Jaialdiaren hasierako eta amaierako protagonistak Miñuca Villaverderen Tent City eta Frans van de Staak-en Sepio izanen dira, hurrenez hurren
Aurten 900 film inguruk eman dute izena, jaialdiko sariak irabazteko aukera izanen duten hamar film luzeak eta zazpi film laburrak tartean.
Gaur ezagutarazi da Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren Sail Ofiziala , Iruñean otsailaren 24tik martxoaren 1era egingo dena. Nafarroako Gobernuak sustatu eta NICDO sozietate publikoak antolatzen duen jaialdiaren hemeretzigarren edizioa aurkeztu da, eta sail garrantzitsuenetako batean sartu diren hamazazpi filmak iragarri dira. Guztira, hamar film luze eta zazpi film labur izanen dira jaialdiko sarietarako hautagai.
Sail Ofizialeko film garrantzitsuenei dagokienez, José Luis Sepúlveda eta Carolina Adriazola txiletarren Cuadro negro film luze berriaren munduko estreinaldia izanen dugu, zinema garaikidean erreferentzia diren pertsonak, eta Estatuko zinemagile gazteen bi film ere mundu osoan lehen aldiz izanen ditugu ikusgai (emilio hupe-ren El viento que golpea mi ventana eta Ramon Balcells-en A), Wonwoo Kim hegokorearraren Writing Poems at the End of the World film laburrarekin batera. Bereziki aipatzekoa da Maddi Barber eta Marina Lameiroren azken filma, Cambium, Nafarroan estreinatuko dugula, nazioarteko jaialdi garrantzitsuetan barna ibili ondoren, hala nola Visions du Réel, (Nyon, Suitza) edo Rencontres Internationales Paris/Berlin jaialdietan.
Bertzalde, hasierako eta amaierako saioetan bi obra historiko eskainiko dira; izan ere, bere garaian ez ziren oso estimatuak izan, eta jaialdiak beste ikuspegi batetik begiratuta berreskuratu nahi izan ditu. Otsailaren 24an, Tent City (1980) proiektatuko da, Miñuca Villaverde zinemagile kubatar aitzindariaren dokumental bakarra eta, jarraian, solasaldi bat eginen dugu zinemagilearekin berarekin, haren senar eta kolaboratzaile Fernando Villaverde idazle eta zinemagilearekin eta José Luis Aparicio programatzailearekin. Iaz, dokumentalen ondare zinematografikoaren inguruko lankidetza abiarazi zuen Punto de Vistak Cinéma du Réel (Paris) jaialdiarekin eta Kataluniako Filmategiarekin, eta azken kolaborazio horren baita txertatzen da programazioa, Miñuca Villaverderen Tent City filma ez ezik, gainerako lanak ere zaharberritu baitituzte. Amaierako proiekzioan Frans van de Staak zinemagilearen Sepio (1996) filma izanen dugu ikusgai; izan ere, aurtengo edizio honetan, zinemagile nederlandarrari buruzko zikloa antolatu dugu jaialdian –jatorrizko herrialdetik kanpo egiten den lehen zikloa izanen da–, Herbehereetako Enbaxadaren eta Eye Filmmuseum erakundearen laguntzarekin, eta zikloari bukaera emanen dion proiekzioa izanen da.
Sail Ofiziala, aurten ere, aniztasun zinematografiko global aberatsaren adierazgarri dugu, mundu osotik etorritako filmekin. 900 film inguruk eman zuten izena, eta hautatutakoak hamahiru herrialdetatik datoz: Alemania, Argentina, Belgika, Kanada, Txile, Kolonbia, Hego Korea, Espainia, Frantzia, Irlanda, Libano, Palestina eta Tunisia. Bertze alde batetik, estreinaldiak ugari direla ere nabarmendu behar dugu. Film guztiak lehen aldiz aurkeztuko dira lurralderen batean: munduko lau estreinaldi, nazioarteko lau estreinaldi, Europako estreinaldi bat, Espainiako zazpi estreinaldi izanen dira eta Nafarroako estreinaldi bat.
Punto de Vista jaialdiaren Sail Ofizialeko filmak epaimahaiek emandako sariren bat irabazteko lehian arituko dira, dela Nazioarteko Epaimahaiak, dela Gazte Epaimahaiak banatuko baitituzte sariak, baita jaialdiko ikus-entzuleek berek ere, martxoaren 1ean, larunbatarekin, Baluarten eginen den amaierako galan. Sari hauek banatuko dira: Film onenaren Punto de Vista sari nagusia –10.000 euro–, Zuzendari onenaren Jean Vigo saria –5.000 euro–, Film labur onenaren saria –3.000 euro, EITBren babesarekin–, Publikoak hautatutako Film onenaren sari berezia –1.650 euro– eta Gazteek hautatutako Film onenaren saria, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren laguntzarekin –1.500 euro–. Eta, gainera, Nazioarteko Epaimahaiak bi aipamen berezi ere ematen ahal ditu, diru-saririk gabe. Gazte Epaimahaiko kide izateko izen-emate epea zabalik dago urtarrilaren 31ra arte, webgunean.
Anna Brufau, Frédérique Monblanc, Lucía Salas eta Pablo García Canga arduratu dira aurten Sail Ofizialeko filmak hautatzeaz, Manuel Asín Punto de Vista jaialdiaren zuzendari artistikoarekin batera, programazio-batzordean.
Punto de Vista 2025 Sail Ofiziala:
Punto de Vista 2025eko irudia: Magdalena Orellanak berrinterpretatutako eklipsea
Magdalena Orellana artista eta zinemagileak mugimenduarekin eta eguzkiarekin lotutako collage sorta bat egin du eta, film batek bezalaxe, elkarrarazi eta bildu egiten gaitu, eta jakin-mina sorrarazten digu. Irudiaren abiapuntu hiru argazki dira, Iruñean izandako eguzki-eklipse batenak. Argazki horiek 1900. eta 1901. urteetakoak dira, eta Orellanak berak aurkitu zituen, proiektu honetarako erreferentzia bisualak bilatzen ari zela. Paperak ez daudenez finkatuta, gertaera iragankor eta errepikaezinen espiritua dario diseinu bakoitzari; ez dute parekorik bertsio bakoitzean. Punto de Vista 2025eko karteletarako proposamen honetan, jaialdia topagunetzat hartzen da: hainbat komunitate orbitan darabiltzan leku bat, film baten proiekzioa ikusteko esperientzia izanik ardatz. Magdalena Orellana (Buenos Aires, 1990) zinemagile eta diseinatzaile argentinarra Madrilen bizi da, eta Buenos Airesko Unibertsitateko Diseinu Fakultatean, ECAMen eta Elías Querejeta Zine Eskolan jaso du trebakuntza; azken horretan grabatu zuen eta ZINEBIn estreinatu zen Todo esto es aún más intenso si a esa hora tardía se visita a un amigo para ver cómo le va film laburra. Bere lanak ikusgai izan dira, besteak beste, Arte Ederren Zirkuluan, The Film-Makers' Cooperative eta Cineteca Madrid erakundeetan, baita Tabakaleran ere. 2022an, Punto de Vistako X Films atalean parte hartzera gonbidatutako zinemagileetako bat izan zen Magdalena.
Dagoeneko ezagutarazi den programazioa: Fokuak, Lan, X Films edo Bitartekaritza-programa
Abenduko lehen asteetan, Punto de Vista jaialdiko programazioaren lehen edukiak iragarri ziren. Sarrera orokorrak otsailaren erdialdera jarriko dira salgai, eta profesional eta ikasleentzako akreditazioak eskatzen ahal dira jada, jaialdiaren webgunean.
Fokuak atalean, bi atzerabegirako programatuko dira, Frans Van de Staak (1943-2001) zinemagile nederlandarraren obrarena bata, eta Anne-marie Faux zinemagile frantsesaren obrarena bestea. Gainera, Miriam Martín programatzaile eta zinemagileak azken lau urteotan landu duen ingurune naturalari buruzko sailaren entrega berri bat ere proposatuko da: Adiós a los animales. Lan atalaren baitan, jaialdiaren inaugurazio-saioa eginen da, eta bertan emanen da Kataluniako Filmotekak berriki digitalizatu duen Miñuca Villaverderen Tent City lana; Termitas atalean, berriz, agertoki nazionalean berriak diren obrak biltzen dira; eta bi hitzaldi ere eskainiko dira zinema dokumentalari aplikatutako adimen artifizial sortzailearen jardunbide alternatiboei buruz. Bertzalde, X Films atalean, Huarte Zentroarekin lankidetzan, Pablo Casanueva zinemagile eta sortzaile bisuala gonbidatuko da egonaldi artistikoa egitera, 2025ean Nafarroan grabatzeko entsegu dokumentalaren proiektu bat garatzeko. Gainera, Celia Viada Casoren X Films 2024 proiektua estreinatuko da: Volver a casa tan tarde.
Azkenik, Punto de Vista jaialdian iruindar ikus-entzule gazteek hartuko dute lekukoa aurten ere, Bitartekaritza Programaren bitartez; izan ere, haurrentzako bi tailer antolatuko dira, Gazte Programatzaileak ekimenaren beste edizio bat –doan eman daiteke izena urtarrilaren 31ra arte, webgunean–, familientzako zinema-saio bat eta batxilergoko ikasleentzako beste saio bat Nafarroako Filmotekan.