Jaialdiak hemezortzigarren edizioa eginen du Iruñean 2024ko martxoaren 11tik 16ra
Punto de Vista, Nafarroako Gobernuak sustatutako eta NICDO sozietate publikoak antolatutako Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiak hamazazpigarren edizioa egin du martxoaren 27tik apirilaren 1era. Proposamenez beteriko sei egun izan dira, eta 5.300 ikusle bildu dira bertara. Munduko zinema dokumentalaren azken joerak eta zuzendari ospetsuen filmak egon dira ikusgai jaialdian, bai eta horren ezagunak ez diren beste zuzendari batzuenak ere, haien obra ezagutzeak merezi duelako.
Besteak beste, Peter Nestler, Ana Poliak, Fukuda Katsuhiko eta Pascale Bodet zinemagileak uztartu dira Sail Ofizialeko beste protagonista batzuekin –Lydie Wisshaupt-Claudel, Sharon Lockhart, Alassane Diago, Rainer Komers, Comes Chahbazian, Malena Zambrani edo Peru Galbete, beste batzuen artean–, baita testuinguru hurbilagoko beste figura batzuk ere, hala nola Deneb Martos, Oier Fuentes, Patxi Burillo, Mikele Landa edo José Otero. Gainera, denbora egon da Jean Epsteinen film galdu bat ezagutzeko, Ibon RG bizkaitarraren musika entzuteko edo Guillermo Zuñiga zinema zientifikoaren aitzindariaren figura aztertzeko.
Jarraian, aurtengo edizioaren datu eta alderdi garrantzitsuenetako batzuk zehaztuko ditugu, 2024ko martxoaren 11tik 16ra Iruñean eginen den hemezortzigarren edizioari bide emanez.
Punto de Vista 2023 zenbakitan
Jaialdiaren sinergiak eta kolaboratzaileak
Urtez urte, kulturaren industriako nazioko eta nazioarteko erakundeen eta eragileen bere sarea zabaltzen jarraitzen du Punto de Vistak. Aurten, aurreko edizioetan bezala, jaialdian laguntzaile izan ditugu ICAA, Acción Cultural Española, Huarte Zentroa, Iruñeko Udala Red Civivox sarearen bidez, Nafarroako Kutxa Fundazioa, Radio 3, Nafarroako Filmoteka eta Liburutegia, Jorge Oteiza Museoa Fundazioa, Goethe-Institut, Golem, Sofia Erregina Arte Zentroaren Museo Nazionala, Espainiako Filmoteka, NAPAR, Cineteca, Institut Français, Portugalgo enbaxada, Elías Querejeta Zine Eskola eta Festival Scope plataforma.
Gainera, aurten jaialdira gehitu dira edo berriz ere kolaboratzaile izan dira partner gisa Nafarroako Gaztediaren Institutua, Gazte Txartela, Kataluniako Filmoteka, Valentziako Filmoteka, CGAI, CCCB, Deutsche Kinemathek, Argentinako Errepublikako enbaxada, Courtisane Festival, EiTB, Navarra Music Commission eta DokLab Navarra.
Jaialdiak bultzatu du bertako bi programa Estatuko zenbait espazio kulturaletara eramatea. Punto de Vistan egon ondoren, Bartzelonan (Kataluniako Filmoteka), Madrilen (Cineteca), Coruñan (CGAI) eta Valentzian (Valentziako Filmoteka) dago ikusgai Peter Nestlerren atzera begirakoa. Eta Ana Poliaken fokuak, berriz, Madrilera (Espainiako Filmoteka) eta Bartzelonara (Kataluniako Filmoteka) bidaiatu du.
Azkenik, aurten ere sare profesionalenak sustatu ditu Punto de Vistak, eta jarduerak planteatu ditu parte hartzen duen erakundeen eskutik, hala nola Federación Pantalla, La Mesta, Red IberoFest eta Navarra Film Industry; gainera, topaketak eta lan saioak diseinatu ditu Doklab bezalako proiektuen eskutik edo NAPAR, CIMA eta (H)emen elkarteen eskutik.
Punto de Vista: jaialdi arduratsua
Punto de Vistak hitzordu kultural arduratsua izan nahi du gure gizartearekiko. Horregatik, apurka-apurka eta urtez urte, ingurunean sortzen duen inpaktua hobetzen saiatzen da, hainbat arlotan.
Alde batetik, jaialdiak kontuan hartzen du beharrezkoa dela pertsona, erakunde eta organizazio guztiak ingurumen jasangarritasunarekin konprometituta egotea. Aurten, publikoa eta jaialdira gonbidatutako pertsonak inplikatzen saiatu gara, eta zenbait ekintzatan parte hartzeko aukera izan dute, jasangarriagoak izaten saiatzeko. 2022an hasi ginen inpaktu adierazgarrienak identifikatzen, eta ingurumenaren sektoreko profesionalekin buruz buru lan egin genuen horiek murrizteko. Bertako ekonomia ere sustatzen dugu, hainbat arlotako lankidetza akordioak izenpetuz bertako hornitzaileekin eta establezimenduekin.
Bestalde, Punto de Vista adi ibili da, kontuan hartuta bere ekintzaren eremuan benetako genero berdintasuna islatzeko beharra. Punto de Vistak egunerokotasunean hartzen ditu kontuan gizonezko zein emakumezko zuzendarien filmak programatzeko beharra, hizkuntza inklusiboa erabiltzeko beharra, eta behar bezain aintzatetsiak izan ez diren emakumezko zinemagileen figura eta lana aldarrikatzeko beharra, besteak beste.
Amaitzeko, kontziliazioaren alde lan egin du Punto de Vistak bigarren urtez jarraian, El Globo Rojo ludotekaren bidez. Horrela, sei hilabetetik hamabi urtera bitarteko haurrentzako espazio bat egon da aurtengo edizioan, lantaldeak, akreditatutako pertsonek eta publiko orokorrak erabili ahal izateko. Ekimena CIMArekin (Zinemako eta Ikus-entzunezko Hedabideetako Emakumeen Elkartea) eta Parenting at Film Festivals kolektiboarekin elkarlanean egin da, eta Zorionak Kids & Party ludotekak kudeatu du.