Punto de Vista jaialdiak bere 20. edizioa egin du, eta zinema garaikidearen erreferente gisa finkatu da nazioartean

Punto de Vista jaialdiak bere 20. edizioa egin du, eta zinema garaikidearen erreferente gisa finkatu da nazioartean
2026/04/30

Topaketak 6.300 parte-hartzaile bildu ditu, eta indartu egin ditu nazioartean duen hedapena eta sormenezko zinema dokumentalaren alde egiten duen apustua, etapa artistiko berri bat hasi baitu

Datorren urtean, martxoaren 8an, astelehenarekin, hasiko da jaialdi honen hogeita batgarren edizioa

Nafarroako Gobernuak sustatzen du eta NICDO sozietate publikoak antolatzen du Punto de Vista zinema dokumentaleko nazioarteko jaialdia, eta aurten hogeigarren edizioa egin du apirilaren 20tik 25era. Zifra sinboliko horrek proiektuaren sendotasuna berretsi du bi hamarkadako ibilbidearen ondoren, eta, gainera, etapa berri bati hasiera eman dio, Miquel Martí Freixas zuzendari artistikoaren gidaritzapean. Orain, gainera, topaketak iragarri du 2027an martxoaren 8an, astelehenarekin, hasiko dela bere hogeita batgarren edizioa, Emakumearen Nazioarteko Egunean, hain zuzen ere.

Sei jardunalditan zehar, Iruñea zinema garaikidearen topagune bihurtu da berriro ere, eta 6.300 ikusle eta parte-hartzaile bildu ditu, publiko orokorraren, sektoreko profesionalen, ikasleen eta akreditatutako pertsonen artean. Proiekzioak, jarduera paraleloak eta ez-fikziozko zinemaren egungo formen inguruan hausnartzeko espazioak konbinatu ditu aurtengo programazioak. Akreditatutako pertsonen kopuruari dagokionez, 383 izan dira guztira, haien artean 189 profil profesional, 123 ikasle eta prentsako 52 ordezkari. Kopuru horiei gazteentzako beste bi programa espezifiko gehitu behar zaizkie: 14 gaztek parte hartu dute Gazteen Epaimahaian, eta 5 gazte programatzailek. Oraingoan inskripzio-kopuru nabarmen handiagotik hautatu dira gazte horiek, guztira 160 eskaera inguru izan baitira. Horrek esan nahi du ekimen horiekiko gero eta interes handiagoa dutela nerabeek eta gazteek.

Edizio honek sei atal nagusiren bidez egituratu du bere proposamena —Sail ofiziala, Fokuak, Lan, Ricercata, X Films eta Txinparta—, eta Amerika, Asia, Europa eta Afrikatik etorritako 90 film bildu dira 66 saiotan. Sail ofizialean 19 titulu izan dira, hauxe da, zazpi film luze, film ertain bat eta hamaika film labur. Aurtengo edizioa bere aniztasun formal eta geografikoagatik nabarmendu da, mundu-mailako lau estreinaldi, nazioarteko estreinaldi bat eta nazio-mailako hamalau estreinaldi izan baitira, jaialdiko sari nagusiak eskuratzeko lehian. Valeria Lemesevskayaren I lit the Fire! filmak irabazi zuen Film Onenaren Punto de Vista Sari Nagusia. Bestalde, Víctor Ladari Jean Vigo saria eman zioten, Sin ton ni son filmarengatik; Anna Vasofen 3cm of Complexity filmak Film Labur Onenaren Saria jaso zuen; Carlos Casasen Krakatoa filmak Publikoaren Sari Berezia irabazi zuen, Film Onenari, eta Adrián Canouraren Fomos Ficando Sós filma, berriz, Film Onen gisa aukeratu zuen Gazteen Epaimahaiak. Gainera, Nao Yoshigairen Masayume eta Maryam Tafakoryren Daria 's Night Flowers filmek Epaimahaiaren Aipamen Bereziak jaso zituzten. Gainera, Lan atalaren barruan, El porvenir de lo cinematográfico. Mutaciones y persistencias elkarrizketa antolatu zen, eta Punto de Vistako hiru zuzendari artistikok parte hartu zuten: Josetxo Cerdanek, Oskar Alegriak eta Manuel Asinek.

Berriz ere, merkataritza-zirkuituetan nekez ikusten diren obretan jarri du arreta programazioak, jaialdiak aurkikuntza-gune gisa duen nortasuna sendotuz. Horren harira, Punto de Vistak indartu egin du zinemaren alde egin duen apustua, esplorazio estetiko eta politikorako lurralde gisa, zeharkako ibilbideen bitartez. Horri esker, hainbat ikuspegi tematiko bildu ditu programazioak, hala nola, Lurra, Gure gorputzak, Bizi garen planeta, Muga salba(ezin)garriak, Bizitza trazuak eta Hurbil zaitez Punto de Vistara, ikasleentzako ibilbide espezifikoaz gain.

Jaialdiak 125 gonbidatu inguru izan ditu, besteak beste, zinemagileak, programatzaileak, ikertzaileak eta bestelako kultur eragileak, eta aurkezpenetan, topaketetan eta jarduera profesionaletan parte hartu dute, jaialdiaren nazioarteko izaera indartuz. Horien presentziak erreferentziazko gune bihurtu du Punto de Vista, proiekzioen programaziotik haratago, zuzeneko harremana bultzatzen baitu ikusleen eta zinemako funtsezko ahotsen artean. Nafarroan generoa gustuko duten pertsonentzat, balio erantsiko aktiboa da, aukera ematen baitu nazioarteko sortzaileekin eta lurraldeko ohiko zirkuitu kulturalean egon ohi ez diren profesionalekin zuzeneko elkarrizketak, eztabaidak eta esperientziak izateko. Hala, aberastu egiten da tokiko kultura-bizitza, eta zabaldu egiten dira zinema ikasteko eta deskubritzeko aukerak.

Jarduera bederatzi egoitza nagusitan banatu da —Baluarte, Golem Zinemak, Nafarroako Unibertsitateko Museoa, NUP, Nafarroako Filmoteka, Oteiza Museoa, Civivox Condestable, Civivox Pompelo eta Civivox Mendillorri—. Beste gune batzuk ere erabili dira, Txintxarri, Tarantula eta Laba esaterako, musika-programazioari lotuak, horiek berriz ere parte hartu baitute jaialdiaren esperientzian; izan ere, zortzi jarduera eskaini dituzte, kontzertuak, DJ saioak eta Radio 3ko zuzeneko musikarekin egindako programak, besteak beste.

Hogeigarren edizio honetan, jaialdi arduratsuaren ereduarekiko konpromisoa indartu du Punto de Vistak. Irisgarritasuna izan da lehentasunetako bat, Baluarten aurrera eramandako lan-ereduaren ildotik. Horrez gain, jasangarritasunaren arloan aurrera egin da, materialak murriztu dira, garraio jasangarria bultzatu da eta tokiko hornitzaileekiko lankidetza indartu da. Gainera, Mrs. Greenfilm zigilua eskuratzeko lan egin da, kanpotik ikuskatutako hobekuntza-plan baten bidez.

Jaialdiak eutsi egin dio, halaber, genero-berdintasunaren, kontziliazioaren eta espazio seguruak sortzearen aldeko apustuari. Horretarako, El Globo Rojo Ludoteka jarri du abian, eta, horri esker, familiek eta zaintzaileek parte hartu ahal izan dute ekitaldian. Era berean, Iruñeko Udalaren Indarkeria sexistarik gabeko aisialdia ekimenari atxiki gatzaizkio. Familiaren testuinguruan, aipatzekoa da larunbat goizeko jardunaldia. Hartan, zine- eta planetario-saio bat antolatu zuen Iruñeko Planetarioak, eta 200 lagunek baino gehiagok parte hartu zuten neska-mutilen eta haien familien artean.

Bestalde, jaialdiaren nazioarteko hedapena indartu egin da erakundeen eta kulturaren arteko lankidetza-sare zabal baten bidez, besteak beste, ICAA, Acción Cultural Española, SGAE Fundazioa, Iruñeko Udala, Huarte Zentroa, Nafarroako unibertsitate publikoak, EITB, Nafarroako Filmoteka, Valentziako Filmoteka, Galiziako Filmoteka, Cineteca Madrid, Navarra Music Commission, CIMA, Courtisane Festival, Elias Querejeta Zine Eskola edo Radio 3. Horri gehitu behar zaio sare profesionalekin egiten den etengabeko lana, honako hauekin, besteak beste: Navarra Film Industry, NAPAR, Doklab Navarra eta (H)emen, ikus-entzunezko ekosistema indartzen laguntzen baitute.

Testuinguru horretan, jaialdiak jarraitzen du zinema dokumentalaren nazioarteko sarearen barruan duen zeregina finkatzen, bai eta elkartrukerako duen bokazioa indartzen ere, erreferentziazko eragile eta proiektuekin lankidetzan arituz, hala nola FIAP (Zinematografia Ekoizleen Elkarteen Nazioarteko Federazioa) edo DAE (Documentary Association of Europe), bere proiekzioa handituz eta irudi garaikideen inguruan pentsamendu kritikoa sortzeko duen gaitasuna areagotuz.

Hogeigarren edizio honekin, Punto de Vistak, hogei urteko ibilbidea ospatzeaz gain, ziklo berri bat ireki du Miquel Martí Freixasen zuzendaritzapean, Manuel Asinen (2022 – 2025) eta 2005ean sortu zenetik jaialdiari forma eman dioten zuzendari artistikoen lekukoa hartuz. Jarraipen horrek proiektuaren identitatea indartzen du, eta, aldi berean, esplorazio-ildo berriak irekitzen ditu Nafarroako zinema dokumentalaren etorkizunerako.

Zerrendara itzuli

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.