Punto de Vista Jaialdiak Fokuak sailaren programazioa iragarri eta sail berria aurkeztu du: Ricercata

Punto de Vista Jaialdiak Fokuak sailaren programazioa iragarri eta sail berria aurkeztu du: Ricercata
2026/02/11

Jaialdiak 20. urteurrena ospatuko du apirilaren 20tik 25era, Iruñean, Miquel Martí Freixas zuzendari artistiko berriaren gidaritzapean

Punto de Vista Jaialdiak aurkeztu ditu apirilaren 20tik 25era Iruñean egingo den edizio berriaren sailetako bi. Hala, Miquel Martí Freixas zuzendari artistiko berriaren lemapean, Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiak bere 20. urteurrenerako programazioaren lehen aurrerapen bat egin du. Alde batetik, Fokuak, kontzeptu baten edo zinemagile baten obraren inguruko atzera begirako zikloak; bestetik, Ricercata izeneko sail berria, hizkuntza zinematografikoaren bilaketetan eta esperimentazioan sakontzen duena, bai eta beste praktika artistikoekiko elkarrizketetan ere.

Nafarroako Gobernuak babestutako eta NICDO elkarte publikoak antolatutako jaialdiak bi Foku monografiko proposatzen ditu aurten: Eulien artean —erreferentzia eginez behaketa bidezko zinema dokumentalaren esaldi ospetsuari: «kamera paretan dagoen euli bat izango balitz bezala filmatzea»— eta Iragankortasunaren iraunkortasuna —gogoeta egiteko ikus-entzunezko errealitate berriari buruz, inguratzen gaituena sare sozialen bidez erretratatzen duten edukien leherketatik abiatuta—. Eta hirugarren foku bat, Alia Syed indiar-galestar jatorriko zinemagilearen obrari eskainia. Gainera, Iragankortasunaren iraunkortasuna fokua abiaburu izango da Punto de Vistak urtero ekoizten duen argitalpenerako, Inés Calerok editatua aurten: Interneteko irudi amateurren eta ikus-entzunezko lanen kreazioaren arteko harremana aztertuko duen liburua, artikuluez eta zinemagileei, sortzaileei eta gaian adituak diren pertsonei eginiko elkarrizketez osatua.

Ricercatari dagokionez, hainbat programa biltzen ditu. Hala nola  Forever Young: Zinema erliebean —ibilbide bat 3D zinema esperimentalaren historian barrena, Blake Williams zinemagileak programatua, eta publikoak lau motatako betaurreko tridimentsionalekin deskubrituko duena—, Zinema denen artean —Hiruki Filmak ekoiztetxearen egitasmoa, Nafarroako bi herritako biztanleak gonbidatu zituena beren komunitateen kontakizun filmiko bat sortzera—, eta Termitak —Espainiako eszena emergentearen obrak biltzen dituena—.

Bestetik, dagoeneko prest dago prentsarako, profesionalentzako eta ikasleentzako akreditazioak eskatzeko sistema, jaialdiaren webean. Publikoarentzako sarrerak jaialdia egin aurreko asteetan egongo dira salgai.

 

Fokua: Eulien artean

Xavier Nueno ikertzaile eta idazleak programatutako foku honek aztergai du nola desartikulatu den paretako euliaren begirada Harvardeko Sensory Ethnography Lab-en duela gutxiko dokumental sail batean. Lucien Castaing-Taylor laborategiaren sortzaileak —atzerrian ospe handia duen zinemagile eta figura teorikoa— masterclass bat emango du Oteiza Museoan, begirada etnografikoa desbideratzera eta munduan inplikatzeko modu berrietan arakatzera gonbidatzen duten lau programak biribiltzeko. Txinako hiri instantaneoetatik hasi eta Guatemalako gatazka armatuaren arrastoetaraino, Papua Gineako Hubula natiboen eta estatubatuar esploratzaileen arteko harremanetatik edo Palestinaren historiatik igarota. Daphne Xu, Parker Hatley, Ernst Karel, Veronika Kusumaryati, Diana Allan eta Jumana Mannaren filmak proiektatuko dira.

 

Fokua: Iragankortasunaren iraunkortasuna

Gaur egungo gizadiak bere burua erretratatzen du, eta erretratu hori erregistratzen du egunero sare sozialetan. Foku hau oinarritzen da paradigma garaikide hauek jorratzen dituzten zinemagile eta artisten lanean, eta Interneteko artxiboko pelikulak ditu abiapuntu. Lan iragankorrak, helburu izango dutenak hainbat programa bidez aktualitatea islatzea, iraunkortasuna emateko lan horiei. Alemaniako NEOZOON bikote artistiko femeninoak solasaldi bat gidatuko du, eta solasaldi horretan, pelikulen laburpenak aurkezteaz gain, beren kreazio eta garapen metodoei buruzko hitzaldia emango dute. Publikoarekiko elkarrizketan, gogoeta egingo dute aurkitutako materialari buruz eta narratiba sozial, politiko eta ekologikoei buruz.

 

Fokua: Alia Syed

Laurogeiko hamarkadatik hasita, Alia Syedek arlo pertsonala eta historikoa uztartu ditu bere obra zinematografiko esperimentalean, generoan, lekuan, diasporan eta kolonialismoan arakatuz, narratiba linealetatik ihes eginez, gainezarpenaren eta errepikapenaren bidez. London Film-Makers’ Co-operative-n trebatutako Syeden lanak bateratzen ditu zinema estruktural-materialista eta garaiko bulkada feminista, identitatea, memoria eta alienazioa jorratzeko, indiar-galestar jatorriko britainiar emakume gisa duen esperientziatik abiatuta. Hauxe da Estatuan egingo den Syeden lanari buruzko lehen atzerabegirako sakon eta zehatza, eta sortzailearen bost hamarkadako ibilbidea erakutsiko du, 16 mm-ko lehen filmetatik hasi eta gaztetako asiar-eskoziar hezierari erreparatuta azkenaldian egin dituen lanetaraino, nazioarteko proiekzio zabalarekin eta María Palacios Cruz idazle eta akademikoaren komisario lanarekin.   

 

Ricercata: Forever Young: Zinema erliebean

Hiru programatan zehar, Blake Williams estatubatuar zinemagileak ibilbide bat egingo du 3D zinema esperimentalaren historian barrena. Ikusleek lau motatako betaurrekoak (Anaglyph, Pulfrich, ChromaDepth eta Diffraction) jantzi beharko dituzte saio  entretenigarri hauez gozatzeko. Williamsek esplikatuko du nola sortu diren pelikulak, haien berezitasun bisualak eta ilusio optikoak, eta ikusleek betaurreko mota bat edo beste erabili beharko dute, efektu horiez gozatzeko.

 

Ricercata: Zinema denen artean

2025ean, Hiruki Filmak ekoiztetxeak —Marina Lameirok, Garazi Erburuk eta Ione Ateneak sortua— martxan jarri zituen bi ikus-entzunezko proiektutan, bi nafar udalerritako biztanleak —Aurizberri eta Lerga— gonbidatu zituzten beren komunitateen nondik-norakoak azalduko zituzten bi film sortzera. Hortik sortu diren Ziarraize eta Kukuaren Kanta film laburrak saio honetan proiektatuko dira, protagonistak bertan direla.

 

Ricercata: Termitak

Aurreko edizioetan bezala, Termitak izango da Estatuko eszena dokumental heterodoxo eta berritzaileenaren erakusleihoa. Hiru programa izango ditu eta Carlos Mora Fuentes, Anna Berkhof, Aitor Gametxo, Julia Mellen eta Xiana do Teixeiroren filmak proiektatuko dira. Proiekzioen osagarri, egileak beren filmak sortzeko eta ekoizteko prozesuaz arituko dira, eta publikoak solasaldi horietan parte hartu ahal izango du.

Zerrendara itzuli

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.