Punto de Vista jaialdiak egitarau osoa aurkeztu du hamazazpigarren edizioa hastear dagoenean

Punto de Vista jaialdiak egitarau osoa aurkeztu du hamazazpigarren edizioa hastear dagoenean
2023/03/21

Jaialdiak dagoeneko bere webgunean eta Baluarteko leihatilan jarri ditu salgai saio guztietarako sarrerak.

Gaur prentsaurrekoan aurkeztu da Punto de Vista jaialdiaren -Nafarroako Gobernuak sustatua eta NICDO sozietate publikoak antolatua- hurrengo edizioa, Iruñean egingo dena, martxoaren 27tik apirilaren 1era. Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Kontseilari Rebeca Esnaolak, Punto de Vista jaialdiko zuzendari artistiko Manuel Asínek eta jaialdiko zuzendari exekutibo Teresa Morales de Álavak hamazazpigarren edizio honetako egitaraua eta edukiak azaldu dituzte.

Jaialdiak dagoeneko bere webgunean eta Baluarteko leihatilan jarri ditu salgai saio guztietarako sarrerak. Sarreren prezioa, oro har, 3 eurokoa izango da saio bakoitzeko, baina izango dira doako saio batzuk.

 

Denentzako proposamenak

Denentzako interesgarriak izan litezkeen programen artean, espezializatuak ez direnen artean, honako hauek nabarmendu daitezke:

– Martxoaren 31n, ostiralarekin, Peter Nestler dokumentalgile alemaniarraren azken bi filmak estreinatuko dira; egile horri emana da jaialdiko bi atzera begirakoetako bat. 2022koak dira Injustizia eta erresistentzia eta Begirada irekia filmak, eta Europako gutxiengo sinti eta erromanien zapalkuntza eta historia azaltzen dute. Alemaniako telebista publikoak berriki emandako filmak dira, orain Espainian estreinatzen ari direnak. Saio horiekin batera jendaurreko solasaldi bat egingo da (sarrera doakoa), eta Gaz Kaló Nafarroako Ijito Elkarteen Federazioko koordinatzaile Ricardo Hernández, Peter Nestler eta atzera begirakoaren programatzaile Lucía Salas izango dira solaskideak.

– Lejos de los árboles atzera begirakoan eta sei saiotan zehar gure testuinguru hurbilaren errealitate baten inguruko gogoeta egingo da, giza kontsumorako premiazkoak diren ondasunei eta ondasun horien ekoizpenaren historiari buruz. Espezie baten bidea egingo dugu, gure espeziearen bidea, arian-arian dagokion ingurune naturaletik bereizten dena, izan ere, azken mendeetan eta, bereziki azken hamarkadetan, izaki bizidunen etorkizuna, geurea barne, arriskuan jartzen ari dira ekoizpen dinamikak. Atzera begirakoaren programatzaile Miriam Martínek egingo ditu aurkezpen lanak saio guztietan, hark bideratuko ditu solasaldiak, eta martxoaren 31ko saioan, ostiralarekin, Lakabeko okin Iosu Ortigosak ere parte hartuko du.

– Iruñeko Planetarioko Tornamira Aretora itzuliko da jaialdia. Bertan, Deneb Martos madrildar zinemagileak eta artista bisualak, alde batetik, 35 mm-ko Kosmogonía filma aurkeztuko du, eta, bestetik, site-specific perfomancea (kimigramaren kamerarik gabeko zinema teknikarekin egina), ispilu ahurren laguntzaz planetarioko ganga erdiesferikoari egokitutako proiekzio zirkular bat sortzeko. Bárbara Mingo Costalesen hitzetan (obran kolaboratzailea da Wade Matthews soinu inprobisatzailearekin), «memoria atabikoen zerbitzura» jartzen da pieza, eta memoria horiek «handitasun galaktiko» gisa gogoratzen dira, «hondar elementu oso xumeen» bitartez. «Urrun dagoenera hurbiltzeko desira sentitzen dugu», jarraitu du Bárbarak, «eta hain zuzen ere gure etxea da urrunen dagoena (…)». Hona hemen grabitatzen eta biratzen duen guztiari lakioa jartzeko saioa, hauxe dioen sorginkeriaren bidez: «Egin distira eta egin tilin-tilin». Eta galaxiak erantzun eta «orok egiten du distira eta tilin-tilin».

 

Ekitaldi kontziliagarria El Globo Rojo Punto de Vistako Ludotekari esker

Iaz egin bezala, jaialdiak berriz ere egingo du kontziliazioaren aldeko apustua El Globo Rojo Punto de Vistako Ludotekaren bidez. Modu horretan, jaialdiak sei hilabete eta hamabi urte bitarteko haurrei gune bat eskainiko die, eta akreditatutako pertsonek eta bertaratzen diren guztiek erabili ahal izango dute, jaialdiko taldekideez gain, martxoaren 30ean eta 31n eta apirilaren 1ean. Zorionak Kids & Party Ludotekak kudeatuko du CIMAren (Asociación de mujeres cineastas y de medios audiovisuales) eta Parenting at Film Festivals kolektiboaren lankidetzarekin burutuko den ekimen hau. Lekuen erreserba jada eskuragarri dago webgunearen bidez.

 

Goiburua

Aurten, Misha Bies Golas artista plastikoak ondu du jaialdiko goiburua, eta hark landua da edizioaren irudia. Irudi hori osatzen duten argazkiak, goiburuan bizidun bihurtzen direnak, larruak ontzeko lantegi bateko hondakinen artean bildutako ebakinetatik abiatuta katalogazio gisa hartutako ehun erregistro ingururen zati dira. Argi kaxa baten gainean banan-banan bakartuta, zati horiei argazkiak egin zaizkie hego-ekialdeko Asiako edo Turkiako itzal antzerki batzuetako mekanika imitatzeko asmoz, eta kamerak argi fluoreszenteen oszilazioen aurrean egindako interpretazio askearen emaitza dira erakusten dituzten tonu aldaketa horiek.

Aurrez egilearen tailerrean eta Loechesko Inmaculada Concepción monasterioan egindako saioei jarraipena emateko, Misha Bies Golas artistak instalazio espezifiko bat proiektatu du Oteiza Museoko espazio bati begira. Muntaketa horretan, pergaminoak, argia, soinua eta eraikuntzarako beste material batzuk hizketan hasten dira arkitekturarekin eta Oteiza tailer etxeko espazioan dauden gainerako elementuekin.

 

Punto de Vistako gauak, musika eta Radio 3

Jaialdiari soinua ere dario aurten Navarra Music Commission delakoarekin abiarazitako elkarteari esker. Punto de Vistako gauak Bar Nicolette ostatuan egingo dira astelehenetik ostiralera, 23:00etatik aurrera, Nafarroako DJek,  hala nola Dayanna, DJ Txino eta Nikkak eskainitako saioekin. Gainera, martxoaren 30ean, ostegunarekin, 22:30etan kontzertu bat eskainiko du Joseba Irazokik, eta Göoren ikuskizun bat egongo da. Saioa doakoa izanen da, eta gonbitak ohiko kanaletan egongo dira eskuragarri martxoaren 28an.  

Azkenik, Radio 3 Iruñera joango da Tres en la Carretera bi saio berezi grabatzera, eta elkarrizketan egingo dizkie zinemagileei, eta Baobabs Will Destroy Your Planet eta Andrea Santiagoren emanaldiak grabatuko ditu. Martxoaren 30ean (osteguna) izango da, 18:00etan, eta 31n (ostirala), 18:30etan, Baluarteko hallean, eta sarrera librea izango da edukiera bete arte.

 

Laguntzaileak

Punto de Vista jaialdiak lan egiten jarraitzen du bere erakunde sarea eta kultura industriako aktoreak nazio eta nazioarte mailan hedatzeko. Modu horretan, aurreko edizioetan bezala, jaialdian laguntzaile izan ditugu ICAA, Acción Cultural Española, Huarte Zentroa, Iruñeko Udala Red Civivox Sarearen bidez, Fundación Caja Navarra, Radio 3, Nafarroako Filmoteka eta Liburutegia, Jorge Oteiza Museoa Fundazioa, Goethe-Institut, Golem, Sofia Erregina Arte Zentroaren Museo Nazionala, Filmoteca Española, NAPAR, Cineteca, Institut Français, Portugalgo enbaxada, Elías Querejeta Zine Eskola eta Festival Scope plataforma.

Gainera, aurten jaialdira gehitu dira edo berriz ere kolaboratzaile izan dira partner berri batzuk, hala nola, Nafarroako Gaztediaren Ikastetxea, Gazte Txartela, Filmoteca de Catalunya, Filmoteca Valenciana CGAI, CCCB, Deutsche Kinemathek, Argentinako Errepublikako enbaxada, Courtisane Festival, EiTB, Navarra Music Commission eta DokLab Navarra.

Azkenik, jaialdiak aurten ere sare profesionalenak sustatzen ditu, parte hartzen duten erakundeen eskutik, hala nola Federación Pantalla, La Mesta, Red IberoFest eta Navarra Film Industry sareen eskutik, jarduerak planteatuz; edo topaketak eta lan saioak diseinatuz Doklab bezalako proiektuen eskutik edo NAPAR, CIMA eta (H)emen bezalako elkarteen eskutik.

Zerrendara itzuli

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.