Punto de Vista jaialdiak bitartekaritza-programa aurkeztu du hiri osoko publikoarengana iristeko

Punto de Vista jaialdiak bitartekaritza-programa aurkeztu du hiri osoko publikoarengana iristeko
2024/01/11

Aurten, haurrentzako tailer bat, familientzako zinema dokumentaleko bi saio, batxilergoko ikasleentzako saio bat Nafarroako Filmotekan eta Gazte Programatzaileak x Punto de Vista ekimenaren beste edizio bat antolatuko dira.

Punto de Vista jaialdiaren hurrengo edizioa Iruñean izanen da, martxoaren 11tik 16ra bitarte, eta programazioaren xehetasunak ematen hasiak dira dagoeneko. Jaialdia Nafarroako Gobernuak sustatzen du eta NICDO sozietate publikoak antolatzen du osorik, eta, aurten ere, ikusle gazteenengana hurbiltzea izanen du xede, bitartekaritza programaren bitartez. Tailerrak, saioak eta jarduerak antolatuta, tonu ireki eta hurbil batetik, familiekin, haurrekin eta nerabeekin elkartrukerako leku bat sortzea lortu nahi da. Eduki horietako zenbait ingurumena zaintzearen garrantziaz sentsibilizatzeko pentsatuta daude, jaialdiaren korronte orokorra baita hori eta, zeharka, programazioa ere hartzen baitu eraginpean.

Horrela, bada, 6-12 urteko haurrentzat tailer bat antolatuko da Civivox Mendillorrin eta, bertan, esperimentazioaren bitartez, argiak, islek eta itzalek naturan duten eragina filmatuko dute; era berean, espazio berean, saio ludiko bat eginen da eta, animaliei buruzko dokumentalen proiekzioez gain, hainbat jolas ere proposatuko dira, Marta Castro ilustratzaileak zuzenean egindako marrazkietan oinarrituta; Baluarten zine saio berri bat izango da, munduko fauna eta flora hobeto ezagutu dezagun eta, hartara, bizidun horiek errespetatzea zein garrantzitsua den ulertuko dugu; eta ikastetxe eta institutuetako ikasleendako saio bat proposatuko da, Gala Hernández zinemagile gaztearen La mecánica de los fluidos filma oinarri hartuta. Interneten bere buruaz beste egiteko ohar anonimo bat da filmaren abiapuntua, eta zuzendariak filma aurkeztuko digu eta, proiekzioaren ondoren, solasaldi batean parte hartuko du. Jarduera horiekin guztiekin batera, Gazte Programatzaileak Moving Cinema x Punto de Vista ekimena antolatuko da segidako hirugarren urtez, 16 urtetik 20 urtera bitarteko gazteek zinema jaialdi batean programatzearen esperientzia bizi dezaten, Civivox Sarearekin eta Nafarroako Gazteriaren Institutuarekin elkarlanean. Izen-ematea zabalik dago jada hemen.

Komunitate gazteenak erakartzeko ildo berari jarraikiz, Punto de Vistak zabaldu du jada Gazteen Epaimahaiko kide izateko izena emateko epea. Gazteen epaimahaia 18-25 urteko hogei bat gaztek osatzen dute, eta Sail ofizialeko film guztien artetik Gazteen Saria nori eman aukeratuko dute. Iaz izandako arrakasta ikusita, Punto de Vistak Nafarroako Gazteriaren Institutuarekin lankidetzan jarraituko du, eta Europako Gazte Txartelaren Nafarroako programaren bitartez, Europako edozein txokotan bizi diren bi titularri epaimahaiko kide izateko aukera emanen zaie. Informazio osoa eta izena emateko aukera aurkituko dituzu hemen.

 

PUNTO DE VISTA 2024 BITARTEKARITZA PROGRAMA

1. HAURRENTZAKO (6-12 URTE) TAILERRA CIVIVOXen | ARGIA FILMATZEA, BIZIA FILMATZEA

Tailerra martxoaren 15ean izanen da Civivox Mendillorrin; bertan, 6 urtetik 12 urtera bitarteko neska-mutilek argiaren aukerak arakatuko dituzte Drac Màgic taldearen eskutik, ekosisteman zer efektu eragiten dituen ikusiko dute, eta eszena txikiak filmatuko dituzte distirekin, islekin edo inguruko zuhaitzen artean ezkutatutako itzalekin esperimentatzen duten bitartean.

Informazio praktikoa:

Ostirala, martxoak 15, 17:30etatik 19:00etara, Civivox Mendillorrin. 6-12 urteko haurrentzat. Prezioa: 2 euro. Izen-ematea urtarrilaren amaieran hasiko da, Civivox sarearen ohiko kanaletan.

 

2. SAIO LUDIKOA FAMILIENTZAT (5 URTETIK AURRERA) | HEGAZTIEN IRLA: ELI ETA BESTE IPUIN BATZUK

Hegaztien irla film laburrez osatutako programa bat da, eta naturarekin solas egitera gonbidatzen gaitu, gauza ezezagunetara hurbiltzea maite duten hiru neskatoren jakin-minez beteriko begiradatik. Saio ludiko horretan, soinuen eta irudien inguruko jolas bat proposatuko dute Drac Màgicekiko lagunek, Marta Castro ilustratzailearen marrazkiekin nahastuta. Martak berak zuzenean eginen ditu marrazkiak filma proiektatzen den bitartean, publikoa naturaren aberastasun bizi eta delikatuan murgiltzeko.

Informazio praktikoa:

Larunbata, martxoak 16, 18:00etatik 19:30era, Civivox Mendillorrin. 5 urtetik gorako haurrak dituzten familientzat. Prezioa: 2 euro. Izen-ematea urtarrilaren amaieran hasiko da, Civivox sarearen ohiko kanaletan.

 

3. FAMILIENTZATKO ZINEMA SAIOA (5 URTETIK AURRERA) | EGUN ON, MUNDUA!

Duela zenbait ediziotatik ohikoa denez, jaialdiaren azken goizean film saio bat proposatuko da familian gozatzeko. Egun on, mundua! saioari esker naturan barrena ibilaldia bat eginen dugu, paperez egindako baina aldi berean oso errealistak diren fauna eta florara hurbiltzeko. Drac Màgic-ek programatutako saioan, uretan eta basoetan bizi diren hainbat espezietako hamar animaliatxo ezagutuko ditugu.

Informazio praktikoa:

Larunbata, martxoak 16, 11:00etan Baluarten. Sarrerak otsailaren amaieran jarriko dira salgai, hemen: www.puntodevistafestival.com.

 

4. IKASLEENTZAKO SAIOA NAFARROAKO FILMOTEKAN | LA MECÁNICA DE LOS FLUIDOS

Ikastetxe eta institutuetako bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleek modu aktiboan parte hartu ahal izanen dute, berriro ere, jaialdian, martxoaren 14an, goizez, Nafarroako Filmotekan eginen den saioari esker. Gala Hernández murtziar zinemagilearen La mecánica de los fluidos filma aurkeztuko da, eta zuzendaria bera ere bertan izanen da dokumentalaren proiekzioan, filma sortzeko prozesuan sakontze aldera. Interneten mundu kitzikagarriari buruzko filma da, eta online foro batean identifikatu ez den eta identifikatu ezin den gazte batek bere buruaz beste egiteko idatzitako oharra abiapuntu hartuta eratzen du trama, detektibe baten ikerketa bat izanen balitz bezala.

Informazio praktikoa:

Osteguna, martxoak 14, 11:00etan Nafarroako Filmotekan. Ikastetxe eta institutuetako bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleentzat. Interesa duten ikastetxeek helbide honetara idazten ahal dute: produccion@puntodevistafestival.com.

 

5. PROGRAMAZIO TAILERRA (16-20 URTE) | GAZTE PROGRAMATZAILEAK MOVING CINEMA X PUNTO DE VISTA

Gazte Programatzaileak Moving Cinema x Punto de Vista ekimenean, 16 urtetik 20 urtera bitarteko gazteei programatzeko aukera ematen zaie; horretarako, hainbat film labur aukeratu eta aurkeztu behar izanen dituzte jaialdian. Patxi Burillo zinemagileak lagunduta, Gazte Programatzaileek X Films eta Termitas sailetako programekin lotutako zinemagileen hainbat film ikusiko dituzte eta, haien artean hitz egin ondoren, saioa diseinatuko dute eta gazteek berek aurkeztuko dute jaialdian. Gazte Programatzaileak x Punto de Vista ekimena Moving Cinema europar proiektuaren barruan sartzen da; 2014. urtean sortu zuen proiektua A Bao A Qu elkarteak, eta Kultura Ministerioaren laguntza du.

Izen ematea doan, otsailaren 15ra arte jaialdiaren webgunean: www.puntodevistafestival.com.

 

Publiko orokorrari irekitako saioa ostegunean, martxoak 14, 19:00etan Civivox Condestablen. Sarrerak otsailaren amaieran jarriko dira salgai, hemen: www.puntodevistafestival.com.

Zerrendara itzuli

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.