Punto de Vistak Lan aurkeztu du, zine dokumentaleko imajinazio eta lan prozesuen inguruan hausnartzeko sail berria

Punto de Vistak Lan aurkeztu du, zine dokumentaleko imajinazio eta lan prozesuen inguruan hausnartzeko sail berria
2022/02/15

Sail honetako programazioan nabarmentzekoak dira, besteak beste, Paisaian eta Termitasen zinemagileekin batera egingo diren saioak, Paulino Viotaren hitzaldia, Marokoko zine dokumentalaren hastapenei buruzko atzera begirakoaren inguruko «zine-konferentzia» eta mahai ingurua, eta NaparDocs produktore topaketa

Punto de Vista jaialdiak —Nafarroako Gobernuak sustatuta eta NICDO sozietate publikoak antolatuta— martxoaren 14tik 19ra Iruñean egingo den hamaseigarren edizioko programazioaren berri ematen jarraitzen du. Oraingoan, Lan aurkeztu da, jaialdiko zuzendari artistikoaren eta programazio batzordearen lanaren emaitza den sail berrietako bat.

«Lana», «jarduera» ez ezik, «uzta» ere izan daiteke. Eta zentzu horretan, sail honen izenaren irakurketa historiko bat ere egin daiteke; izan ere, denbora luzez, landa lana beste lanik ez zen egon. Beharbada horregatik, Portugalgo zinemagile bikote miresgarri batek, António Reisek eta Margarida Cordeirok, beti esaten zuten «zinemaren nekazariak» zirela, hori pentsatzeak lagundu egiten ziela, eta horregatik aukeratu da «Lan» izena jaialdiko sail berri honentzat. Bertan, zine dokumentaleko imajinazio eta lan prozesuei buruz hausnartzeko bilerak proposatuko dira, eta hainbat eduki multzo egongo dira: Paisaia, Termitas, tailer bat Paulino Viotarekin, «zine-konferentzia» bat Léa Morinekin, Marokoko zine dokumentalaren historiaren inguruko atzera begirakoari buruzko mahai ingurua, eta, azkenik, NaparDocs.

PAISAIA

Azken lau urteetan, euskal eta nafar zinearen panorama jakin bati eskainitako saioak bildu dira Paisaian, baina, aurtengo edizioan, jarduera publiko bat planteatuko da: filmak proiektatzeaz gain, zinemagileek filmen produkzio prozesuaren zenbait alderdi azalduko dituzte labur-labur.

Aurtengo edizioan, Patxi Burilloren Argileak, Ainara Elgoibarren Rotor eta Anna Guia-Erikssonen They Speak Too filmek osatzen dute programa.

TERMITAS

Termitasen, Paisaiarekin paraleloan, gure testuinguru hurbileko obra berriak edo gutxi proiektatu direnak aurkeztuko dira, eta, horrez gain, zinemagileei beren lan prozesuko materialak aurkezteko eskatuko zaie. «Termitas» izenak Manny Farberren «Arte termita contra arte elefante blanco» (1962) artikulua du jatorri, zeinak hizpide dituen «oropelaren kultura gutxiesten dutela dirudien filmak, kastore xahutzaileen nolabaiteko ekintzailetza batean bilduak, inongoa ez den eta ezertarako balio ez duen ekintzaletza batean bilduak. Termita/zizareen arte bakarti/goroldiotsuaren berezitasunetako bat da bere mugak irentsiz egiten duela aurrera beti, eta bere jarduera aseezin, nekagarri eta axolagabearen aztarnak besterik ez dituela uzten».

Termitasen programazioan, film hauek egongo dira: Carmen Bellasen eta Alberto Berzosaren Memorias de ultramar, Carolina Kuzeluken eta Diana Kuzeluken Kambá!, Concha Barqueroren eta Alejandro Alvaradoren Descartes, Pablo Casanuevaren 8 filmes sobre la guerra eta Volga kolektiboaren Alyonka soñada.

PAULINO VIOTAREN HITZALDIA: Las personas del cine: primera de singular

Paulino Viotak zineman lehen pertsona nola erabiltzen den azalduko digu; izan ere, zine dokumental garaikidean gero eta gehiago erabiltzen ari da lehen pertsona. Azken urteetan sakon aztertu duen egileetako bat izango du ardatz Viotak: Federico Fellini, bere baitara biltzeko eta nia jorratzeko joera handia zuen zinemagilea.

ZINE-KONFERENTZIA ETA MAHAI INGURUA

Nork azalduko du historia? Zinema dokumentalaren hastapenak Marokon atzera begirakoaren luzapen gisa, «zine-konferentzia» bat egingo du Marokon bizi den Léa Morin frantziar ikertzaileak. Horrez gain, mahai inguru bat egingo da, eta, bertan, Elias Querejeta Zine Eskolak ere parte hartuko du; aipatzekoa da Léak aurkeztuko dituen filmetako batzuen digitalizazioa Elias Querejeta Zine Eskolak egin dela, Punto de Vistarekin lankidetzan.

NAPARDOCS

Elkartzeko eta zine dokumentalari buruz hitz egiteko gune bat proposatzeko asmoz, 2018an NaparDocs sortu zuen Nafarroako ikus-entzunezko ekoizpen etxeen NAPAR elkarteak. Topaketa ireki hau garatu eta hazi egin da, leku gehiago lortu du jaialdian, eta Nafarroako lurraldetik haratago zabaldu da.

Aurtengo edizioan, eztabaida gune honek hiru lan mahai izango ditu ardatz, sorkuntza eta zuzendaritza, produkzioa eta banaketa zinematografikoari buruzkoak, eta jaialdiak gonbidatutako pertsonek moderatuko dituzte eztabaidak. Hiru ponentzia horietatik abiatuta, esperientziak partekatzeko eta beste profesional batzuekin loturak sortzeko aukera emango du NaparDocsek.

Punto de Vista jaialdiaren alderdi profesionala bultzatzen ari da, eta, helburu horrekin, topaketa eta bilera instituzionalak, NaparDocs bera, hainbat prestakuntza jarduera, eta Euroeskualdeko ekoizleen Zinema Zubiak topaketa egingo dira bertan. Punto de Vistaren angelu profesional honek Zinema Zubiak eta Napardocs ospakizunak barne hartzen ditu, eta Institut Françaisen laguntza du.

Zerrendara itzuli

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.