18 film arituko dira lehian Punto de Vista jaialdiaren Sail Ofizialean, hamahiru herrialdetatik iritsitako aniztasunaren erakusgarri

18 film arituko dira lehian Punto de Vista jaialdiaren Sail Ofizialean, hamahiru herrialdetatik iritsitako aniztasunaren erakusgarri
2023/01/26

Guztira, 800 film inguru erregistratu ziren, eta horien artetik hautatu dira Sail Ofizialean parte hartuko dute hamar film luzeak eta zortzi laburrak

Aurten, nabarmentzekoa da film askok eginen dutela mundu osoko edo Espainiako estreinaldia jaialdiaren barruan
 

Gaur goizean aurkeztu dute Punto de Vista zinema jaialdiaren hamazazpigarren edizioa: Iruñean izanen da, martxoaren 27tik apirilaren 1era bitarte, NICDO sozietate publikoak antolatuta eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Gaurko aurkezpena Sail Ofizialaren berri emateko izan da, programazioaren ardatz nagusia den aldetik. Aurten 18 film arituko dira lehian; besteak beste, Sharon Lockhart, Miryam Charles, Ignacio Agüero edo Alassane Diago zinemagile ezagunen lanak eta Peru Galbete, Malena Zambrani edo Varga Gábor  hasiberrienak ere ikusi ahal izanen ditugu.

Sail Ofizialaren barruan, munduko sei estreinaldi, nazioarteko estreinaldi bat, Europako bi estreinaldi eta Espainiako zortzi estreinaldi izanen dira. Hautaketa batzordeak nabarmendu duenez, izena eman duten filmak kalitate handikoak eta askotarikoak izan dira, eta ekoizpen dokumentalaren egoera gaur egun mundu osoan zein den adierazten dute.

Guztira ia 800 film izan dira, 60 bat herrialdetakoak. Hautatutako 18 filmak hamahiru herrialdetan eginak dira, hala nola Perun, Estatu Batuetan, Frantzian, Espainian, Senegalen, Japonian, Argentinan, Mexikon edo Alemanian, besteak beste. Programazio batzorde batek burutu du filmak hautatzeko prozesua, kideak honako hauek izanik: Lucía Salas, Miguel Zozaya, Lur Olaizola, Pablo García Canga eta jaialdiaren zuzendari artistikoa, Manuel Asín.

Punto de Vistaren Sail Ofizialean hainbat sari emanen dituzte Nazioarteko Epaimahaiak –laster iragarriko dugu epaimahaikideak zeintzuk izanen diren–, Epaimahai Gazteak eta jaialdiko publikoak berak. Sari hauek banatuko dira: Film onenaren Punto de Vista sari nagusia –10.000 euro–, Zuzendari onenaren Jean Vigo saria 5.000 euro–, Film labur onenaren saria –3.000 euro, EITBren babesarekin–, Publikoaren sari berezia Film onenari –1.650 euro– edo Gazteen saria Film onenari, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren laguntzarekin –1.500 euro–. Eta, gainera, Nazioarteko Epaimahaiak bi aipamen berezi ere ematen ahal ditu, diru saririk gabe.

 

Punto de Vista 2023 Sail Ofizialeko filmak:

 

  1. Al borde del agua, Maria Elorza eta Iñigo Salaberria. Espainia. 20'. Munduko estreinaldia.

 

  1. APOCALIPSIS 20 21 22, Julius Richard Tamayo. Espainia. 65'. Munduko estreinaldia.

 

  1. Bide bazterrean hi eta ni kantari, Peru Galbete. Espainia. 9'. Munduko estreinaldia.

 

  1. Boulevards de la Senne, Juliette Achard eta Ian Menoyot. Belgika. 11'. Munduko estreinaldia.

 

  1. Cette maison, Miryam Charles. Kanada. 75'.

 

  1. Chaylla, Claire Teper eta Paul Pirritano. Frantzia. 72'. Estreinaldia Espainian.

 

  1. De songes au songe d’un autre miroir, Yunyi Zhu. Frantzia. 16'. Estreinaldia Espainian.

 

  1. Éclaireuses, Lydie Wisshaupt-Claudel. Belgika. 90'. Estreinaldia Espainian.

 

  1. El polvo ya no nubla nuestros ojos, Colectivo Silencio. Peru. 25'. Estreinaldia Espainian.

 

  1. Eventide, Sharon Lockhart. Estatu Batuak. 35'. Estreinaldia Espainian.

 

  1. Maayo Wonaa Keerol, Alassane Diago. Senegal, Alemania, Frantzia. 105'. Estreinaldia Espainian.

 

  1. Miyama, Kyoto Prefecture, Rainer Komers. Japonia, Alemania. 97'. Nazioarteko estreinaldia.

 

  1. Nagyapám kertje, Varga Gábor. Hungaria. 24'. Estreinaldia Espainian.

 

  1. Notas para una película, Ignacio Agüero. Txile, Frantzia. 105'. Estreinaldia Espainian.

 

  1. Notre Village, Comes Chahbazian. Belgika. 67’. Estreinaldia Espainian.

 

  1. Teléfono, Navidad, Malena Zambrani. Argentina. 14'. Munduko estreinaldia.

 

  1. Tembiapo Pyharegua, Elvira Sánchez Poxon eta Christian Bagnat. Espainia. 120'. Munduko estreinaldia.

 

  1. Tótem, Unidad de Montaje Dialéctico. Mexiko. 65'. Estreinaldia Espainian.

 

Punto de Vista jaialdiaren irudia 2023. urtean

Punto de Vista jaialdiaren hurrengo edizioak izanen duen irudia ere aurkeztu da gaur; Misha Bies Golas artista plastikoak egin du. Irudia osatzen duten argazkiak sorta handiago batekoak dira; izan ere, larrukigintzako tailer baten hondakinen artetik ebakinak hartu eta, katalogazio modura, ehun bat erregistro atera zituen egileak.

Gaztelako benta baterako kartak egitean sobera geratutako pergaminoak oinarri hartuta, larrukigileak egindako lerro zuzenez gain, artistak eginiko kurbadun mozketak ere agertzen dira, okerragoak; horietaz gain, tentsio puntuak ere badira, larruginak larrua aldez aurretik bere tailerrean tenkatzean egindako zuloen ondorioz. Argi kutxa baten gainean banan-banan indibidualizatutako zati horien argazkiak egin zituen egileak, Asiako hego-ekialdeko edo Turkiako itzal antzerkien mekanika imitatzeko asmoz; eta ikusten diren tonu bariazioak zera dira, lanpara fluoreszenteen oszilazioen interpretazio askea, kamerak egin duena.

Eta ez da kasualitatea dela materialen tratamenduagatik, dela formengatik, dela atmosferengatik eta horiek guztiak argazkitan erregistratzeko erabakia hartu izanagatik zenbait autoreri egindako keinua ere: Julio González, Ángel Ferrant, Vallecaseko Eskola edo Eugenio Granell. Hori guztia dela eta, hainbat eskutara egindako prozesu horren ondorioz lortutako forma asko eskulturak eta instalazio mugikorrak egiteko erabili dituzte, itzalen proiekzioaren bitartez joko espazialak sortzearren.

 

Peter Nestler eta Bitartekaritza programa, dagoeneko iragarri diren zenbait edukiren artean

Azken asteetan, aurtengo programazioaren edukietako batzuk aurreratu ditu Punto de Vistak. Esate baterako, Peter Nestler alemaniar zinemagilearen atzera begirakoa aurkeztuko du jaialdiak, Estatuan lehenengoz. Europako dokumental garaikidearen funtsezko figuretako bat da Nestler, eta edizio bakoitzean argitaratzen duen argitalpena ere hari eskainiko dio Punto de Vistak. Estatu mailako gertaera zinematografikoa izanen da, eta, Punto de Vistan egon ondoren, Bartzelona (Kataluniako Filmoteka), Madril (Cineteca), Coruña (CGAI) eta Valentziara (Valentziako Filmoteka) eramanen dute.

Gainera, Bitartekaritza programako jarduerak ere eman dira ezagutzera dagoeneko. Programa horren bidez, ikusle gazteenei hurbilduko zaie jaialdia, honako jarduera hauen bidez: haurrentzako tailer bat, animaliei buruzko film laburren saio bat familientzat, gazte programatzaileen Moving Cinema x Punto de Vista ekimenaren bigarren edizioa, eta saio dinamizatu bat ikasleentzat –Nafarroako Filmotekan eginen da–.

Laster, Punto de Vistaren programazioko gainerako jarduerak ere emanen dira ezagutzera, aurten ere zazpi ataletan banatuta: Sail ofiziala, Atzera begiradak, Foku, Lan, Kontaktuak, X Films eta Bitartekaritza programa.

Zerrendara itzuli

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.