Amaitu da Punto de Vista jaialdiaren aurtengo edizioa, ezaugarri izan dituena 20 herrialdetik gorako lanek osatutako programazio anitz eta aberatsa eta Nafarroako sortzaileen parte-hartze nabarmena

Amaitu da Punto de Vista jaialdiaren aurtengo edizioa, ezaugarri izan dituena 20 herrialdetik gorako lanek osatutako programazio anitz eta aberatsa eta Nafarroako sortzaileen parte-hartze nabarmena
2024/03/21

Jaialdiaren hemeretzigarren edizioa Nafarroako hiriburuan 2025eko otsailaren 24tik martxoaren 1era izanen dela iragarri dute

Joan den astean, Punto de Vista Iruñeko Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren hemezortzigarren edizioa izan zen Iruñean, hirugarrenez Manuel Asín zuzendari artistikoaren zuzendaritzapean. Sei egunez, zinemazaleen, sektoreko profesionalen eta zinema ikasleen topagune izan zen hiria, eta generoaren azken joeren berri izateaz gain, itzal handiko zinemagileen eta zinemagile berrien lana ezagutzeko aukera ere izan zuten. Horrela, Punto de Vista jaialdian programatutako jardueretarako 7.000 ikusle baino gehiago bildu dira jaialdiaren egoitzetan. Ikusleen parte-hartzeak gora egin du aurreko edizioaren aldean, zinema askotarikoa, irekia eta harbera nagusi izan den urte honetan.

Mundu osoko izenak aurki ditzakegu Iruñean lanak aurkeztu dituzten zinemagileen artean. Su Friedrich, Joël Akafou, Nestor Basterretxea, Jerome Hiler, Fernando Martín Peña edo Rosa Maria Antuñaren filmak izan dira ikusgai Fokua, Kontaktuak edo Lan sailetan, Sail Ofizialean parte hartu duten Kumjana Novakova, Mariano Llinás, Anand Patwardhan, Yaela Gottlieb, Dominique Marchais edo Maya Abdul-Malak zinemagileen lanekin batera. Anna López Luna eta Celia Viada Caso zuzendariak izan ditugu X Films sekzioan; Gala Hernández Bitartekaritza Programan, eta Termitak sailean, berriz, hurbilagokoak diren Elena Duque, Pere Alberó, Hugo Amoedo, Diana Castro Sánchez edo Patxi Burillo, besteak beste. Sail ofizialean ez ezik, jaialdiaren programazio osoan agertu dira hainbat gai, hala nola lehenengo pertsona, familiaren memoria eta memoria historikoa, generoaren eta identitatearen alderdiak, migrazio politikak, klima eta ingurumen larrialdia, giza aniztasuna edo beste espezie batzuk.

Apirilaren 25ean, ostegunarekin, Nafarroako Filmotekak Sail Ofizialean saridun izandako bi film pantaila handian ikusteko beste aukera bat eskainiko du: Kumjana Novakova-ren Silence of reason –Film onenaren Sari Nagusia eta Gazteek hautatutako Film onenaren saria– eta Messaline Raverdy-ren Ôte toi de mon soleil –Zuzendari onenaren Jean Vigo saria–. Gainera, Su Friedrich-en fokua, «Lotzen gaituzten begiztak», Estatu osoan barrena dabil jaialditik igaro ondoren: Madrilen —Cineteca—, Bartzelonan —Filmoteca de Catalunya—, Coruñan —Filmoteca de Galicia— eta Valentzian —IVAC La Filmoteca—.

Jarraian, jaialdiaren aurtengo ibilbidea definitu duten zenbait zifra eta funtsezko alderdi zehaztuko ditugu, hemeretzigarren edizioa 2025eko otsailaren 24tik martxoaren 1era Iruñean izanen dela iragarri ostean.

 

Punto de Vista 2024 zenbakitan

  • 7.000 lagun baino gehiago bildu dira proiekzioetan eta jardueretan.
  • Aurten, guztira, 431 pertsona akreditatu dira: profesionalak (208 pertsona, % 48), ikasleak (146 pertsona, % 34), prentsa (44 pertsona, % 10), gazte epaimahaia (hasieran 121 gaztek eman zuten izena, eta 21 aukeratu dira, % 5) eta gazte programatzaileak (12 pertsona, % 3).
  • Jaialdi osoan 80 film inguru proiektatu dira eta 65 saio ere antolatu dira, proiekzioak eta gainerako jarduerak batuta.
  • Nazioarteko epaimahaiak eta gazteen epaimahaiak emandako sariak emakumezko hiru zinemagilek eta gizonezko hiru zinemagilek jaso dituzte. Film Onenaren Sari Nagusia Kumjana Novakova-ren Silence of Reason filmak irabazi du, eta Gazteek hautatutako Film Onenaren Saria ere eraman du. Bestalde, Zuzendari onenaren Jean Vigo saria Messaline Raverdy zuzendariak eskuratu du, Ôte-toi de mon soleil lanagatik, eta Julieta Secok Epaimahaiaren Aipamen Berezia lortu du kategoria horretan, Corazón embalsamado lanagatik. Film Labur Onenaren Saria Daniel Cortésen Avalancha lanak irabazi du, Publikoak hautatutako Film onenaren sari berezia Alexander Cabeza Trigg-en El Canto de los Años Nuevos filmak eta, azkenik, Epaimahaiaren aipamen berezia Film Onenaren kategorian Dominique Marchais-ek jaso du, La rivière filmarengatik.
  • Jaialdiko jarduera nagusiak sei egoitzatan banatu dira: Baluarte, Golem Zinemak, Oteiza museoa, Civivox Condestable, Civivox Mendillorri eta Nafarroako Filmoteka. Horietaz gain, jarduera paraleloak antolatu dira hainbat gunetan: Katakrak, Txintxarri eta 3 Reyes hotela.
  • Segidako hirugarren urtez, Puxika Gorria ludoteka jarri da martxan, jaialdiko lan taldeei, akreditatutako pertsonei eta ikus-entzuleei kontziliazioa ahalbidetzeko asmoz. Hainbat egunez, 6 hilabetetik 12 urtera bitarteko haurrek ludotekan egoteko aukera izan dute.
  • Punto de Vistaren programazioan mundu osoko 20 herrialdetako baino gehiagotako filmak izan ditugu: Frantzia, Japonia, Boli Kosta, India, Kolonbia, Kanada, Peru, Letonia, Espainia, Kuba, Danimarka, Hego Korea, Bosnia eta Herzegovina, Italia edo Turkia, besteak beste.
  • Aurten, lehen aldiz, jaialdiaren programazioan zeharkakoak diren edukien inguruan lau ibilbide diseinatu dira: Lehen pertsona, Generoa(k), Planeta eri eta Hurbildu Punto de Vistara izan dira ibilbideak, memoria, indibidualismoa, queer gorputzak edo ingurumen larrialdia gaiak, besteak beste, lantzeko.
  • Jaialdiaren barruan, musika proposamenei garrantzi handiagoa eman nahi izan diegu eta, horretarako, bederatzi emanaldi antolatu ditugu: Txintxarrin Punto de Vistako gauak –DJ Rizos, Mon Dvy, Señora, DJ Moderno eta Brecha–, Radio 3 irratiko Tres en la Carretera irratsaioan –Peru Galbete eta Lilo–, eta jaialdiaren amaierako ekitaldian, María Marín artista sevillarraren kantu eta gitarra kontzertua.

Zerrendara itzuli

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.