaki dugu (guztira, hemezortzi egin ditugu). Hartara, irudiak nondik datozen birsortzen da, artxibo bat, baita irudien bilduma izaera ere. Irudi bakoitzari berezko lilura baldin badario, multzo gisa elkarri oihartzuna egiten diote eta efektuak biderkatzen dituzte. Alboratzearen erlazio eta oihartzunak dira, dela gordeta dauden artxiboetako alboratzearenak, dela egun hauetan ikusgai dauden muntaketaren alboratzearenak.

Laguntzaileak

Aurten ere, Punto de Vistarekin elkarlanean jarduten duten kulturaren industriako nazioko eta nazioarteko erakunde eta eragileen sarea zabaltzen jarraitu dugu. Aurreko edizioetan abiarazitako elkarlanei eutsiko diogu Jaialdian: ICAA, Acción Cultural Española, Uharte zentroa, Iruñeko Udala Civivox sarearen bitartez, Nafarroako Kutxa fundazioa, Radio 3, Nafarroako Filmoteka, Jorge Oteiza Museoa fundazioa, Goethe-Institut, NAPAR eta Nafarroako Ikus-entzuneko Klusterra, Cineteca, Institut Français edo Elías Querejeta Zine Eskola.

Eta, horietaz gain, bidaide berriak ditugu aurten, hala nola Golem, Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionala, Casa Árabe, CIMA, FCAT Afrikako Zinemaren Jaialdia, Marokoko Zentro Zinematografikoa, Nafarroako Artxiboa, Instituto Cervantes Tánger, Le Ballon Rouge, Kanadako enbaxada, Espainiako Filmategia, Zinemateka Frantsesa, Zinemateka Portugesa, Cinemateca Bologna/ The Film Foundation/ World Cinema, Antartika, Injuve edo Festival Scope plataforma.

Nabarmendu behar dugu, halaber, pandemiaren ondorioz sortutako elkarteetan aktiboki parte hartzen jarraitzen dugula, hala nola Federación Pantalla, La Mesta edo Red Ibero Fest.

Zerrendara itzuli

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.