Punto de Vista jaialdiko sarrerak salgai daude jada

Punto de Vista jaialdiko sarrerak salgai daude jada
2022/03/03

Film proiekzioak, hitzaldiak, performanceak, topaketak zinemagileekin edo haurrentzako saioak izanen dira Iruñean, martxoaren 14tik 19ra bitarte.

Punto de Vista jaialdia Iruñean izanen da, martxoaren 14tik 19ra bitarte, eta gaur jarriko dira jaialdiko saio guztietarako sarrerak salgai webgunearen bitartez: www.puntodevistafestival.com. Sarreren prezioa, oro har, 3 euro izanen da saio bakoitzeko, baina martxoaren 19an Oteiza museoan izanen den programak 8 euroko kostua izanen du, Baluartetik abiatuko den garraio zerbitzua ere sartzen baita prezioan.

Aurten, gainera, kontziliazioaren aldeko apustua egin du jaialdiak, eta Punto de Vista ludoteka sortu du: Puxika Gorria. Horrela, bada, sei hilabetetik hamabi urtera bitarteko neska-mutikoak egoteko gune bat izanen da, eta akreditazioa dutenek ez ezik, publiko orokorrak ere baliatu ahal izanen du zerbitzua martxoaren 17an, 18an eta 19an. Plaza erreserbatzen ahal da jada webgunearen bitartez.

Astebetez, Punto de Vista jaialdia nazioarteko ikus-entzunezkoen komunitatearen erdigune izanen da, hainbat egoitzatan: Baluarte, Golem zinemak, Oteiza museoa, Nafarroako Filmoteka, Civivox sarea eta Katakrak. Film proiekzioak, topaketak zinemagileekin, performanceak, haurrentzako zinema dokumentaleko saioak edo Sail Ofiziala antolatuko dira jaialdia izanen den gune horietan. Edukiei dagokienez, Marokoko zinema dokumentalaren hastapenari buruzko atzerabegirakoa eta ibaien inguruko bizimoduari buruzko beste atzerabegirako bat nabarmenduko ditugu.

Punto de Vistako programazioak zazpi atal nagusi izanen ditu: Sail Ofiziala,mundu osoko herrialdeetatik jasotako ia 800 lanen artetik hautatutako filmak biltzen dituena; Atzera begiradak, ez-fikzioan ezinbestekoak diren gaiak lantzeko;Foku garaikideak saio monografikoak, Punto de Vista jaialdiaren begirada nazioarteko panoramako zinemagile garrantzitsuenetan zentratzeko; Hezkuntza Programa, jaialdia publiko berriengana irekitzen jarraitzeko; Lan, sorkuntzako eta produkzioko prozesuei buruzko jarduera publikoak proposatuko dituen saila; Kontaktuak, zinema dokumentala beste jardunbide artistiko batzuekin eta hausnarketako jardunbideekin kontaktuan jartzeko; eta X Films proiektua, errealizatzaile berriei film bat grabatzeko proposamena aurkezteko gonbidapena egiten diena, eta irabazlearen filma jaialdiaren hurrengo edizioan estreinatzen da.

Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatzen du NICDO sozietate publikoak.

Zerrendara itzuli

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.