Punto de Vista jaialdiaren Lan sailak gogoetarako eta profesionalak elkartzeko guneak eskainiko ditu

Punto de Vista jaialdiaren Lan sailak gogoetarako eta profesionalak elkartzeko guneak eskainiko ditu
2026/03/18

Sailaren programazioaren barruan daude zinemaren geroari buruzko elkarrizketa bat, jaialdiaren hiru zuzendari artistiko ohirekin, eta sektoreko elkarte eta eragileekin antolatutako hainbat jarduera profesional.

Jaialdiaren programazioaren hainbat atal iragarri ondoren —Sail Ofiziala, Fokuak, Ricercata, X Films eta Txinparta—, Punto de Vista jaialdiak jarraitzen du aurtengo edizioaren edukien berri ematen, Lan sailaren aurkezpenarekin: zinema dokumentalaren inguruko sorkuntza, ekoizpen eta pentsamendu prozesuei eskainitako saila. Punto de Vistaren Lan sailak topaketak, elkarrizketak eta jarduera profesionalak antolatzen ditu urtero, gogoeta egiteko ez-fikziozko zinemaren orainari eta geroari buruz.
 
Edizio honetan, Zinemagintzaren etorkizuna. Mutazioak eta iraunkortasunak izeneko elkarrizketan, Elsa Fernández-Santos kazetariak moderatzaile lanak  egingo ditu jaialdiak hainbat etapatan izan dituen hiru zuzendari artistiko bilduko dituen saio batean: Josetxo Cerdán (2010–2013), Oskar Alegria (2015–2017) eta Manuel Asín (2022–2025). Gainera, programak hainbat jarduera profesional proposatuko ditu, sektoreko elkarte eta eragileekin elkarlanean: besteak beste, konferentzia ilustratu bat, CIMAren eta (H)emen elkartearen eskutik, berriki hil den Mirentxu Loyarteri eskainia; Napardocs lan mahaiak, NAPAR ikus-entzunezkoen ekoizleen elkartearekin batera antolatuak; eta DokLab Navarra egonaldi proiektuen aurkezpen publikoa.
 
Jaialdiaren saio guztietarako sarrerak salgai jarriko dira martxoaren amaieran, jaialdiaren webean eta Baluarteko leihatiletan. Bestetik, profesionalentzako, ikasleentzako eta hedabideentzako akreditazioak online eska daitezke, apirilaren 10era arte.
 
Elkarrizketak: Zinemagintzaren etorkizuna. Mutazioak eta iraunkortasunak
 
Punto de Vista jaialdiaren bi hamarkadetan, zinemak eraldaketa historiko ikaragarria izan du. Aurrekaririk gabeko iraultza teknologiko batek eragin duen eraldaketa izan da, eta oso zaila da gaur egun jakitea zer norabide hartuko duen. Premisa horretatik abiatuta, jaialdiak elkarrizketan jarri nahi ditu hiru zuzendari artistiko ohi: Josetxo Cerdán (2010–2013), Oskar Alegria (2015–2017) eta Manuel Asín (2022–2025). Elkarrizketaren helburua izango da, hiru gonbidatuen ikuspegietatik, gako batzuk eskaintzea ikus-entzunezkoaren oparotasun betean zinemak izan dezakeen etorkizunari buruz, gogoeta egitea zinemaren ondarea gordetzearen garrantziaz, eta arakatze lana egitea bidegurutze betean dagoen arte baten etorkizuneko bideetan. Elsa Fernández-Santos kazetariak egingo ditu moderatzaile lanak, eta Miquel Martí Freixas jaialdiaren zuzendari artistiko berriak ere hartuko du hitza.
 
Jarduera profesionalak
 
Punto de Vistaren Lan sailak berriro proposatuko ditu elkartzeko eta trukerako hainbat gune, ikus-entzunezkoen sektoreko profesionalentzat, zinemagileentzat eta zinema dokumentalari lotutako ekoizle eta elkarteentzat.
 
CIMA eta (H)emen mahaia
Konferentzia ilustratua: Hurbil(etik) begiratu. Mirentxu Loyarteren oihartzuna egungo zinema dokumentalean
 
Mirentxu Loyarte euskal zinema dokumentalaren aitzindariari eskainitako konferentzia ilustratua. Saioan, Loyarteren Irrintzi (1978) filma proiektatzeaz gain, gogoeta egingo da sortzaile iruindarrak egungo zineman utzitako ondareari buruz, Iratxe Fresneda Irrintziaren oihartzunak (2016) filmaren egile, ikerlari eta zinemagilearen eskutik. Alboan izango ditu Miquel Martí Freixas jaialdiaren zuzendari artistikoa eta Teresa Morales de Álava zuzendari exekutiboa.
 
Napardocs
 
Punto de Vistak eta NAPAR Nafarroako ikus-entzunezkoen ekoizleen elkarteak beren elkarlana sendotu dute, Napardocs edizio berri baten bidez, Nafarroako sortzaileak, ekoizleak, zinemagileak eta jaialdiko gonbidatuak bilduko dituen elkarrizketa profesionalerako gunea. Programak hiru mahai izango ditu, prozesu zinematografikoaren hainbat arlori eskainiak —sorkuntza, ekoizpena eta banaketa—, eta zabalik egongo dira bai NAPAReko bazkideentzat bai jaialdiaren akreditazioa duen publikoarentzat.
 
DokLab Navarra
 
DokLab Navarra zinema dokumentaleko egonaldien egitasmoak elkarlanean jarraitzen du Punto de Vista jaialdiarekin, bere programan sortutako proiektuen jendaurreko aurkezpenen bidez. Saioan, parte-hartzaileek beren lanak erakusteko aukera izango dute, sektoreko adituen epaimahai baten aurrean, helburua izanik elkarrizketa profesionala bultzatzea eta proiektuetarako garapen, finantzaketa eta hedapen aukera berriak zabaltzea.

Zerrendara itzuli

Bultzatzailea
Gobierno de Navarra
Antolatzailea
NICDO
Laguntzaileak
Con la financiación del Gobierno de España. Instituto de la Cinematografía y las Artes Audiovisuales Acción Cultural Española Plan de Recuperación, Transformación y Resiliencia Financiado por la Unión Europea. NexGenerationEU
volver_arriba

Geure cookie eta bitartekoenak erabiltzen ditugu helburu hauetarako:

Zure ekipoan instalatzen diren cookieak konfiguratzeko, hautatu ala desautatu cookien aukerak, eta, ondoren, sakatu "Gorde hobespenak" botoia.
"Cookie guztiak onartu" botoian klik egitean, onartu cookie guztiak instalatzea.
Halaber, "cookieak errefusatu" botoiaren bidez, ukatu egiten du horien guztien erabilera.
Klikatu hemen gure Cookie Politikari buruzko informazio gehiago lortzeko.