Punto de Vistak zinema dokumentalaren sorkuntzari eta ekoizpenari buruzko hausnarketa guneak sortuko ditu Lan sailean

Punto de Vistak zinema dokumentalaren sorkuntzari  eta ekoizpenari buruzko hausnarketa guneak  sortuko ditu Lan sailean
2024/02/08

Sailaren barruan, Termitak programa, ondare zinema dokumentalaren zaintzari buruzko zenbait jarduera eta topaketa profesionalak eginen dira aurten ere

Sail ofiziala iragarri ostean, 2024ko edizioaren xehetasunak ematen jarraitzen du Punto de Vistak, eta oraingoan, Lan sailaren edukiak eman ditu ezagutzera. “Lan” terminoak “uzta” ere esan nahi du euskaraz, eta horrenbestez, zinema dokumentalaren sorkuntza eta ekoizpen prozesuak lantzeko balio dio Punto de Vistari termino horrek. Aurten ere, gure testuinguru hurbileko zinemagile geldiezinei ahotsa emanen die Termitak programak. Horrez gain, ondare zinema dokumentalaren zaintzari buruzko zenbait ekitaldi egingo dira: hitzaldi ilustratu bat, Rosa María Antuña brasildar zinemagile aitzindariaren bi film labur berraurkituren inguruan; emanaldi sorpresa bat, Fernando Martín Peña argentinar artxibozain, ikertzaile eta dibulgatzailearen eskutik; eta gaiari buruzko mahai inguru bat, industriako eragileen eta nazioarteko artxibo eta akademia erakundeen parte-hartzearekin. Azkenik, topaketa profesionalak eginen dira: Napardocs, Zinema Zubiak, mahai inguru bat CIMA eta (H)emen elkarteetako ordezkariekin, Doklab Navarra proiektuen aurkezpena, filmaketa jasangarriei buruzko Spain Film Commission elkartearen eta klusterren REDCAU elkartearen 2023ko txostena, eta nazioarteko programatzaileen eta zinemagileen topaketa profesional bat SGAE Fundazioaren eskutik.

Punto de Vistako saio guztietarako sarrera orokorrak otsailaren amaieran jarriko dira salgai, jaialdiaren webgunean eta Baluarteko leihatilan, azken hori baita jaialdiaren egoitza nagusia. Bestalde, profesional, ikasle eta hedabideentzako akreditazioak eskatzeko epea zabalik dago, otsailaren 29ra arte, eta www.puntodevistafestival.com/es/acreditaciones webgunean egin behar da eskaera.

 

TERMITAK

Hirugarren urtez segidan, panorama zinematografiko alternatibo eta emergentearen berri emanen du Punto de Vistak Termitak sailean. Egileek aurkeztu eta komentatuko dituzte saioak, eta proiekzioak foro formatuan eginen dira, ikusleek zinemagile parte-hartzaileekin egoteko gune bat izan dezaten. Besteak beste, gurean izanen dira Pere Alberó, Elena Duque, Pablo Marín, Hugo Amoedo Canal, Paula González García, Patxi Burillo Nuin eta Diana Castro Sánchez zinemagileak. Filmak proiektatzeaz gain, haiek sortzeko eta ekoizteko prozesuan kontuan hartu beharreko zenbait alderdiri eta materialei buruz mintzatuko dira egileak, proiekzioaren osagarri gisa. Mundu mailako lau estreinaldi eginen dira, eta Espainia mailako bi.

 

Programa 1

Organizar la indisciplina, Pere Alberó, 2023, 83 min. Mundu mailako estreinaldia

Programa 2

Materia vibrante, Pablo Marín, 2024, 7 min. Estreinaldia Espainian

Ojitos mentirosos, Elena Duque, 2023, 6 min. Estreinaldia Espainian

Programa 3

pechar caixas abrir caixas, Hugo Amoedo Canal, 2024, 17 min. Mundu mailako estreinaldia

Elisa, Paula González García, 2023, 19 min.

Programa 4

Muyurina – Itzuli Mitzuli, Diana Castro Sánchez, 2023, 27 min. Mundu mailako estreinaldia

Año y vez, Patxi Burillo eta Landarte Urroz proiektua, 2024, 25 min. Mundu mailako estreinaldia

 

ROSA MARÍA ANTUÑA: EZ-ZINEMAGILE BATI BURUZKO ATZERABEGIRAKOA

Saio honetan, Rosa Maria Antuña (Belo Horizonte, Brasil, 1939) brasildar zinemaren aitzindaria ezagutuko dugu. Denbora luzez ahaztuta egon den arren, Izabela Silva ikertzaile eta zinemagile gaztea hura aldarrikatzen ari da gaur egun. Hirurogeiko hamarkadaren amaierako Brasilen testuinguruan kokatutako bi film labur aitzindari proiektatuko dira: Rosa Rosae (1968) eta Solo (1969). Kontuan izan behar da garai itxiak zirela haiek emakumeentzat. Film horiek oinarri hartuta, hitzaldi ilustratu bat emanen du Silvak, eta azalduko du zaharberritze eta digitalizatze prozesua zaila izan dela, Brasilek ez baitu bere ondare zinematografikoa babes dezakeen egitura publiko sendorik. Era berean, Belo Horizonteko Zinema Eskola aitzindariaren testuingurua ere argituko du Silvak; han ekoitzi zituen Rosa Mariak bere lanak, nahiz eta gero eten egin zen haren zinemagile lana eta ibilbidea, garai hartako brasildar zineman emakumeek bizi zituzten baldintzen ondorioz. Antuñak «ez-zinemagile» izendatu zuen bere burua, baina bere herrialdean film bat zuzendu zuen lehen emakumeetako bat izan zen.

 

FERNANDO MARTÍN PEÑA: LA VIDA A OSCURAS ETA EMANALDI SORPRESA

Enrique Bellanderen La vida a oscuras filmean ikusiko den moduan –Lan sailean ez ezik, Sail ofizialean ere egonen da ikusgai, lehiaketatik kanpo–, Fernando Martín Peñak Buenos Airesen antolatu ohi dituen saio tipikoetan fase guztiak ukitzen ditu: biltegia, programazioa, garraioa, aurkezpena, proiekzioa. Batzuetan –horixe gertatuko da Punto de Vistan ere–, saioan bertan iragartzen du programa. Horrela bada, zinema dokumentaleko proiekzio sorpresa bat aurkeztuko du Martín Peñak formatu fotokimikoan, bere artxiboko filmetan oinarrituta.

 

ONDARE ZINEMA DOKUMENTALARI BURUZKO MAHAI INGURUA

Parisko Cinéma du Réel jaialdiarekin eta Institut Françaisen laguntzarekin, Frantzian eta Espainian ondare zinema dokumentala zaintzeko, banatzeko eta zabaltzeko politikei buruz hitz egiteko topaketa antolatuko da. Frantziako jaialdi entzutetsuak gaiari buruzko jardunaldi bat izaten du, “Rendez-vous Européens du patrimoine documentaire”, eta Europako industriako eta artxiboetako eragileak biltzen dira foro horretan, ondare zinema dokumentala zaintzeko eta zabaltzeko proiektu zehatzei buruz hitz egiteko. Frantzian Cinéma du Réelekin kolaboratzen duten zenbait eragilek parte hartuko dute mahai inguruan, industriako eragileekin eta Espainiako artxibo eta akademia erakundeekin batera.

 

JARDUERA PROFESIONALAK: MAHAI INGURUA, NAPARDOCS, ZINEMA ZUBIAK, DOKLAB PROIEKTUEN AURKEZPENA ETA FILMAKETA JASANGARRIEI BURUZKO TXOSTENA

Aurten ere, zinema dokumentalari buruz hitz egiteko eta elkartrukeak egiteko guneak proposatuko ditu Punto de Vistak, produkzio etxe, sortzaile, elkarte eta jaialdiei begira.

Batetik, “Sormena eta finantzaketa: oreka eta eragina emakumeek egindako ez-fikziozko zineman” mahai ingurua antolatuko da. Zinema dokumentalaren finantzaketarekin eta ez-fikziozko zineman lan egiten duten emakume zinemagileen sormenean eta presentzian duen eraginarekin lotutako gaiak jorratuko dira mahai horretan. Nafarroa, Euskadi eta Akitaniaren arteko koprodukzio aukerei buruz ere hitz eginen da bertan. CIMA elkarteak Nafarroan duen ordezkaritzako eta (H)emen elkarteko ordezkariek osatuko dute mahaia, eta Itziar García Zubiri izango da moderatzailea.

Bestalde, Punto de Vistak eta NAPAR Nafarroako ekoizleen elkarteak bultzatuta, finkatutzat eman daiteke Napardocs; 2018an jarri zen martxan lankidetza hori, eta aurten hiru elkarrizketa mahai eginen dira jaialdiko zinemagile eta gonbidatuen eta Nafarroako sortzaile eta ekoizleen artean. Sorkuntza, ekoizpena eta banaketa ardatz izanen dituzten hiru topaketa eginen dira, NAPAReko bazkideei ez ezik publiko akreditatuari ere irekita. Bestalde, Zinema Zubiak foroa ere antolatuko du NAPARek, eta Euroeskualdeko –Nafarroa, Akitania Berria, Euskadi– ekoizleak elkartuko dira bertan, ezagutza trukatzeko eta lan saio bat egiteko Punto de Vistaren esparruan.

Gainera, Nafarroako dokumentalen Doklab egonaldiak Punto de Vistarekin kolaboratuko du aurten ere, bigarren urtez segidan, eta bere proiektuak adituen epaimahai baten aurrean aurkeztuko ditu. Horrela, beren proiektuak koproduktore, finantzatzaile edo banatzaile posibleei aurkezteko aukera izanen dute parte-hartzaileek.

Azkenik, Spain Film Commission elkarteak eta klusterren REDCAU elkarteak filmaketa jasangarriei buruzko 2023ko txostena aurkeztuko dute, eta ikus-entzunezko industriaren barruan hain beharrezkoa den ikuspegi ekologista horri buruz iaz jasotako datuak aztertuko dituzte.

Zerrendara itzuli

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.