Jaialdiaren hurrengo edizioan antolatuko dira: haurrentzako bi tailer, Gazte Programatzaileak ekimenaren beste edizio bat, familientzako zinema-saio bat eta batxilergoko ikasleentzako beste saio bat Nafarroako Filmotekan
Fokuak, Lan eta X Films ataletako programazioa iragarri ondoren, Punto de Vistak hemeretzigarren edizioaren xehetasunen berri ematen jarraitzen du, otsailaren 24tik martxoaren 1era izango dena Iruñan. Horrela, jaialdiak bitartekaritza-programa iragarri du orain, zeinaren bitartez hiriko publiko berriei zabaltzen zaien.
Edizio honetan, 6 eta 9 urte bitarteko haurrentzako bi tailer planteatuko dira Civivox Iturraman eta Civivox Mendillorrin, artxibo zinematografikoarekin jokatuko dute stop motion film bat sortzeko; familientzako ohiko zinema-saioa Baluarten izango da martxoaren 1ean (larunbata) goizean; eta ikastetxe eta institutuei zuzendutako saioan Knit´s Island ikusiko dute, bideojoko baten barruan garatzen den dokumentala, eta horrekin batera bideojoko sortzaileekin solasaldi bat egingo dute. Gainera, berriro antolatuko da Gazte Programatzaileak Moving Cinema x Punto de Vista ekimena, 16 eta 20 urte bitarteko gazteei zuzendutako proposamena, zinema-jaialdi batean nola programatu ikasteko. Taldeak otsailaren 28an Civivox Condestablen aurkeztuko ditu aukeratutako filmak jaialdiaren barruan. Civivox Sarearekin eta Nafarroako Gazteriaren Institutuarekin elkarlanean egingo da. Hemen eman daiteke izena. (enlace pendiente)
Bestalde, jaialdiak Gazte Epaimahaian izena emateko epea ireki du. Gazteen epaimahaia 18-25 urteko hogei bat gaztek osatzen dute, eta Sail ofizialeko film guztien artetik Gazteen Saria nori eman aukeratuko dute. Gazte Txartelak, Europako programaren bitartez, Europako edozein tokitako harpidedunetako bi bertaratzea ahalbidetuko du, Gazte Epaimahaiko kide izan daitezen, eta, horrez gain, akreditazioak eta sarrerak emango dizkie txartela dutenei. Hemen topatuko duzu informazio guztia eta doan izena emateko aukera.
PUNTO DE VISTA 2025 BITARTEKARITZA-PROGRAMA
1. UMEENTZAKO TAILERRAK CIVIVOXEN (6-9 URTE) | ARTXIBOA BIZIRIK DAGO!
Tailer honetan, Drac Màgic kooperatibak artxibo zinematografikoarekin jokatuko du 6 eta 9 urte bitarteko bi haur talderekin batera pieza bat sortzeko. 130 urte dira zinemarekin bizi, sentitu eta esperimentatzen dugula. Denbora horretan guztian, biltzen joan dira irudiak mugimenduan, baina baita horren ondarea osatzen duten fotogramak, kartelak, programak edo liburuxkak ere. Hori horrela, artxiboko material estatiko horietako batzuetatik abiatu eta mugimenduz hornitzea proposatuko da. Fotogramaz fotograma teknikaren bidez eta hamaika proposamen plastikoren bitartez, zinema-unibertso dibertigarri eta berezi bat osatuko dugu elkarrekin, bizigabea dena bizidun egiteko aukerak aztertuz.
Informazio praktikoa:
Otsailaren 28an, ostirala, 17:30etik 19:30era Civivox Iturraman eta martxoaren 1ean, larunbata, 11:00etatik 13:00etara Civivox Mendillorrin. 6-9 urteko haurrentzat. Prezioa: 2 euro. Izen-ematea urtarrilaren 10etik 15era, Civivox sarearen ohiko kanaletan.
2. FAMILIENTZAKO ZINEMA-SAIOA (5 URTETIK GORA)
Aurten ere, Punto de Vistak zinema-saio bat programatuko du Baluarten familian gozatzeko jaialdiaren azken goizean. Hainbat film laburren bidez, 5 urtetik gorako haurrei ikus-entzunezko esperientzia zirraragarri eta dibertigarria bizitzera gonbidatuko zaie, beste zinema mota bat posible dela ikusteko.
Informazio praktikoa:
Martxoak 1 (larunbata), 12:00etan Baluarten. Sarrerak otsailaren erdialdera jarriko dira salgai, hemen: www.puntodevistafestival.com.
3. IKASLEENTZAKO SAIOA NAFARROAKO FILMOTEKAN | KNIT´S ISLAND
Otsailaren 26an, asteazkena, Nafarroako Filmotekak berriro zabalduko dizkio ateak Punto de Vista jaialdiari, ikastetxe eta institutuetako bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleei zuzendutako saio bat eskaintzeko. Ekiem Barbier, Guilhem Causse eta Quentin L'helgoualc'h-ek zuzendutako Knit´s Island film frantsesa proiektatuko da. Abatarren itxurarekin, filmazio talde bat onlineko bideojoko batean murgilduko da. Han gamer talde batekin harremanetan jarriko da eta haien istorioak, beldurrak eta nahiak ezagutuko ditu.
Informazio praktikoa:
Otsailaren 26an (asteazkena) goizean, Nafarroako Filmotekan. Ikastetxe eta institutuetako bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleentzat. Interesa duten ikastetxeek produccion@puntodevistafestival.com helbidera jo dezakete.
4. PROGRAMAZIO-TAILERRA (16-22 URTE) | GAZTE PROGRAMATZAILEAK MOVING CINEMA X PUNTO DE VISTA
Gazte Programatzaileak Moving Cinema x Punto de Vista ekimenean, 16 urtetik 22 urtera bitarteko gazteei programatzeko aukera ematen zaie; horretarako, hainbat film labur aukeratu eta aurkeztu beharko dituzte jaialdian. Patxi Burillo zinemagileak lagunduta, Gazte Programatzaileek X Films eta Termitak sailetako programekin lotutako zinemagileen hainbat film ikusiko dituzte eta, haien artean hitz egin ondoren, saioa diseinatuko dute eta gazteek berek aurkeztuko dute jaialdian. Gazte Programatzaileak x Punto de Vista ekimena Moving Cinema europar proiektuaren barruan sartzen da; 2014. urtean sortu zuen proiektua A Bao A Qu elkarteak, eta Kultura Ministerioaren laguntza du.
Izen-ematea doan, urtarrilaren 31ra arte, jaialdiaren webgunean: www.puntodevistafestival.com.
Publiko orokorrari irekitako saioa ostiralean, otsailak 28, 20:00etan Civivox Condestablen. Sarrerak otsailaren erdialdean jarriko dira salgai, hemen: www.puntodevistafestival.com.