Sail berri honetan izanen ditugu, besteak beste, gutun zuri bat, performanceak edo Elena Asins-en obrari buruzko dokumental baten mundu estreinaldia Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionalarekin lankidetzan, eta iragarpen honekin jaialdiaren programazioa itxi dugu.
Hilabete eskas falta da Punto de Vista jaialdiaren hamaseigarren edizioa abiatzeko —Nafarroako Gobernuak sustatuta eta NICDO sozietate publikoak antolatuta—, eta, programazioa ixteko, sail berri bat iragartzera goaz: Kontaktuak.
Kontaktuak sailean, gainerako diziplina artistikoetara eta zientziak esaten diegun ezagutzaren jardueretara zabaltzen da zinema. Hori bereziki garrantzitsua da zinema dokumentalari dagokionez, definizioz hausnarketara eta ezagutzara bideratzen den aldetik, eta gainerako arte garaikideekin errealitatea ikertzeko interesa partekatzen duen aldetik. Sailaren izena Espainiako zinemaren historiako filmik erradikal eta urratzaileenetako batetik dator: Contactos (Paulino Viota, 1970); jaialdiko lehenengo Heterodocsias Rewind sailean parte hartu zuen film horrek, 2010ean.
Horrela, bada, Punto de Vista jaialdiak gutun zuria eskaini dio Fernando Gandaseguiri arte bizien programazio proposamen baten komisario lanak egin ditzan, jaialdiaren azken edizioetako jarduerarik emankorrenetako bat izan baita eta, Garbiñe Ortega aurreko zuzendari artistikoak abiatu ostean, egungo programazio batzordeak eutsi egin dio horri, sail berri honen bitartez. Horretarako, artista, kuradore eta ikertzaileak aurtengo hausnarketa ildoetako bat hartu du abiapuntu: ibaiak; izan ere, edizio honetako bi atzerabegirakoetako bat ibaien inguruan egituratzen da. Fernando Gandaseguiri emandako gutun zuriaren izenburua Desbordes: otra historia del ojo da.
Bestalde, Jaialdiaren barruan proiekzio bat eta performance sorta bat ere izanen dira, Bruno Delgado Ramo, Esperanza Collado, Paula Guerrero eta Javier Monteroren eskutik. Pantailarako ekintzak izenburupean, programa honetan pantailari buruzko hausnarketak eginen dira, geometriatzat eta zinemaren gutxieneko elementutzat hartuta. Jarduera horiek guztiak Oteiza museoan izanen dira.
Bukatzeko, Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionalarekin lankidetzan, Aquí no hay nada que comprender dokumentalaren munduko estreinaldia eginen dugu; Elena Asins (1940-2015) artista madrildarrari buruzko dokumentala da, luzaroan Azpirotzen (Nafarroa) bizi izan zen eta. Horretaz gain, Líneas y puntos (2010) ere proiektatuko dugu, Asins-ek ere laguntzaile Gorka Alda konpositorearekin batera egindako sorkuntza ugarietako bat. Gorkak berak hautatu du pieza hori, egun horretarako berariaz.
Martxoaren 3an iragarriko du Punto de Vistak programazio osoa, eta egun horretan jarriko ditu salgai, halaber, publiko orokorrarentzako sarrerak. Ikus-entzunezkoen eremuko profesional eta ikasleei eta prentsari zuzendutako akreditazioak eskatzeko epea egun horretara arte egonen da zabalik, webgunearen bitartez: www.puntodevistafestival.com.