Honako hauek bilduko ditu: haurrentzako bi tailer, familientzako saio bat Iruñeko Planetarioarekin elkarlanean, bi saio institutuetako eta batxilergoko ikasleekin Iruñeko Filmotekan, Gazte Programatzaileentzako programaren berrikuntza eta zabalkundea Civivoxen eta, azkenik, hiru saio Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta Nafarroako Unibertsitatearekin (Komunikazio Fakultatea eta Nafarroako Unibertsitatea Museoa) elkarlanean
Punto de Vista jaialdiak (Iruñea, apirilaren 20tik 25era) Txinparta iragarri du, jakinmina eta begiratzeko irrika sorrarazteko xedea duen atala, gazte jendeari eta familiei zuzendua. Sua piztean gertatzen den partikula argitsu txiki horrek –txinparta– bezala, ekimenak txanda hartzen dio aurreko Bitartekaritza programari, haren hedadura handituz eta, tailerren, proiekzioen eta zinemagileekin egindako topaketen bidez, Iruñean komunitatea sortzeko bokazioa indartuz.
Bost ekintza lerroren inguruan egituratzen da Txinparta: bi tailer haurrentzat, zinema astronomiarekin uztartuko duen saio bat familientzat, proiekzioak eta topaketak unibertsitateetan, saioak institutuetan eta Moving Cinema Gazte Programatzaileak + Punto de Vista finkatzeko saioa. Jarduera sare horrek entzule guztiei hurbiltzen die zinema, partekatutako esperientzia, esperimentazio gune eta gogoetarako tresna gisa. Txinpartaren bidez, jaialdiak adinak eta espazioak gainditzen dituen ingurune bat proposatu nahi du: eskuz zeluloidearekin jostatzetik unibertsitateko gogoetetara, familiaren murgiltze esperientziatik memoriari, migrazioari edo sorkuntza artistikoari buruzko eztabaidara. Begirada berriak osatzeko eta etorkizuneko belaunaldiei laguntzeko apustu irmoa, zinema esparru bizi gisa deskubritu dezaten.
Honenbestez, Txinpartak haurrentzako bi tailer eskainiko ditu Tekno Fantasy lantaldearen eskutik: Objetos fantásticos, apirilaren 24an, ostirala, Pompelo Civivoxen, 6-9 urteko haurrentzat, eta Animación sin cámara, apirilaren 25ean, larunbata, Mendillorriko Civovoxean, 9-12 urteko gaztetxoentzat. Larunbat horretan, 11:00etan, Baluarteko Ganbera Aretoan, Iruñeko Planetarioarekin elkarlanean, zinema eta astronomia uztartzen dituen saioa eskainiko da familientzat. Unibertsitateen esparruan, Nafarroako Unibertsitatea Museoa, Komunikazio fakultatearen eskutik, Letter to the Editor eta BENITA proiekzioen egoitza izango da apirilaren 20an eta 21ean, 12:00etan, eta bertan izanen da Alan Berliner zuzendaria, zinema dokumentalaren arloko funtsezko zinemagilea, Puntu de Vista jaialdian eta jaialdi horren aurrekariak izandako jaialdietan hainbat aldiz parte hartu ondoren berriz ere Iruñera itzuliko dena. Apirilaren 22an, 12:00etan, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Celia Viada Casok hitzaldi ilustratu bat eskainiko du X Films proiektuaren Volver a casa tan tarde filma dokumentatzeko eta sortzeko prozesuaren inguruan, filmak sari ugari jaso baititu aurten. Gainera, Nafarroako Filmotekak bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleentzako bi saio egingo ditu apirilaren 24an, ostirala, Les Voyageurs proiektatuta, David Bingong zuzendariak gidatuta migrazioari buruzko hausnarketa planteatzeko. Azkenik, Moving Cinema Gazte Programatzaileak x Punto de Vista atalak beste urte batez zabaldu du deialdia 16 eta 20 urte bitarteko gazte talde bat jaialdi batean programatzeko prozesuan murgildu dadin benetako esperientzia baten bidez, apirilaren 24an, ostirala, Kondestable Civivoxen egingo den saioaren bidez. Punto de Vista jaialdia laugarren urtez eskaintzen ari den programa hori, Patxi Burillo zinemagilearen laguntzarekin, hazi egingo da aurtengo edizioan gazte taldeari urtean zehar saioak asmatzen eta laguntzen jarraitzea proposatzeko, jaialdiak Nafarroako Filmotekarekin eta Civivox sarearekin duen lankidetzari esker.
TXINPARTA 2026. EGITARAUA
1. HAURRENTZAKO TAILERRAK CIVIVOXEN (6-12 URTE)
Tailer honek animazioaren oinarrizko printzipioak ikasteko bi gailuren eraikuntza eta esplorazioa proposatzen ditu. Alde batetik, Toupi Fantoche delakoa, zinemaren aurrekaria, ispiluek eratutako piramide baten bidez animazio bat ikustea ahalbidetzen duena; bestetik, marrazkietatik eta ebakinetatik animazio sakonak sortzeko mini multiplano bat. Tailerra Tekno Fantasy lantaldeak gidatuko du; argiekin, proiekzioekin eta gailu analogikoekin esperimentatzeko 2023an sortutako espazioa da, eta Tabakaleran antolatzen den topaketarekin lotua da.
Informazio praktikoa:
Apirilak 24, ostirala, 17:30etan, Pompelo Civivoxen. 6-9 urteko haurrei zuzendua. Izen emateak Civivox sarearen kanaletan.
16 mm-ko film batean zuzenean esku hartzeko gonbita: zeluloidean marraztea, zulatzea, urratzea eta pintatzea, kamerarik gabeko animazio teknika historikoak esploratuz. Tekno Fantasy lantaldeak sortutako tailerrari burura eramandako piezen proiekzioak jarriko dio ginga, agerian geratuko da nola solastatzen diren irudia eta soinua biak eskuz sortzen direnean.
Informazio praktikoa:
Apirilak 25, larunbata, 11:00etan, Mendillorriko Civivoxen. 6-12 urteko gaztetxoei zuzendua. Izen emateak Civivox sarearen kanaletan.
Iruñeko Planetarioarekin elkarlanean, Punto de Vista jaialdiak irudimenean oinarritutako saio bat proposatuko du, irudimena baita aurkikuntza astronomiko handien eragile nagusia, hain zuzen ere Nafarroak abuztuaren 12an biziko duen eguzki eklipse osoaren urtean. Solar Walk eta Home Away 3000 film laburrak proiektatu ondoren, 6-12 urte bitarteko gaztetxoek kupulan murgiltzeko esperientzia biziko dute, eta datorren eklipseari buruzko sekretuen berri izango dute, familia osoarentzako jolasetan eta jardueretan parte hartzeko aukerak izateaz gain.
Informazio praktikoa:
Apirilak 25, larunbata, 11:00etan Baluarten. 6 urtetik gorako haurrei zuzenduta. Sarrerak salgai martxoaren amaieratik aurrera www. puntodevistafestival. com helbidean eta Baluarteko leihatiletan.
Jaialdiaren lankidetza sarea zabaltzen ari da proiekzio sorta bati eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren eta Nafarroako Unibertsitatearen (Komunikazio Fakultatea eta Nafarroako Unibertsitatea Museoa) eskutik zinemagileekin egingo diren topaketei esker.
Alan Berliner zinemagile estatubatuarraren Letter to the Editor (2019) filmaren proiekzioa. Filma oso-osorik dago The New York Times egunkariaren berrogei urtetik gorako argitalpenetako ebakinetan oinarrituta. Memoriari, informatzeko obsesioari eta aro digitaleko kazetaritzaren eraldaketari buruzko zinema saioa da. Aurkezpena eta solasaldia Alan Berliner, Teresa Morales de Álava (Punto de Vista jaialdiko zuzendari exekutiboa) eta Efrén Cuevas (Nafarroako Unibertsitateako irakaslea) adituek gidatuta.
Informazio praktikoa:
Apirilak 20, astelehena, 12:00etan, Nafarroako Unibertsitatea Museoan. Sarrerak salgai NUMen kanaletan eta, martxoaren amaieratik aurrera, www.puntodevistafestival.com helbidean eta Baluarteko leihatiletan.
BENITA (2025) filmean, Alan Berliner zuzendariak New Yorkeko Benita Raphan zinemagilearen hil ondorengo erretratu bat eraikitzen du. Sorkuntzari, doluari eta besteak guztiz ezagutzeko ezintasunari buruzko gogoeta da.
Aurkezpena eta solasaldia Alain Berlinerrekin eta Nafarroako Unibertsitateko irakasle Efrén Cuevasekin.
Informazio praktikoa:
Apirilak 21, asteartea, 12:00etan, Nafarroako Unibertsitatea Museoan. Sarrerak salgai NUMen kanaletan eta, martxoaren amaieratik aurrera, www.puntodevistafestival.com helbidean eta Baluarteko leihatiletan.
Celia Viada Caso zinemagileak Nafarroako Unibertsitate Publikoan aurkeztuko du Volver a casa tan tarde (2025) sortzeko prozesua. Proiektu hori jaialdiko X Films programaren testuinguruan garatu da, eta ikerketa artistikoaren inguruko materialak, metodologiak eta hausnarketak partekatuko dira.
Informazio praktikoa:
Apirilak 22, asteazkena, 12:00etan, NUPen (Los Madroños eraikina, Nicolás Oresme aretoa). Sarrerak salgai martxoaren amaieratik aurrera www. puntodevistafestival. com helbidean eta Baluarteko leihatiletan.
Txinparta atalak elkarrizketa bat sorraraziko du bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleekin David Bingong zuzendariaren Les Voyageurs (2025) filmaren proiekzioarekin. Filmak zuzendariaren beraren eta beste gazte kamerundar batzuen esperientzia gogorarazten du, orain dela hamar bat urte Marokoren eta Espainiaren arteko muga zeharkatzen saiatu baitziren kamera bat eskuan hartuta. Saioan zuzendaria, Teresa Morales de Álava (Punto de Vista jaialdiko zuzendari exekutiboa) eta Inés Calero (Punto de Vista jaialdiko hautapen batzordeko kidea) izango dira.
Informazio praktikoa:
Bi saio apirilaren 24an, ostirala, 9:30etan eta 12:00etan, Nafarroako Filmotekan. Bigarren hezkuntzako eta batxilergoko ikasleei zuzendua. Interesa duten ikastetxeak produccion@puntodevistafestival.com helbidean jar daitezke gurekin harremanetan.
5. PROGRAMAZIO TAILERRA (16-20 URTE) | MOVING CINEMA GAZTE PROGRAMATZAILEAK X PUNTO DE VISTA
Moving Cinema Gazte Programatzaileak x Punto de Vista-k 16 eta 20 urte bitarteko gazteentzako programazio gunea finkatzen du. Gazte horiek X Films eta Termitas programekin lotutako film laburren saio berezi bat hautatuko eta aurkeztuko dute. Taldeak Patxi Burillo zinemagilearen laguntza izango du. Proiektu hau A Bao A Qu elkarteak sustatutako Moving Cinema ekimen europarraren zati da, eta Kultura Ministerioaren babesa du. Berrikuntza gisa, taldeak beste egoitza lankide batzuetara zabalduko du bere programazioa urtean zehar, hala nola Nafarroako Filmotekara eta Civivox sarera, Txinpartaren izaera zabala indartuz.
Izen ematea doakoa da, eskuragarria apirilaren 7ra arte jaialdiaren webgunean: www.puntodevistafestival.com.
Ikusteko eta prestatzek saioak: apirilak 10, ostirala (17:30etatik 20:30etara), apirilak 11, larunbata (10:30etatik 13:30etara eta 15:30etatik 18:30etara) eta apirilak 12, igandea (10:30etatik 13:30etara).
Jendaurreko saioa apirilaren 24an, 20:00etan, Kondestable Civivoxen. Sarrerak eskuragarri martxoaren amaieratik aurrera www.puntodevistafestival.com helbidean. Luze gabe iragarriko dira jaialdiaren ostean egingo diren saioak.