Marina Vinyes Albes, Roger Koza eta Christopher Small, 2022ko Punto de Vista jaialdiaren Sail Ofizialeko epaimahaikide

Marina Vinyes Albes, Roger Koza eta Christopher Small, 2022ko Punto de Vista jaialdiaren Sail Ofizialeko epaimahaikide
Marina Vinyes Albes, Roger Koza eta Christopher Small
2022/02/10

X Films proiektuko epaimahaikideak, berriz, Anna Manubens, Miquel Martí Freixas eta Catarina Boieiro izango dira.

Punto de Vista jaialdiaren aurtengo edizioaren epaimahaiko kideak izango dira Marina Vinyes Albes, kultura programatzailea, saiakera egilea eta unibertsitate irakaslea, Roger Koza, zinemagilea eta programatzailea, eta Christopher Small, zinemagilea, idazlea eta programatzailea. Jaialdia Iruñean egingo da, martxaoren 14tik 19ra.

Epaimahaiak jaialdiko hiru sari nagusiak banatuko ditu: film onenaren Punto de Vista Sari Nagusia, zuzendari onenaren Jean Vigo saria, eta film labur onenaren saria. Itxiera ekitaldian egingo da sarien banaketa martxoaren 19ean, larunbata.

Punto de Vistaren lehia bidezko beste sailean, X Films proiektuan, aurten epaimahaikide izan ditugu Anna Manubens, komisarioa, irakaslea eta ekoizlea, Miquel Martí Freixas, programatzailea, kultur kudeatzailea eta zinema kritikaria, eta Catarina Boieiro, ekoizlea, kuradorea eta ikertzailea. Haiek aukeratuko dute proiektu irabazlea Blanca Camell Galí, Hugo Amoedo eta Magdalena Orellana zinemagileek aurkeztutako proiektuen artean, eta irabazleak ikus-entzunezko sorkuntza bat egingo du Nafarroan, saiakera moduan. 

Acción Cultural Española (AC/E) elkartearen laguntzari esker etorriko dira Roger Koza, Christopher Small eta Catarina Boieiro jaialdira, Espainiako Kultura Nazioartekotzeko Programaren (PICE) bitartez, Bisitarien modalitatean.

SAIL OFIZIALA EPAIMAHAIAK

Marina Vinyes Albes

Arte Bisualetan doktorea Sorbonne Unibertsitatean. Giza Zientzietan lizentziatua da, eta Zinema eta Ikus-entzunezko Ikasketa Garaikideen Unibertsitate Masterra egin du Pompeu Fabra Unibertsitatean, bai eta kultur proiektuak diseinatzeko ikasketak ere Sorbonne Nouvelle Unibertsitatean. 2020ko otsailetik, Kataluniako Zinematekako Programazio, Erakusketa eta Hezkuntza Zerbitzuen zuzendaria da. Parisen, Sorbonneko Letren Fakultateko irakaslea izan zen, eta Jeu de Paume Museoko Proiektu Artistikoen Sailean lan egin zuen. Bertan, zine ziklo ugari komisariatu zituen 2013tik 2018ra bitarte, bai eta bideo-instalazioen Omer Fast. Le present continue. erakusketa ere. Bartzelonan, CCCB , EUROM (The European Observatory on Memories), Ciudad Abierta Pentsamenduaren Biurtekoa, ICUB (Bartzelonako Kultura Institutua), Loop jaialdia eta “la Caixa” Fundazioarekin lan egin izan du, mintegiak, erakusketak, zine programak eta bestelako kultur jarduerak antolatzeko. 2013an, Walter Benjamin Nazioarteko Saria jaso zuen Usos y abusos de la imagen en el universo audiovisual de la Shoah (Documenta Universitària, 2015) saiakeragatik.

Roger Koza

Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko (FIPRESCI) kidea da. La Voz del Interior (Córdoba, Argentina) egunkarian kolaboratzen du zinema kritikari gisa, eta erregulartasunez idazten du Ñ eta Quid aldizkarietan, bai eta Con los ojos abiertos webgunean ere. Con los ojos abiertos: crítica de cine de algunas películas recientes idatzi zuen (Editorial Brujas, 2004). Gaur egun, telebistako El cinematógrafo saioa gidatzen du eta Argentinako Telebista Publikoko Filmoteca saioaren aurkezlea da. Vitrina Saileko —Hanburgoko Nazioarteko Zinema Jaialdian Iberoamerikako zinemari eskainitako saila— eta Viennaleko programatzailea da. 2014az geroztik, Cosquíneko Nazioarteko Zinema Jaialdiaren zuzendari artistikoa da, eta, 2018az geroztik, Doc Buenos Aires Jaialdiarena. Epaimahaikide izan da nazioarteko hainbat jaialditan, besteak beste, Locarno, Rotterdam, FICValdivia eta Ohlar de Cinema jaialdietan.

Christopher Small

​Idazlea, zinemagilea eta programatzailea da. Jatorriz Erresuma Batukoa da, baina Pragan bizi da. DAFilmseko (Doc Alliance jaialdien elkarteko VOD plataforma) komisario nagusia da, eta Locarnoko Kritikarien Akademiako (jaialdian egiten den tailerra, zinema kritikari buruzkoa) proiektuen zuzendaria. 2019tik 2021era, programatzailea izan zen Sheffield Doc/Festen, eta 2020ko jaialdiko Reimagining the Land atzera begirakoaren komisarioa izan zen. Pragan dagoen Kino Petrohradská zine areto independenteko programatzailea ere bada. Bere lehen film luzea, Communists!, 2021eko BAFICIn estreinatu zen lehiaketan, eta Mexiko, Espainia eta Errusiako zinema jaialdietan proiektatu da. Idazle gisa, bere lanak kritika zinematografikoko hainbat antologiatan agertu dira, bai eta Cinema Scope, Filmmaker Magazine, Film Comment, La Vida Útil, Kapitál Noviny, Cineaste eta MUBI Notebook-en ere. Berlinale Talentseko ikasle izan zen, eta Zinema Kritikarien Nazioarteko Federazioko (FIPRESCI) kidea da.

 

X FILMS EPAIMAHAIKIDEAK

Anna Manubens

Anna Manubens Bartzelonako Hangar ikerketa eta ekoizpen artistikorako zentroaren zuzendaria da, eta Donostiako Elias Querejeta Zine Eskolako irakaslea. Horren aurretik komisarioa eta ekoizle independentea izan zen, eta eginkizun hibridoak zituen gogoko idazketa, ikerketa, programazioa, proiektuei laguntzea, analisi instituzionala eta erakusketak gurutzatuta. Bordeleko CAPC musée d 'art contemporain museoan Programa Publikoen arduraduna izan zen eta, lehenago, bere jarduera independentea Pompeu Fabra Unibertsitatean irakastearekin eta artisten filmen inguruko pentsamendua eta ekoizpena lantzen dituen Auguste Orts artist-runean (Brusela) lan erregularra egitearekin uztartu zuen. Artista hauen filmetan lan egin du: Sven Augustijnen, Manon de Boer, Emily Wardill, Wendelien van Oldenborgh, Fiona Tan, Joachim Koester, Dora García eta Alex Reynolds, besteak beste.

Miquel Martí Freixas

Programatzailea, kultur kudeatzailea, irakaslea eta ez-fikziozko zineman espezializatutako kritikaria. Bere jarduna audientziak eratzea eta herritarrekin konektatzen duten kultur ekitaldiak sortzea da. Programatzaile jarduten du hainbat kultur espaziotan (Documenta Madrid, États généraux du film documentaire, Filmoteca de Catalunya eta ZINEBI, besteak beste), eta Zumzeig zinema aretoa berriz ireki zutenetako bat izan zen; 2018an Bartzelona Hiria saria jaso zuen. Gaur egun, La Inesperada jaialdiaren zuzendarikidea da. Irakasle gonbidatua da ESCACen 2009. urtetik, eta Espainian zinema dokumentala aztertzeaz arduratzen den lehen argitalpenaren, hau da, Blogs & Docs online aldizkariaren sortzailea.

Catarina Boieiro

Catarina Boieiro ekoizlea, kuradorea eta ikertzaile independentea da. Bere lana irudi dokumentalera eta sorkuntza garaikidera bideratzen da, zinemako zirkuitu hegemonikoetatik at. Artisten filmak ekoizten eta banatzen dituen Stenar Projects plataformarekin lankidetzan aritzen da eta, besteak beste, honako artista hauen lanetan parte hartu du: Ana Vaz, Filipa César, Deborah Stratman eta Emily Wardill. «Resistencia visual generalizada: libros de fotografía y movimientos de liberación en Angola, Mozambique, Guinea-Bisáu y Cabo Verde» erakusketa egin zuen (2021-2022) Pariseko Institut national d’histoire de l’art erakundean, Gulbenkian fundazioaren finantzaketarekin; erakusketa hori Raquel Schefer-ekin egindako ikerketa historiko eta kuratorialeko prozesu baten emaitza izan zen. Doc’s Kingdom – International Seminar on Documentary Film mintegiaren argitalpenen koordinatzailea izan zen 2021. urtean.

Punto de Vista, Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdia, Nafarroako Gobernuak sustatzen du eta NICDO sozietate publikoak antolatzen du oso-osorik.

Zerrendara itzuli

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.