Daniela Delgado Viteri, Anna López Luna eta Ilan Serruya arituko dira lehian aurten X Films sailean

Daniela Delgado Viteri, Anna López Luna eta Ilan Serruya arituko dira lehian aurten X Films sailean
2023/02/02

Epaimahai profesional batek proiektu bat aukeratuko du jaialdira aurkeztu diren hiru proiektuen artetik, hurrengo urtean filmatze lanak egin eta jaialdiaren 2024ko edizioan estreinatu ahal izateko

Punto de Vista jaialdia film dokumental baten ekoizle izanen da, aurten ere, X Films sailaren bitartez. 2010. urtean sortu zen ekimena eta, harrezkero, edizio bakoitzean hiru zinemagilerengana jo eta Nafarroan filmatzeko saiakera dokumental baten proiektua aurkeztera gonbidatzen ditugu. Orain, aurtengo edizioan proposamenak aurkeztuko dituzten hiru pertsonen izenak iragarriko ditu jaialdiak. Daniela Delgado Viteri, Anna López Luna eta Ilan Serruya dira. Epaimahai profesional batek hautatuko du proiektu irabazlea, eta hurrengo urtean filmatze lanak egin ostean, Punto de Vista jaialdiaren 2024ko edizioan estreinatuko da. Laster iragarriko dugu nor izanen diren epaimahaikideak. Filmak 20 minutuko iraupena izan behar du, gutxienez. Daniela Delgado, Anna López eta Ilan Serruya zinemagileek orain arte egindako zenbait lan aurkeztuko dituzte aurretiazko saio batean, eta jaialdiko ikus-entzuleek ikusteko aukera izanen dute.

Aurrekoaren ildotik, Punto de Vista jaialdiaren aurtengo edizioan Renacuajos lana estreinatuko da, mundu osoan lehen aldiz; izan ere, 2022ko X Films sailean garaile izandako Blanca Camell-ek egindako lana baita.

X Films proiektuaren izenari dagokionez, ekoiztetxe batetik hartua da; hain zuzen ere, Juan Huartek produkzio etxe nafar bat sortu zuen 1963. urtean, «interes artistiko berezia duten» filmak sustatzeko asmoz, eta bertan egin zituzten zinemaren munduko lehen urratsak artista handi askok, hala nola Jorge Oteiza, Néstor Basterretxea, Rafael Ruiz Balerdi edo José Antonio Sistiagak, baita beste sortzaile anitzek ere. Mezenasgo espiritu hura berreskuratuta, jaialdia ekoizle bihurtu da eta, zinemagile hasiberriei obra berri bat sortzeko aukera emateaz gain, ez-fikziozko lanak egiten dituzten ahots berriak Nafarroara erakartzen ditu.

 

X Films 2023 biografiak

Daniela Delgado Viteri

Portoviejon jaio zen, Ekuadorren. FUC (Argentina), Le Fresnoy (Frantzia) eta EQZE (Donostia) eskoletan egin ditu ikasketak. Hainbat film labur idatzi eta zuzendu ditu, eta dokumentalaren eta fikzioaren elementuak uztartzen ditu lan horietan: Espectáculos variados para eventos varios (2016), Shortcuts (2019), Todxs queremos un lugar al que llamar nuestro (2022), besteak beste. Zinema jaialdi hauetan izan dira ikusgai bere lanak: IFFR, CPH-DOX, IDFA, True False FF, Valdivia IFF, Mar del Plata. 

Anna López Luna

Artista bisual hau 1983. urtean jaio zen, Bartzelonan. Paris Cergy-ko Goi mailako Arte Eskola Nazionalean egin zituen ikasketak, Frantzian. Frantzia eta Espainia artean bizi da eta lan egiten du. Madrilgo Casa de Velázquez etxean artista egoiliarra izan zen 2021-2022 ikasturtean. Bere lanen erakusketak eta proiekzioak egin ditu Avignongo Lambert bilduman, Nogent sur Marne-ko MABAn, Bretainiako FRACen, Valentziako Octubre Centre de Cultura Contemporánea zentroan, Jafreko Bienalean, Donostiako Tabakaleran, Aljerreko Les Ateliers sauvages-en, Bilbao Arten, Münster-eko Westfälischer Kunstverein-en, Luxenburgoko Mudam-en, Bartzelonako Centre Civic de San Andreu zentroan eta La Casa de la Paraula zentroan, besteak beste.

Ilan Serruya

Zinemagile eta muntatzailea. Arte Ederrak, Ikus-entzunezko Muntaia ikasi zuen, eta LAV masterrean graduduna da. Ez-fikzioa eta esperimentazio formala lantzen ditu. Gorputzaren presentziarekin lan egiten du, irudiaren atenporalitatearekin alborakuntzan. Hizkuntza edo hizkuntzarik eza, isiltasuna edo paisaia erabiltzen ditu bizitzeko prest dauden espazioak taxutzeko. Bere lehen film luzea Reunión (2018) izan zen, eta Doclisboa, Sevillako Zinema Europarraren Jaialdian edo Mostra de Cinema Periférico jaialdian egon zen ikusgai, besteak beste. Bestalde, etxeko artxiboko materialaz jabetu eta beste esanahi bat ematen ere lan egiten du.

 

X Films 2022 proiektua: Renacuajos

Blanca Camell

Espainia, 2022

“2000ko hamarkadaren hasieran, aurrenerabe nintzelarik, bidaia bat egin nuen Nafarroara nire familiarekin. Hogei urte geroago, bidaia horretako argazkiak bilatzen hasi, eta ez nituen aurkitu. Familian gertatutako bitxikeria bat abiapuntu hartuta, Renacuajos lanean familiaren memoriaren transmisioari eta familiako irudien metaketari buruz egin du gogoeta. Nola filmatu edo atera argazkiak nire seme edo alabari? Zer oroitzapen uzten ari natzaio etengabe sortzen ari naizen haren irudiekin? Zer nolako harremana dugu familiako irudiekin?” 

 


Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatzen du NICDO sozietate publikoak.

Zerrendara itzuli

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.