Punto de Vista jaialdia ikusle gazteenengana hurbilduko da, bitartekaritza programaren eta Gazte Epaimahaiaren bitartez

Punto de Vista jaialdia ikusle gazteenengana hurbilduko da, bitartekaritza programaren eta Gazte Epaimahaiaren bitartez
2023/01/19

Jaialdiaren barruan, hainbat jarduera antolatu dira gazteenentzat, hala nola haurrentzako tailer bat Civivoxen, animalien munduari buruzko film laburren saio bat, Gazte Programatzaileak x Punto de Vista ekimenaren bigarren edizioa, eta ikasleentzako saio bat Nafarroa Filmotekan

Punto de Vista jaialdian, aurten ere, zazpigarren arteari buruzko solasaldiak eta ideia trukeak egiteko gune bat izanen da lehen hezkuntza programa esaten zitzaion bitartekaritza programaren barruan. Horrela, bada, ikusle gazteenekin duen konpromiso sendoari eusten dio jaialdiak, eta dokumentalen mundura erakarri nahi ditu, haien hizkera berean egin nahi diren jardueren bitartez, giro atsegin eta hurbilean.

Aurten, 6 urtetik 12 urtera bitarteko haurrentzako tailer bat antolatuko da Civivox Mendillorrin, jolasen bitartez irudiaren eta soinuaren arteko harremanari buruz ikasteko; familientzako zinema saio dinamizatua izanen da Baluarten, animalien munduaren eta ekologismoaren inguruan CCCB-k (Centro de Cultura Contemporánea de Barcelona) eskeinita Saio horren bigarren emanaldia Txantreako Salesianak zentro komunitarioan izanen da; Gazte Programatzaileak Moving Cinema x Punto de Vista ekimenaren bigarren edizioa 15-20 urteko gazteei zuzenduko zaie, eta zinema jaialdi batean nola programatzen den ikasi ahal izanen dute, Civivox Sarearekin elkarlanean; eta Lumière anaiei buruzko saio bat antolatuko da ikastetxe eta institutuetako ikasleentzat Nafarroa Filmotekan.

Bestalde, eta aurten Nafarroako Gazteriaren Institutuaren eta Gazte Txartelaren babesa duten komunitate gazteenei dagokienez, jaialdiko Gazte Epaimahaian (18-25 urte) izena emateko epea zabalik dago jada; epaimahaikideek Film Onenaren Gazteriaren Saria aukeratuko dute, jaialdiko Sail Ofizial osoa ikusi ondoren.

 

PUNTO DE VISTA 2023 BITARTEKARITZA PROGRAMA

1. HAURRENTZAKO TAILERRA CIVIVOXen (6-12 URTE) | ZER SOINU DUTE IRUDIEK?

Drac Màgic kolektiboak 6 urtetik 12 urtera bitarteko haurrei zuzendutako tailer dibertigarri bat proposatuko du: Zer soinu dute irudiek?; martxoaren 25ean izanen da, larunbatarekin, Civivox Mendillorrin. Zentzumenen bidez esperimentatzeko tailerra izanen da, eta neska-mutikoek soinuaren eta irudiaren artean dagoen lotura hobeto ulertuko dute, jolasen bitartez. Tailerrean, entzumena zorroztuko dute agerikoaz haratago dagoena entzuteko, eta praktikak eginen dituzte, taldean, soinu eraikuntzaren garrantziaz jabetzen hasteko.

Informazio praktikoa:

Martxoak 25, larunbata, 10:30etik 12:30era Civivox Mendillorrin. 6-12 urteko haurrentzat. Prezioa: 2 euro. Izen-ematea urtarrilaren amaieran hasiko da, Civivox sarearen ohiko kanaletan.

 

2. FAMILIEI ZUZENDUTAKO FILM LABURREN SAIO DINAMIZATUA | NATURAKO IZAKIAK: LANDAREAK, GIZAKIAK ETA BESTE ANIMALIA BATZUK

Jaialdiaren asteburuan, Gloria Vilches programatzaileak Naturako izakiak: landareak, gizakiak eta beste animalia batzuk programa proposatuko du, hau da, biosferan bizi garen izakien arteko harremanari buruzko hamar film labur, ikusle guztiei zuzenduta. Saioak bidaia batean murgilduko gaitu, gure planetak eta bizikide ditugun espezieek eskaintzen dizkiguten askotariko ekosistemak aztertzeko. Programak ikuspegi ekologista dauka, eta gizakien ekintzek ingurumenean duten ondorioei buruzko gogoeta egitera gonbidatzen du. Honako film hauek ikusi ahal izanen dira: Animal Movie (9 minutu), Madrugada en Lobeke (3 minutu), Dog Duet (2 minutu) edo Sea Song (4 minutu).

Informazio praktikoa:

Apirilak 1, larunbata, 12:00etan Baluarten. Aurkezlea: Gloria Vilches. Sarrerak martxoaren erdialdera jarriko dira salgai, hemen: www.puntodevistafestival.com. Apirilaren 2an, igandearekin, programaren bigarren saioa izanen da Txantreako Salesianak zentro komunitarioko ekitaldi aretoan, Kontalariak elkartearekin elkarlanean.

 

3. PROGRAMAZIO TAILERRA (15-20 URTE) | GAZTE PROGRAMATZAILEAK MOVING CINEMA X PUNTO DE VISTA

Gazte Programatzaileak x Punto de Vista 2022an sortu zen. Gazte talde batek Nicolas Philiberten De chaque instant aukeratu zuen zenbait proposamen artean, bi aldiz zinemagilearekin bildu ziren, eta, azkenean, filma ikusleei aurkeztu zieten jaialdiaren azken edizioan. Aurten hiru saio antolatuko dira Civivox Condestablen, A Bao A Qu kultur elkartearen eskutik. Saio horietan, gazte talde batek zenbait film labur ikusiko ditu, historikoki X Films jaialdiaren proiektuan inplikatutako zinemagileenak (hautagaiak, epaimahaikideak edo zinemagile irabazleak), eta haiei buruz eta egileetako batzuekin hitz egin ondoren, saio bat programatuko dute, jaialdia egingo den asterako.

Izen ematea doan, jaialdiaren webgunean: www.puntodevistafestival.com.

 

4. IKASLEENTZAKO SAIOA NAFARROAKO FILMOTEKAN | ZINEMA MARTXAN. LUMIÈRETARREN GAURKOTASUNA

Aurten ere, bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleentzako saioa antolatuko du Punto de Vistak Nafarroako Filmotekan. Zinema martxan. Lumièretarren gaurkotasuna izenburupean, Mercedes Álvarez zinemagileak koordinatutako programak bidaia bat proposatuko du zinemaren historian barrena –zinemaren hastapenak eta haren hizkuntzaren bilakaera barne–, eta, horren bidez, gazteek ikusiko dute jaialdiaren asmoa dela zinemaren alderdi artistikoa eta poetikoa uztartzea dokumentala eta errealitatearen erretratua lantzeko bokazioarekin. Thierry Fremauxen ¡Lumière! Comienza la aventura filmaren zenbait zatiren bidez, zinemaren sorrerako esperientzia hura aztertuko du Álvarezek ikasleekin batera, gaur egun Lumièretarren proiektuari buruz dugun ikuskeratik.

Informazio praktikoa. Martxoak 30, osteguna, 11:00etan, Nafarroako Filmotekan. Ikastetxeei eta institutuei zuzendua, bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleentzat. Interesa duten ikastetxeek produccion@puntodevistafestival.com helbidera jo dezakete.

 

GAZTE EPAIMAHAIA (18-25 URTE)

Urtero bezala, Espainia osoko hirietatik datozen gazteek osatuko dute Gazte Epaimahaia. 20 pertsona inguruko talde batek Sail Ofizialeko film guztiak ikusiko ditu jaialdiko goizetan (martxoaren 27tik apirilaren 1era), eta haiei buruz eztabaidatu eta elkarrekin Film Onenaren Gazteria Saria aukeratuko dute. Parte hartzaileek akreditazioa lortuko dute Punto de Vista jaialdiko programazio osoaz gozatzeko, eta Punto de Vistako taldeak zenbait proposamen eta topaketa diseinatuko ditu, jaialdira datozenekin eta pertsona akreditatuekin eta gonbidatuekin.

Ikusle gazteentzako ekimen honek Nafarroako Gazteriaren Institutuaren babesa du. Gainera, Gazte Epaimahaiaren kide izateko Iruñea kanpotik etorriko diren Gazte Txartelaren erabiltzaileek laguntza bat eskuratu ahal izango dute, garraio eta ostatu gastuak ordaintzeko.

Izen ematea doan, otsailaren 28ra arte jaialdiaren webgunean: www.puntodevistafestival.com.

 

Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia Nafarroako Gobernuak sustatzen du eta NICDO sozietate publikoak antolatzen du oso-osorik.

Zerrendara itzuli

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.