Ekitaldia apirilaren 20an (astelehena) hasiko da, Alan Berliner-en Benita filmarekin eta hilaren 25ean (larunbata) amaituko da Sergio Oksman-en Una película de miedo / A scary movie filmarekin
Aurten, 900 film inguruk eman dute izena Sail Ofizialerako, eta horien artetik aukeratu dira jaialdiko sarietarako lehiaketan parte hatuko duten zortzi film luzeak eta hamaika film laburrak
Gaur goizean eman da ezagutzera Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren Sail Ofiziala. Jaialdi horren 20. urteurrena ospatuko da apirilaren 20tik 25era Iruñean. Hemeretzi filmek osatuko dute topaketako programa askotarikoenetako bat. Zehazki, zortzi film luzek eta hamaika film laburrek izanen dute jaialdiko sariak jasotzeko aukera.
Hautatutako filmen artean, Carlos Casas, Gala Hernández López, Rocío Mesa, Adrián Canoura, Adrià Expòsit-Goy eta Víctor Ladera zinemagile eta artisten ekoizpen berrienak daude, Espainian lehen aldiz ikusten ahalko direnak. Horietaz gain, beste hainbat zinemagileren nazioarteko tituluak ere izanen dira, hala nola honako hauenak: lMaryam Tafakory, Sarah Vanagt, Teresa Arredondo eta Tania eta Semillites Hernández-en koerrealizazioa.
Sail ofizialean 900 film inguruk eman dute izena, eta mundu osoko hemezortzi herrialdetan ekoitzitako filmak biltzen dira sail horretan, besteak beste herrialde hauetan ekoitzitakoak: Argentina, Mexiko, Japonia, Espainia, Qatar, Grezia, Iran, Erresuma Batua, Txile, Italia, Austria, Bielorrusia, Kuwait, Kirgizistan, Grezia, Frantzia, Portugal edo Belgika. Ekoizpen guztiak estreinaldiak dira lurralderen batean. Zehazki, munduko lau estreinaldi, Europako estreinaldi bat eta Espainiako lau estreinaldi izanen dira.
Punto de Vista Jaialdiaren Sail Ofizialeko filmak epaimahaiek emandako sariren bat irabazteko lehian aritzen ahalko dira, dela Nazioarteko Epaimahaiak —geroago iragarriko denak—, dela Gazte Epaimahaiak banatuko baitituzte sariak, baita jaialdiko ikus-entzuleek berek ere, apirilaren 25ean, larunbatarekin, Baluarten eginen den amaierako galan. Sari hauek banatuko dira: Film onenaren Punto de Vista sari nagusia —10.000 euro—, Zuzendari onenaren Jean Vigo saria —5.000 euro—, Film labur onenaren saria —3.000 euro, EITBren babesarekin—, Publikoak hautatutako Film onenaren sari berezia —1.650 euro— eta Gazteek hautatutako Film onenaren saria, Nafarroako Gazteriaren Institutuaren laguntzarekin —1.500 euro—. Eta, gainera, Nazioarteko Epaimahaiak bi aipamen berezi ere ematen ahal ditu, diru-saririk gabe. Gazteen Epaimahaiko kide izateko, martxoaren 27ra arte ematen ahalko da izena webean.
Inés Calero, Ekhiñe Etxeberria, Antonio Miguel Arenas eta Margot Mecca dira, Miquel Martí Freixasekin batera —Punto de Vistako zuzendari artistiko berria aurtendik aurrera—, Sail Ofizialeko filmen aukeraketa egiteaz arduratzen den programazio-batzordea osatzen dutenak.
2026ko Punto de Vistaren Sail Ofiziala:
Alan Berliner eta Sergio Oksman zinemagileen lanik berrienak dira jaialdiari hasiera eta amaiera emanen dietenak
Punto de Vista apirilaren 20an (astelehena) hasiko da, Benita filmaren emanaldiarekin. Film hori Alan Berliner zinemagile estatubatuarraren film berriena da. Zinemagile horrek askotan parte hartu du jaialdi honen ibilbidearen hainbat unetan. Oraingo honetan, Berlinerrek Benita Raphan zinemagilearen hil osteko erretratua egin du, Raphan-en testu, soinu eta irudietan oinarrituta, egilearen familiak —Berliner haren aholkulari eta lagun izan zen— Raphan-ek amaitu gabe utzitako film labur bat bukatzeko proposatu baitzion. Eskatu ziotena bete ezin zuenez, zuzendariak Raphanek utzitako artxibo pertsonal zabalean —koadernoak, marrazkiak, argazkiak, etxeko filmak eta berrogei disko gogor baino gehiago— murgiltzea erabaki zuen, oroitzapenak eta familia-loturak aztertzen oso trebea zela baliatuta, sorkuntza artistikoari, minari, bakardadeari eta bizitzaren misterioari buruzko gogoeta egiteko. Gainera, Berlinerrek beste jarduera batzuetan parte hartu zuen Txinpartaren esparruan (gazteenei eskainitako atala, laster iragarriko dena), Nafarroako Unibertsitatearekin (UNAV) eta Nafarroako Unibertsitatearen Museoarekin (NUM) lankidetzan.
Ekitaldiaren amaiera apirilaren 25ean izanen da eta Sergio Oksman-en lan berria ikusten ahalko da: Una película de miedo / A scary movie. Proposamen horrek bere filmografia osoan agertzen den eremu intimo eta familiarrean kokatzen du berriro zinemagile brasildarra. O futebol (2015) dokumentalean, bere aitarengana hurbiltzeko bidaia bati ekin zion Brasilen; orain, ordea, Oksman Portugalera joan da oporrak Nuno semearekin batera igarotzera ia inor ez dagoen hotel zahar batean, leku hori ezin hobea baita gaztearen ametsa betetzeko: beldurrezko film ikaragarri bat filmatzea. Jolasen, mamuen eta oroitzapenen artean —elementu horiek A story for the Modlin family (2012) filma gogorarazten dute—, zinemagileak familiaren artxiboak, aitona-amonen oroitzapena, banantzearen esperientzia eta etorkizuneko ziurgabetasunak aztertzen ditu, aitak eta semeak, gaur egun, beldurrezko zinemaren kodeak birsortzen dituzten bitartean. Horren guztiaren emaitza gailu zinematografiko bizi bat da, bizi-ibilbideak eta fikzio partekatuak elkartzen dituena eta oroitzapenaren orrialde idatziak eta oraindik idazteke daudenak aurrez aurre jartzen dituena.
2026ko Punto de Vistaren irudia: hogei ahots hogei urte irudikatzeko
Punto de Vistaren 20. urteurrenaren irudia hogei urteko ibilbidean zehar jaialdian parte hartu duten zinemagileen hogei testigantza eta ahotsen audio-espektrogramen itzulpen grafikotik sortu da, ahots horiek aztarna, oroitzapen eta presentzia bihurtuz. Soinu-material horretatik abiatuta, bost irudi sortu dira, eta lau ahotseko bost taldetan txandakatu eta antolatu dira, gainjartzea, erritmoa eta durundia oinarri dituen ikus-sistema bat ezartzeko. Pieza hori Pr0t0c0lectiv0 kolektiboak soinuaren, bibrazioaren eta feedback-fenomenoen inguruan aspaldidanik egiten duen ikerketaren barnean sartzen da. Testuinguru horretan, jaialdiaren irudiak soinu-dimentsioa hartzen du, begirada entzutera bideratzen da eta zineman soinuak ikus-entzunezko hizkuntzaren egiturazko elementu gisa duen garrantzia azpimarratzen da. Horrela, beraz, lanak jaialdiaren beraren oihartzunaren metafora bisuala proposatzen du: jaialdia trukerako espazio bat da, non ahotsak elkarrizketan aritzen diren, eraldatzen diren eta anplifikatzen diren. Oihartzun horrek Nafarroako kulturaren arloko komunitatea eta herritarrak, bertako artistak eta eragileak zeharkatzen ditu, eta kanporantz proiektatzen da, eta, horren ondorioz, Punto de Vista nazioarteko topagune, esperimentaziogune eta proiekziogune gisa finkatzen da.
Pr0t0c0lectiv0 2018an sortutako eta Iruñean finkatutako talde artistiko bat da, artea eredu bihurtzea helburu duena. Bere praktika artistikoak hainbat diziplina aztertzen ditu hainbat formatutan, hala nola instalazioa, ikerketa eta erakusketa.
Programazioaren lehen aurrerapenak: Fokuak eta Ricercata
Duela gutxi, Punto de Vistak programazioaren lehen aurrerapena iragarri zuen, edizioa egituratuko duten bi atal aurkeztu baitzituen: Fokuak —kontzeptu edo ibilbide zinematografikoen inguruko atzera begirako zikloak—, eta Ricercata —hizkuntza zinematografikoa aztertu eta esperimentatzen duen eta hizkuntza zinematografikoa beste praktika artistiko batzuekin harremanetan jartzen duen atal berria—.
Jaialdiak, Fokuak atalean, honako hauek proposatzen ditu: alde batetik, Eulien artean, behaketa bidezko zinema dokumentalaren ingurukoa; bestetik, Iragankortasunaren iraunkortasuna, sare sozialen aroko irudien ugaritzeari buruzko hausnarketa; eta, azkenik, Alia Syed indiar-galestar jatorriko zinemagileari eskainitako fokua. Azken ardatz hori abiaburu izango da Punto de Vistak urtero ekoizten duen argitalpenerako, Inés Calerok editatua aurten. Bestalde, Ricercatak hainbat programa bilduko ditu, hala nola Forever Young: zinema erliebean, ibilbide bat 3D zinema esperimentalaren historian barrena; Zinema denen artean, parte hartzeko Nafarroako komunitateetan garatu den proiektu bat; eta Termitak, Espainiako eszena emergentearen obrak biltzen dituena.