Jendeak galdetzen didanean nola izan naitekeen baikorra orain politika aurrerakoiaren edo arte subertsiboaren aukerei dagokienez, esaera bat daukat: 'Konfiantza handiagoa dut nire etsaiengan nire lagunengan baino.. Ziur nago nire etsaiek gauza eskandalagarri errepresiboenak egiten jarraituko dutela, eta, beraz, kanpoan egonarazten zaienek edo artifizialki eta indarrez erreprimituak izaten ari direnek matxinada bat gogoraraziko dutela ezinbestean. Abangoardia esaten dioguna sortzen duen bultzada artistikoaren boterea ezin da gainditu; berriro altxatuko da beti.
Amos Vogel
Argazkia: Amos Vogel & Alexander Horwath, 1993. Viennale/Austrian Film Museum
Amos Lurralde Miresgarrian
2012ko apirilean, Amos Vogel 91 urterekin hil zenean, New York Times egunkarian argitaratu zuten heriotza oharrean ageriko gertaera bat adierazi zen: "Zinemaren historian eragin handia izan zuen, zinemagile ez diren beste gutxik erreklama dezaketen modukoa". "Jarraian, Martin Scorsese-ren aipu bat: "Gizona erraldoi bat zen. "Horrelako gizon bati bere jaiotzaren ehungarren urteurrenean erabateko justizia egiteko ahalegina porrot halaber erraldoia izatera bideratuta dago. Film sorta honekin espero dezakegun gauza bakarra zera da, Amosen zenbait ñabardura –kuradore, idazle, sortzaile eta kultura zinematografikoaren irakasle gisa utzi duen ondarea– gogora ekartzea eta haren bideari jarraitzea: onena soilik hautatzea, baina burokratismoa saihestea.
Amos Vogel(baum) Vienako familia judutar aurrerakoi batean jaio zen, eta VIII. mendeko kritikari sozial eta profeta baten omenez jarri zioten izen hori. "Viena Gorria"ren hamarkada legendarioan hazi zen, eta austro-faszismoaren eta Austriako 1938ko "Anschluss" nazionalsozialistaren garaian egin zuen bigarren hezkuntza. Filmak eta liburuak maite zituen, baina literatura idazle izateko bere plana ez zen gauzatu, zeren, biziraun ahal izateko, New Yorkera erbesteratu behar izan baitzuen nerabezaroan.
1947ko udazkenean, Manhattango New School for Social Research eskolako ikasle zelarik oraindik, Vogelek eta bere emazte Marciak Cinema 16 sortu zuten, hau da, "zinemazale helduentzako elkarte zinematografiko bat"; "beste tokietan ikusi ezin ziren filmak" botatzen zituzten, eta kategoriak gainditzen dituzten konbinazioak eginez programatzen zituzten film horiek. Cinema 16 elkarteak zentsuraren eta film komertzialen emanaldien arauak saihestea lortu zuen, eta gerrarteko Europan zinekluben mugimenduaren promesa biziberritu zuen; izan ere, 7000 kide izatera iritsi zen. Ipar Amerikako kultura zinematografikoaren goraldia indartzeko adimenaren organismo nagusi bihurtu zen 50eko eta 60ko hamarkadetan.
1963. urtean, Vogelek Cinema 16 itxi zuen, haurrentzako liburu bat idatzi zuen eta New Yorkeko Zinema Jaialdiaren sortzaile eta zuzendarietako bat izan zen. Baina 60ko hamarkadaren amaieran, zinema jaialdi bat izan zitekeenari (eta ez izan beharko lukeenari) buruzko ideiak ez ziren, jada, bateragarriak Lincoln Center-en gailendu zen kulturarekin hau da, diru-kopuru handien, adimen maila ertainen eta pentsamolde itxien kulturarekin. Vogelek irakaskuntzan jardun zuen, eta irakurle helduei zuzendutako liburu bat pentsatzen hasi zen. Pennsylvaniako Unibertsitatean luzaroen jardun zuen irakaslea izan zen (1973-91); eta Film as a Subversive Art (1974) liburua zinemari buruzko inoizko argitalpenik ikonikoena (eta ikonografikoena) zela frogatu zen. Bi jarduera horiek bere bizitza osoko keinua areagotu zuten; hain zuzen ere, ikusi zuena eta ulertu zuena beldurrik gabe partekatu eta adierazteko keinua, eta ikusi eta ulertu zuen hori honako hau zen, batik bat: artearen eta zinemaren boterea, eta haren mugak historiari dagokionez.
1993. urtean ezagutu genuen Amos lehen aldiz. Hitzaldi bat ematera itzuli zen Vienara; hitzaldiaren izenburua honela itzuli liteke: "Zuhurtziarako deia" edo "Susmorako eskaera". Eszeptiko eta sozialista antidogmatikoa zen; gizon biziki arrazionala, zinemaren indar erdi-hipnotikoak eta irrazionalak goraipatzen zituena; modernista bat, Wunderkammer delakoaren kontzeptu premodernoan, "artea" eta "bitxikeriak" oraindik bereizi gabe zeuden kontzeptuan murgiltzen zena. Egin nahi diogun omenaldian espiritu hori berreskuratu nahi dugu, baita agertzen zitzaizkion eta lasaitzen zuten beste espirituren batzuk ere. Ez gara haren programak bikoizten ari, baina guk hautatutako filmen erdia baino gehiago idatzi zituen edo ikusgai jarri zituen Amosek. Programa bakoitzak atariko elementu bat du (Paul Cronin-i esker) eta film luze bakar bat - haren lekua hartu zezaketen askoren ordezko bat (Buñuel, Herzog, Chytilová edo Garrel). Amosen programetan bezalaxe, konfrontazio eta animazio asko dago, baita zientzia eta sexua ere. Eta unean uneko ekoizpenarekin egunean egoteko ahalegina egiten zuenez beti, badira artista gazteen film berriak ere, gazteegiak haren ikus eremuan sartu ahal izateko.
Beti izan zen Aby Warburg-en ñabardurarik Vogelen ikuspegian: arte historialariaren memoria bisualeko eta kultura asoziazioko jolas serioak. Programa hau, halaber, "Mnemosyne-ren atlas" modura ikus daiteke, Amos Vogelen omenez.
Alexander Horwath eta Regina Schlagnitweit
Alexander Horwath Vienan (Austria) jaio zen, 1964an, eta idazlea eta, komisarioa da; Vienako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren (1992-97) eta Austriako Zinemaren Museoaren (2002-2017) zuzendaria izan zen. Hainbat liburu argitaratu ditu, hala nola komisariotza zinematografikoa, 60ko eta 70eko hamarkadetako Estatu Batuetako zinema, abangoardiako zinema, Josef von Sternberg eta Ruth Beckermanni buruzkoak, eta Amos Vogelen Film as a Subversive Art-en Alemaniako berrargitalpena egin du. Vienako Arte Ederren Akademiaren kontseiluko kide da eta zinemaren historia irakasten du Vienako Zinema Akademian.
Regina Schlagnitweit Linzen (Austria) jaio zen, 1964an, eta komisario independentea, idazlea eta liburuen eta katalogoen editorea da. Musikologian lizentziaduna da, eta Max Steinerri eta Hollywoodeko 30eko eta 40ko hamarkadetako zinemako musikari buruzko tesia egin zuen. Castingetan lan egin du, bai eta zuzendari laguntzaile gisa ere Richard Linklater, Egon Humer, Karin Berger eta Peter Ily Huemerrekin. 2002tik 2018ra Austriako Zinemaren Museoko Programazio Saileko burua izan zen.
Atzera begirakoa Espainiako Filmategian, Cineteca Madrilen eta Kataluniako Filmategian izango da.